Ehun bat enpresaren ordezkariek bertatik bertara ezagutu zuten atzo, Irunen, Gipuzkoako Diputazioak arriskuan dauden enpresei laguntzeko abian jarri duen Ekintza Plana. Martin Garitano ahaldun nagusiak azaldu zien enpresa txiki eta ertainek behar dutela erakundeen «babes handiena» eta haientzat dela plana.
«Ezin ditugu galdu industria enpresa gehiago», esan zuen Garitanok. «Egoera zailean dauden enpresen eskura jarri ditugun sei milioi euro horiek helburu dute haien kudeaketa hobetzea eta norabidea zuzentzen saiatzea». Ahaldun nagusiak onartu zuen horrek ez duela konpontzen finantzaketaren arazoa, «premiazkoena». Beste erakundeei, Jaurlaritzari espresuki, mezu argia igorri zien: «Enpresek ateak zabalik edukitzeko, beharrezkoa da erakunde komunek zezenari adarretatik heltzea; Eusko Jaurlaritzak industria politika sendoago bat egitea, enpresetatik gertuago dagoen politika bat».
Erantsi zuen aldundiak ezin duela «ordezkatu» Jaurlaritza, baina haren programak osa ditzakeela ekintza jakin batzuekin. Ekintzailetasuna, nazioartekotzea, I+Gri laguntzea eta prestakuntza eta kudeaketa modeloa aldatzeko sustapena aipatu zituen. «Aurten, 25 milioi jarri ditugu horretarako, enpresek krisiak ekarri duen maldaren azken zati hori igo dezaten».
PFEZa eta sozietate zerga
Diputazioak jakinarazi zuen bi foru arau proiektu onartu dituela Batzar Nagusietan bidera daitezen, biak ere zergei dagokienez; EAJ, PSE eta PPren itun fiskalak Gipuzkoako zerga sisteman eragindako aldaketak «behartu ditu» foru arauak. Aldundiak esan zuen «111 oker edo moldaketa» antzeman dituela PFEZean eta sozietate zergan. «Edozein prozesu araugiletan behar diren bermeei muzin egin zieten, eta bermerik gabe foru arau batzuk onartu ziren Batzar Nagusietan».
Sozietate zergari dagokionez, salatu zuen ez zirela kontuan hartu Gipuzkoako «araudia eta errealitatea». Edonola ere, moldaketak ez du aldatzen indarrean dagoen sozietate zergaren eredua. «Eredu okerra da» aldundiarentzat, «baina kudeaketa ikuspegitik aplikagarria izan dadin» idatzi du proiektua, «zergadunei zor dien arduragatik».
Errentaren gaineko zergaren foru arauak, berriz, bi zutabe ditu: «Zuzenketa teknikoak egitea eta hainbat zerga figurari eragiten dien zerga aldaketen multzo bat sartzea».
«Maldaren azken zatia igotzeko» plana azaldu die Garitanok enpresariei
«Zezenari adarretatik heltzeko» esan dio ahaldun nagusiak Jaurlaritzari, eta «premiazkoa» dela enpresa txiki eta ertainak finantzatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu