Mantso, baina balazta sakatu gabe. Iazko bigarren hiruhilekotik erritmo iraunkorrean hazten ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, eta Eustatek emandako azken datuek joera hori berretsi dute. Izan ere, apiriletik ekainera bitarte, %1,8ko urte arteko hazkunde tasa izan zuen barne produktu gordinak —uztailean aurreratutako datu bera, alegia—. Zehazki, aurreko hiruhilekoetan baino apur bat bizkorrago handitu da BPGa, iazko bigarren hiruhilekotik %1,5 eta %1,7 arteko tasak kateatu baititu.
Urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %0,4 hazi da jarduera ekonomikoa batez beste, eta, ondorioz, uztailaren 22an aurreratutako datua baieztatu du orain Eustatek. Aurreko bi hiruhilekoetan %0,5eko tasak izan ostean, apiriletik ekainerako tarte horretan hamarren bat motelago jardun du ekonomiak.
Hamarren baten gorabeheran, Eusko Jaurlaritzak urte osorako egindako %1,9ko aurreikuspenaren bidetik jarraitzen du. Euroaren eremuari begira, gainera, azkarrago hazten ari da ekonomia: euroa duten herrialdeetan batez beste %0,6 handitzen ari da ekonomia.
Lurraldeka, baina, moteltzea areagotu egin da Araban: %1,4 handitu baita jarduera iazko bigarren hiruhilekoko datuekin alderatuta. Aitzitik, Bizkaian eta Gipuzkoan ekonomia %1,9ko erritmoan handitu da urtebetean. Nafarroari dagokionez, ikusteko dago ostiralean zer datu ematen duen Nastat erakundeak, baina, uztailaren 30ean aurreratutakoaren arabera, koska bat bizkorrago hazten ari da bertako ekonomia: %2,5.
Industria, beherantz
Eskaintzari dagokionez, industriaren beheranzko joera baieztatu da bigarren hiruhilekoan. Izan ere, apiriletik ekainera, %0,4 handitu da industria jarduera iazko epe bereko datuekin alderatuta. Iragan urtean %1,8 handitu zen industria jarduera, baina urte hasieratik moteldu egin da nabarmen: %1,1 lehen hiruhilekoan, eta %0,4 bigarrenean. Eustatek berak argitaratutako uztaileko industria produkzioaren indizeak joera negatibo hori konfirmatu du. Datu kezkagarria da jakinik EAEko ekonomiaren motorra dela. Manufakturaren kasuan, gainera, hazkundea motelagoa izan da, %0,1 hazi baita urtebetean.
Beste sektoreei dagokienez, zerbitzuek eta eraikuntzak euren joera ona berretsi dute. Zerbitzuak hazkunde orokorraren gainetik handitu dira urtebetean (+%2,3), eta aurreko hiruhilekoetako joerari eutsi diote. Atal horren menpe diren azpisektoreei begira, bai administrazio publikoak bai eta gainerako zerbitzuak ere sendo hazi dira urtebetean —%2,8 eta %2,7, hurrenez hurren—. Ostalaritzak, berriz, ezin izan dio erritmo horri eutsi, baina, neguko hilabeteekin alderatuta udaberrian izan den eguraldi onak lagunduta, datu hobeak izan ditu bigarren hiruhilekoan, %1 hazi baita urtebetean.
Lehen sektorea ere tinko hazi da apiriletik ekainera: %2,8 handitu da nekazaritza eta arrantzaren jarduera iazko epe berarekin alderatuta. Alta, aurreko hiruhilekoetan hazkunde tasa oso handiak izan ditu sektore horrek, eta orain apaldu egin da nabarmen.
Kontsumo pribatua, apalago
Barne eskariak jarraitzen du ekonomiatik tira egiten, apalago bada ere. Zehazki, %1,7 handitu da bigarren hiruhilekoan, iazko epe berarekin alderatuta, aurreko hiruhilekoan baino bost hamarren gutxiago. Atalka, moteltze hori islatu dute hala familien kontsumo pribatuak nola administrazio publikoen eskariak. Bata zein bestea bi eta lau hamarren gutxiago handitu dira bigarren hiruhilekoan.
Enpresen inbertsioa neurtzen duen adierazleari dagokionez, moteltzea areagotu egin da: %2,4 handitu zen lehen hiruhilekoan, eta %1,6 bigarrengoan. Ekipo ondasunen inbertsioak industriaren moteltze orokorra islatu du: %1,6 handitu da urtebetean, baina aurreko hiruhilekoetan %2,5tik gorako hazkunde tasak izan zituen.
Kanpo merkataritzari dagokionez, esportazio eta inportazioen bilakaera antzekoa izan da. Saldoa positiboa izan da, dena den, inportatu baino gehiago esportatu baitute enpresek —%2,1 handitu dira esportazioak, eta %2 inportazioak—.
Oro har, jarduera ekonomikoa motelago aritu bada ere, lan merkatuak ekonomiaren bilakaerari erantzun dio, eta lanaldi osoko lanpostuak %1,9 gehitu dira urtebetean. Atalka, zerbitzuetan urtebetean %2,5 egin du enpleguak; aldiz, eraikuntzan %0,1 eta lehen sektorean %2,4 egin dute behera, iazko bigarren hiruhilekoko datuekin alderatuta.
Espainian, espero baino datu hobea
Aurreko astean, INE estatistika erakundeak berrikusi egin zituen bi urteetako Espainiako BPGaren datuak, eta aldaketak islatu du jarduera ekonomikoa orain arteko estatistikek argitaratu baino sendoagoa izango dela: 2022an, lau hamarren hobea, eta 2023an, bi hamarren hobea. Aurten ere uste baino hobeto aritu da, eta, horri esker, Espainiako Gobernuak iragarri du jarduera ekonomikoa %2,7 handitzea espero duela, hasieran uste baino hiru hamarren sendoago. Hiru puntuko hobekuntza horrek eragin zuzena izango du finantza publikoen bilakaeran.