Manu Aierdik dimisioa eman zuenetik bi urte pasatu diren honetan, kanpainaren atarian, Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiko magistratuak ikertu gisa deklaratzera deitu du Garapen Ekonomikoko kontseilari ohia.
Epaileak egindako eskaeran, Aierdirekin batera Sodena sozietate publikoan esertzen ziren beste goi kargudun publiko batzuk ere deklaratu beharko dute: hala nola, Pilar Irigoien Sodenako zuzendari ohia —kargutik kendu zuen gobernuak pandemiaren hasieran enpresaburuentzat Sodenak erositako maskaren auziaren ondorioz—; Izaskun Goñi departamentuko kabineteburua; Yolanda Blanco, industria zuzendaria eta Maitena Ezkutari, turismo zuzendaria.
Guztiak ere Sodenako kontseilariak izan ziren 2015 eta 2017 artean —Izaskun Goñi egun kontseilari da oraindik—. Aurreko legealdian, epe horretan, Sodenak orotara Davalorri 2,6 milioi euroren laguntzak eman zizkion Davalorri.
Gainera, epaileak ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Juan Jose Marcos Davalorren sustatzailea eta Javier Baztarrika Iniciativas Empresariales aholkularitza etxeko zuzendari eta enpresaren eta Aierdiren arteko bitartekari aritutakoa.
Davalor 2011. urtean sortu zen. Taxoaren zuen egoitza. Ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina konplexu bat garatu zuen. Teknologia garatzeko bazkideak bilatu zituen, eta laguntza eske jo zuen Sodenara.
2015 eta 2017 bitartean, kinka larrian izanagatik, enpresaren alde egin zuen Sodenak. Arrisku kapitaleko sozietate gisa zailtasunetan diren edo estrategikoak diren proiektuetan inbertitzea da bere zeregina, eta Davalor irizpide horien barruan zegoela onartu zuen administrazio kontseiluak.
Alta, Davalorrek ez zuen lortu bideragarritasun plana aurrera ateratzea. Orotara, ia 20 milioi euroko zorra zuen 219 hartzekodunekin. Nagusienetako bat izan zen Sodena. Hainbat aldiz egon zen parlamentuan Aierdi, 2,6 milioi euroko diru laguntzaren berri ematen.
Alta, UPNk uste zuen Sodenak ez zuela dagozkion protokoloak bete. Prebarikazioa eta diru publikoa xahutu izana leporatuta, salaketa aurkeztu zuen. 2020 amaieran Aierdi kontseilari zenez, forudun izaera zuen, eta Gorenak auzia ikertzea deliberatu zuen. Ondorioz, aurreko legealdian egindako aldaketa batean zehaztu zenez ikertuek dimisioa eman behar dutela, kargua utzi behar izan zuen Aierdik 2021eko urtarrilean.
Ikusi gehiago: Manu Aierdik dimisioa aurkeztu du
Geroa Baik UPNri auzia politikoki erabili nahi izatea leporatu zion. Aierdiren tokia Mikel Irujok hartu zuen.
Ordutik ez da auziari buruzko informaziorik zabaldu. Orain, kanpainaren atarian etorri da Sodenako goi kargudunen deklarazio eskaera.