Marisol Garmendia Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ustez, «erakunde guztien artean» topatu behar da Balenciagarentzako irtenbidea, eta ez da Espainiako Gobernuaren kontua soilik. Hori esanda, Zumaiako ontziolaren egoeraren ardura Eusko Jaurlaritzarena eta Gipuzkoako Aldundiarena ere badela eman du aditzera Garmendiak, gaur goizean Balenciagako langile batzordearekin bilera egin ondoren.
Espainiako Gobernuaren ordezkariak arindu egin nahi izan du erakundeak Balenciagaren egungo egoeran izan duen pisua. Ontziola hartzekodunen konkurtsoan dago joan den astetik, Ekonomia Ministerioaren mendeko Cofides enpresa publiko-pribatuak berregituraketa planari ezezkoa eman ondoren.
Garmendiak zuhurtasuna eskatu du Cofidesen ezezko horri dagokionez, «dena ez baita zuria edo beltza, hemen gris asko baitaude». Haren ustez, «enpresaren gerentziak bere bertsioa izango du, baina kontuan izan behar da ministerioaren bertsioa, eta baita beste eragileena ere. Ministerioa ez da hartzekodun bakarra: ontziolak zor handiagoak ditu zenbait bankurekin». Gaineratu du ez duela irtenbidea oztopatzeko moduko adierazpenik egin nahi.
Balenciagak pandemia garaian jasotako laguntzak Europatik datozela azaldu du Garmendiak, eta Batasunaren araudia bete behar dutela, «zeinak mugak jartzen dizkien erakunde publikoen ekintzei, ez soilik maileguak emateko, baita maileguak berreskuratzeko ere». Gobernuaren ordezkariaren arabera, Europako araudiak agintzen duena baizik ez du egin Cofidesek.
Ikusi gehiago
«Gogoratu behar da Balenciagak lehen ere Estatuaren sostengua izan duela bolada oso konplikatuetan, pandemia garaian», esan du Garmendiak, eta gogoratu bideragarritasun plan bat ezartzeko 12 milioi euroko laguntza izan zela 2022an: «Eta hori ez da bete».
Gaineratu duenez, Ekonomia eta Industria Ministerioa «lanean ari da lege esparruaren barruan aukera posible guztiak bilatu, baloratu eta aztertzeko, lanpostuei eta jarduerari eutsi nahian».
Haren ustez, irtenbideak «posiblea, egingarria eta onargarria izan behar du, eta erakunde guztien artean topatu behar da; ez da Espainiako Gobernuaren kontua soilik: Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak ere lagundu behar dute proiektu hau ekonomikoki bideragarria izan dadin».
Manifestazioa arratsaldean
Balenciagako langile batzordeko presidenteak, David Tejerak, ahal den guztia egiteko eskatu die erakundeei. «Lan karga badugu, eta finantzaketa falta da aurrera egiteko. Ez da zilegi orain gu albo batera uztea».
Gaur arratsaldean manifestazioa egingo dute Zumaian, 18:00etan, ontziolatik bertatik abiatuta, Balenciaga ez itxi leloarekin.
Gaur egun, 71 behargin ditu ontziolak, eta enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean daude abuztutik. Enpresak bost ordainsari zor dizkiela salatu zuten asteartean egindako prentsaurrekoan.
Urteak daramatza finantzaketa arazo handiekin, 80 milioi euroko zorrari aurre egin ezinik. Urrian, hasieran ematen zuen izkin egingo ziola hartzekodunen konkurtsoari, udan maileguak itzultzeko epeak berriz negoziatu baitzituen hartzekodunekin, eta Donostiako merkataritza auzitegiak oniritzia eman baitzion. Baina, Cofidesen ezezkoarekin, badirudi itxi egin dela aukera hori. Beste aukera bat, aurretik ere aipatu izan dena, zera izan daiteke: inbertsiogile bat agertzea lan karga aurrera ateratzeko.
Euskal inbertsiogile baten bila
Hain zuzen, atzo Balenciagako langileen ordezkariek beste bilera egin zuten erakundeekin, Jaurlaritzak deituta, eta alde guztiek iritzi zioten proiektuarekin jarraituko duen inbertsiogile industrial bat izatea dela irtenbidea Zumaiako ontziolarentzat.
Jaurlaritzak inbertsiogile hori bilatzeko konpromisoa agertu zuen bilera ostean plazaratutako agirian: «Industria proiektu bideragarri eta denboran iraunkorra abian jartzea lortuko duen inbertsiogilea, segida emango diona ontziolaren jarduerari, eta batez ere kalitatezko enplegua bermatuko duena».
Inbertsiogile hori Euskal Herrikoa izatea nahiago dutela gaineratu dute erakundeek eta langileen ordezkariek. «Eta hori posible ez bada, beste aukerak zabalduko dira, proiektua eta enplegua babesteko».
Industria Saileko ordezkariez gain, Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia sustapeneko kideak eta Zumaiako alkatea izan ziren bileran langileen ordezkariekin.
Guztiek adierazi zuten kezka ontziolaren eta batez ere hango langileen egoeraz. Eta alde guztiek arbuiatu zuten Cofidesen «jarrera intrantsigentea».
Zer da Cofides?
Compañia Española de Financiacion del Desarrollo enpresa publiko bat da, eta haren egiteko nagusia Espainiako enpresek atzerrian egindako inbertsioei sostengua ematea da, bai baliabide propioekin, bai Espainiako Gobernuak emandako publikoekin. Cofidesek, hori bai, finantzaketa eman zien pandemiaren ondorioz kaudimen arazoak zituzten enpresei, eta Balenciaga izan zen haietako bat, zeinak 12 milioi euroko mailegua jaso zuen.
Cofidesen kontrola publikoa bada ere (%53), haren kapitala mistoa da, eta jabeen tartean daude Santander, BBVA, Sabadell eta CAF-Latinoamerika eta Kariberako Garapen Bankua.