Makina erremintak nekez hobetuko du aurten 2018ko jardun historikoa

Azken hiruhilekoetako eskaera apalen ondorioz, AFM elkarteak espero du iazko salmentetara heltzea edo pixka bat jaistea. Laguntza publikoa eskatu du enpresek makina digitalak eros ditzaten

Makina erremintak nekez hobetuko du aurten 2018ko jardun historikoa.
Iker Aranburu.
Donostia
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
2015etik hona, makina erremintaren sektorea emaitzak hobetzen aritu da urtez urte, 2013-2014an hondoa jotako ekonomiak indarra hartu ahala. AFMk, sektoreko enpresa gehienak biltzen dituen elkarteak, onartu du balitekeela joera hori aurten etetea. Espero du 2019an 2018ko emaitzetara iristea edo pixka bat azpitik geratzea, iazko azken hiruhilekoan eskaeretan izandako geldialdiak jarraitu egin baitu aurtengo hasieran ere. «Jaitsiera txiki bat ere ez litzateke drama bat izango», aitortu zuen atzo Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak, Donostian egindako agerraldi batean.

Ez da dramarik, 2018. urtea oso ona izan baitzen makina erremintarentzat; historikoa, neurri batean. Inoiz baino gehiago ekoitzi zuen (1.796 milioi euro, +%5,44), eta inoiz baino gehiago esportatu zuen: AFMko kideek Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egin zituzten salmenten hiru laurden: 1.363 milioi euro, hain zuzen ere.

Berez, AFMk Espainiako elkartetzat du bere burua, baina Donostian du egoitza, haren kideen %80tik gora Euskal Herrikoak baitira, gipuzkoarrak nagusiki. Danobat, Fagor Arrasate, Ibarmia, Korta, Lazpiur, Latz, Sarralle eta Zayer daude 127 bazkideen artean; 7.583 langilerekin amaitu zuten 2018. urtea, urtebete lehenago baino %2 gehiagorekin.

Alemania da bezero onena

Makina erremintaren azpisektoreek portaera desberdina izan dute joan den urtean. 2017an, autogintzaren gorakadak asko bultzatu zuen deformazioaren azpisektorea, eta iaz ezin izan zion erritmo horri eutsi (-%7,4). Kontrara, bilakaera ona izan zuten harroketak (+%15,7), osagaiek (%6,9), erremintek (+%4,6) eta, batez ere, mekanizazioek eta zerbitzuek (+%24,2).

Merkatuei dagokienez, Alemaniako industria boteretsua da oraindik ere makina erremintaren erosle nagusia. Hara joan dira esportazioen %13,7 (2017an %14,4 izan ziren). Are handiagoa da osagaien esportazioan duen lekua: %22,8. Krisiaren urterik okerrenean, Alemaniak eta Txinak eutsi zieten Euskal Herriko makinen erosketei, baina azken urtean beste merkatu batzuek izan dute gorakadarik handiena: iaz, Txekiar Errepublikak eskaera ugaritu zuen, eta %25 handitu zuen Portugalek, %22 Frantziak eta %17 Italiak. Muga zergak eta gerra komertzialak gorabehera, ia %15 handitu dira AEBetara egindako salmentak.

AFMk Kopuru batekin ikusten du arazoa: «barne merkatua» deritzonarekin; hots, Hego Euskal Herriko eta Espainiako salmentekin, iaz %0,72 baizik ez zirelako handitu, «apal». «Teknologian inbertitu behar da herrialde indartsu bat izan nahi badugu», ziurtatu zuen Ortuetak, eta gobernuen laguntza eskatu zuen, dela makina berriak erosteko laguntza zuzenen bitartez (Renove planak), dela inbertsioetarako zerga pizgarrien bidez. Gogorarazi zuenez, Italiak hiru urte daramatza makinen erosketa laguntzen, eta Frantziak ere badu asmoa.

AFMri funtsezkoa iruditzen zaio industriak makina berriak erostea, industriaren etorkizuna digitalizazioa baita, eta hori ezin delako egin makina zaharrekin, ezin baitira sarera lotu; «amonaren telefono analogikoa konektatzen ez den moduan», Ortuetak aipatu zuenez. Gaur egungo makinak Internetera konektatuta daude, ekoizleak une oro jakin ahal izateko nola ari den funtzionatzen makina, eta beharrezko moldaketa eta konponketa guztiak bizkor egin ahal izateko. Gainera, gero eta gehiago, makinak ez ezik, haiei lotutako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte sektoreko enpresek.

Hasiera «hotza»

Cesar Garbalena AFMko presidenteak onartu zuen 2019. urtea ez dela ongi hasi barruko zein kanpoko eskariei dagokienez. 2018 amaieran zabaldutako ziurgabetasun giroak jarraitzen du nazioarteko arazoen ondorioz, eta horrek enpresa askoren inbertsioak «hoztu» ditu. Baina urteek aurrera egin ahala eskariek hobera egitea espero du Garbalenak. Edonola ere, AFMk udara arte itxaron nahi du iragarpen zehatzagoak egiteko, orduan iristen baitira eskarietako asko. Makina erremintaren sektorean, eskariek garrantzi berezia dute; izan ere, makina bat egiteko denbora nahikoa behar denez —gehienetan hiru hilabetetik urtebetera bitartean—, eskari zorroak baldintzatzen du hurrengo urteko jarduna.

AFMk bihar egingo du urteroko batzarra, Orona fundazioan (Hernani).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.