Makina-erremintak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu

Bezero berriak lortu ditu, batez ere AEBetan. 2024rako «ahultze sintomak» nabari ditu sektoreak, baina espero du urtearen bigarren erdian erritmoa berriz hartzea.

BIEMH MAKINA-ERREMINTAREN BIURTEKO AZOKA
BIEMH Bilboko makina-erremintaren biurteko azokan aurkeztutako makina bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 8a
13:30
Entzun

Beharra bertute bihurtu du Hego Euskal Herriko makina-erremintak. 2023rako aurreikuspenak ez ziren oso onak, sektorearen bezero nagusi diren herrialdeen motelaldi ekonomikoagatik, bereziki Alemaniarena, baina merkatuak zabaltzeko ahalegin berezia egin du, eta marka historikoa ezarri du. Fakturazioan, 2.000 milioi euroren langa gainditu du, eta esportazioek %20ko hazkundea izan dute, 1.500 milioitik gora guztira.

Urtea hotz hasi zuen, baina, hilabeteek aurrera egin ahala, abiadura hartuz joan zen, eta 2022an baino %17 gehiago fakturatu du azkenean. Aurtengo aurreikuspenak antzekoak dira: hasiera geldoa eta urte amaiera ona. %5-7 inguruko hazkundea aurreikusten dute AFM makina-erremintaren klusterreko arduradunek. «Merkatuek asaldatuta jarraitzen dute; sektore batzuk oso indartsu daude, eta beste batzuk, gutxiago. Inflexio puntura iritsi dela dirudien arren, inflazio eta tasa handiak izateak ez du errazten inbertitzeko beharrezkoa den konfiantza», azaldu du Xabier Ortuetak, AFMko zuzendari nagusiak.

Makina Erreminta
 

AFM Espainiako elkartea da, baina Donostian du egoitza, eta haren kideen %80 baino gehiago Euskal Herrikoak dira, gipuzkoarrak nagusiki. Danobat, Fagor Arrasate, Ibarmia, Korta, Lazpiur, Latz, Sarralle eta Zayer daude 126 bazkideen artean; enpresa horiek 8.000 langile inguru dituzte.

Bereziki bi sektorerentzat lan egiten dute: autogintzarentzat eta aeronautikarentzat. Autogintzan piezen deformaziorako makinak egin dituzte, eta horien fakturazioa %38 handitu zen iaz, autogintzak 2022an izan zituen ekoizpen arazoak gainditu ondoren. Txiribil harroketarako makinen salmentek, berriz, %15eko hazkundea izan zuten; aeronautikaren sektorean erabiltzen dira nagusiki. Bi azpisektore horiek fakturazio osoaren %70 inguru dira.

Azken urteetan, halere, gero eta gehiago saldu dituzte beste makina batzuk, eta horrek beste onura batzuk ekarri dizkio sektoreari, Jose Perez Berdud AFMko presidenteak azaldu duenez. «Saldu ditugun ekipoen batez besteko prezioa nabarmen igo da. Eta orain dela hamar urte eskas pentsaezinak irudituko zitzaizkigun kontratuak eskuratzen ari gara».

«Orain dela hamar urte eskas pentsaezinak irudituko zitzaizkigun kontratuak eskuratzen ari gara». JOSE PEREZ BERDUD  AFMko presidentea

Makina-erremintaren industriak badu beste ezaugarri nagusi bat: sektore esportatzailea dela. Salmenten %76 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten dituzte. Iaz Alemaniak galdu zuen lehen postua, AEBen mesedetan, bi herrialde horien egoera ekonomikoaren erakusle. Txinak, bi urte oso indartsuen ondoren, 2023an irabazitakoaren zati handi bat galdu zuen, eta Italiako salmentak, gobernuak halako makinak erosteko eman zituen zerga pizgarriak kendu ondoren, iraganeko ohiko kopuruetara itzuli dira. Iaz gauzatutako kontratu asko aurretik sinatu ziren. Dena den, sektoreko enpresek merkatu berrietara zabaltzeko egindako ahalegina nabarmendu du Ortuetak. «Gure inguruko herrialde batzuek eskarien jaitsiera jasan dute 2023an, baina gu hori saihesteko gai izan gara. Merkatuen eta bezero eta sektoreen mix ezohiko batek, goi mailako operazio berezi batzuekin, modua eman digu merkatu berriak lortze aldera urte on bat osatzeko».

Biurtekoa, aurten

Bezeroak erakartzeko estrategia horren barruan, garrantzi berezia izaten du Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia) egiten den makina-erremintaren bienalak. Aurten, ekainaren 3tik 7ra egingo dute, eta 1.044 enpresak parte hartuko dute. 2022koan 35.000 bisitari baino gehiago izan ziren. AFMko arduradunek azaldu dutenez, aurten garrantzi berezia emango diote robotikari, automatizazioari eta digitalizazioari, eta sektorearen enplegu aukerak azaltzeko eta «talentua erakartzeko» gune berezi bat ere jarriko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.