Ehunka lagun elkartu dira goizean Baionako karriketan, sindikatuek «austeritatearen kontra» abiaturiko greba deialdiari erantzunez. CFDT, FSU, CGT, FO, Solidaires eta UNSA sindikatuek osatu dute intersindikala, eta aldarrikatu dute emakumeen eta gizonen lansariak berdindu behar direla, eta langileen soldatak igo, baita gutxieneko soldata, pentsioak eta diru laguntzak ere. LAB sindikatua ere izan da manifestazioan, nahiz eta ez duen intersindikalean parte hartu. EH Bai ezkerreko koalizio abertzalea ere bertaratu da.
Sindikatuek erran dute inflazioaren testuinguruan «ezinbestekoa» dela lan sarien emendatzea bizi eta lan baldintza «duinak» izateko. Horretarako, «mobilizazioekin» segitzeko asmoa erakutsi dute. Hala eta guztiz ere, greba deialdiak ez du oihartzun handia izan Ipar Euskal Herrian. Frantzian ere, mobilizazioak ez dira jendetsuak izan. Dena den, sindikatuekjada ezarri dute eguna hurrengo protestarako: abenduaren 13a.