Manifestazio baterako deiak berriro zatitu ditu pentsiodunen elkarteak

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua hilaren 24an manifestatuko da. Ados kolektiboak «protagonismo pertsonala» egotzi die deitzaileei

Pentsiodunen protesta bat Bilboko udaletxearen aurrean, itxialdi ostean, ekainaren hasieran. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Udako etenaldiaren ondoren, berriro ere manifestatzera deitu du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, datorren astelehenean, Bilbon. Baina itxialdiak eragindako geldialdiaren ondoren gertatu zen bezala, Ados pentsiodunen kolektiboak protesta alde batera uzteko eskatu du, argudiatuta egungo egoera ez dela «egokia» manifestazio bat egiteko.

Koronabirusaren krisiaren aurretik ere sortu ziren zenbait pitzadura pentsiodunen mugimenduen artean: «pentsio duinak» aldarrikatzera mugatu nahi zuten talde batzuek, baina eskaera zabalagoak aldarrikatu zituen pentsiodunen batzarretan gehiengoa lortu zuen beste sektore batek, eta kale protesta jendetsuak egin zituen. Kritikoak «Bizkaiko mugimenduaren %5 baino gehiago ez direla» aldarrikatu du bozeramaileetako batek, Jon Fanok.

Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioa antolatu du pentsio publikoak eta duinak aldarrikatzeko eta osasun eta zerbitzu soziosanitario publikoen alde egiteko. Azken urteetan Bilboko Aste Nagusian egin dute manifestazioa, eta, aurten, ohiturari eutsi diote, festak bertan behera geratu arrren.

Antolatzaileek azaldu dutenez, protestarekin salatu egin nahi dute zer jokabide izan duten Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek COVID-19a agertu zenetik osasunaren eta zaintzaren alorrean. «Inbertsio publiko urriak, inprobisazioa eta autokonplazentzia» leporatu diete erakundeoi.

Manifestazioa 12:00etan hasiko da, Plaza Eliptikoan, eta Areatzan amaituko dute.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak udan eten zituen astelehenero Bilboko udaletxearen aurrean egiten dituen elkarretaratzeak, irailaren 7ra arte. Izan dira, ordea, azken asteetan protestei eutsi dieten zenbait talde; Portugaleten, esaterako, astelehenero elkartu dira, eta Bilborako deia egin dute orain. «Egun seinalatua da partekatzen dugun borrokari berriro ekiteko».

«Zentzugabea»

Ados kolektiboko kideen arabera, ordea, «zentzugabea» da manifestaziora deitzea. Gogoratu dute Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarri duela, Bilboko Udalak Aste Nagusia bertan behera utzi duela «aho batez», eta konpartsen koordinakundeak ere gauza bera egin duela prestatu zuen egitarau alternatiboarekin.

Era berean, deitzaileei leporatu diete «pentsio duinen defentsarekin loturarik ez duten eskaerak» egitea eta horiek defendatzen dituzten taldeekin solidarioak ez izatea. «Osasun arloko langileak ere kalera irtetea saihesten ari dira, beren aldarrikapen bidezkoak eskatzeko».

«Bakarrik Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua ordezkatzen dutela diotenek eusten diote manifestazioaren deialdiari», azpimarratu dute Adosekoek, eta salatu horko kideek asmo bakarra dutela mobilizazioarekin: «Protagonismo pertsonala» lortzea eta mugimenduaren izena «norberaren intereserako» erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.