Makina-erremintak inoiz baino gehiago fakturatu du, baina eskariak %23 apaldu dira

Urtebetean, sektoreko enpresen diru sarrerak %1,6 handitu dira, eta esportazioak, %1,7. Lehen aldiz, Mexiko izan da euskal enpresen merkatu nagusia, esportazioen %17 bildu baitute han.

Iaz egin zen Makina Erremintaren Biurteko azoka, Barakaldoko BECen
Iaz egin zen Makina-Erremintaren Biurteko Azoka, Barakaldoko BECen. JAZKI FONTANEDA / FOKU
joxerra senar
2025eko otsailaren 20a
11:31
Entzun

Makina erremintak beste marka bat hautsi du. AFM Makina Erremintaren Elkarteak jakinarazi duenez, iaz inoiz baino gehiago fakturatu zuten enpresek: 2.193,1 milioi euro. AFMren arabera, aurreko bi urteetan pilatutako eskarien ondorioz lortu da marka hori, mundu mailako egoera zaila gorabehera. Dena den, ez dirudi aurrera begira erritmo horri eutsi ahalko dionik. Izan ere, etorkizunerako lan eskariek %23 egin dute behera.

Zehazki, aurreko urtean baino 36 milioi euro gehiago bildu dituzte enpresek. Azpisektoreka, osagaien produkzioan salbu —%4,5 jaitsi da—, gainerako alorretan gora egin dute diru sarrerek. Jauzi handiena erreminten (+%10,8) eta beste makinen atalek (+%6,9) eman dute.

Dena den, azpisektore nagusiek antzeko joera izan dute. Bereziki bi sektorerentzat lan egiten dute: autogintzarentzat eta aeronautikarentzat. Hala, autogintzarentzat lan egiten duten deformazio makinen fakturazioa %1,6 handitu zen, eta txirbil harroketarako makinena, berriz, %1,3 —horiek aeronautika dute helburu, batik bat—.

Nazioarteko merkataritzako tentsioak ez ziren islatu iazko esportazioen datuetan, eta AFMko enpresen salmentek produkzioaren neurri berean egin zuten gora; %1,7 alegia. Guztira, 1.639,7 milioi euro bildu zituzten esportazioen bidez. Dena den, azpisektoreen artean gorabehera handiak izan ziren. Kasurako, deformazio makinen salmentek %5 egin zuten behera atzerrian, eta osagaien esportazioek, %10. Aldiz, erreminten eta beste makinen atalek nabarmen egin zuten gora; %19 eta %42, hurrenez hurren.

Lehen aldiz, Mexiko izan da sektoreko euskal enpresen lehen merkatua, esportazioen %17 inguru bertan saldu baitziren iaz. Jarraian, munduko bi potentzia ekonomikoak dira enpresen merkatu nagusiak, eta bietan nabarmen egin dute gora esportazioek urtebetean: Ameriketako Estatu Batuetan, %8, eta Txinan, %25. Dena den, AFMk uste du Txinaren datua kontraesankorra dela, aurrera begirako esportazioek nabarmen egin baitezakete behera, lan eskariak nabarmen gutxitu dira eta.

Europan, Alemania da merkatu nagusia, eta, hango industriak zailtasunak baditu ere, esportazioek goranzko joerari eutsi diote (+%1). Aldiz, Italian, esportazioak erdira murriztu dira urtebetean. AFMk gogora ekarri duenez, aurreko urteetan Italiako Gobernuak inbertsio handiak egin zituen produkzioa bultzatzeko, eta hori eten izanak ekarri du beherakada.

Eskari askoz gutxiago

Aurrera begirako egoerak kezkatzen du sektorea. Aurreko bi urteetan eskariek nabarmen gora egin ostean, %23 egin dute behera. Barne merkatuan beherakada are handiagoa da, %45ekoa; atzerrian, berriz, %20koa. Azpisektoreen artean, batik bat autogintzarentzat deformazio makinak ekoizten dituzten enpresek nozitu dute kolpea, lan eskariak %40,8 apaldu baitzaizkie.

Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak datu horri erreparatu nahi izan dio iragan urteko emaitzak aztertzerakoan: «Azken hamabi hilabeteetan, eskarien bilakaeraren ondorioz, lan eskarien zorroak behera egin du. Ondorioz, aurreikusten dugu urte amaieran nabarmen jaitsiko dela fakturazioa, nahiz eta ez dugun uste beherakada dramatikoa izango denik».

«Ondorioz, aurreikusten dugu urte amaieran nabarmen jaitsiko dela fakturazioa, nahiz eta ez dugun uste beherakada dramatikoa izango denik».

XABIER ORTUETAAFM elkarteko zuzendari nagusia

Ortueta «kezkatuta» dago automozioan antzematen den geldialdiagatik, horrek deformazioen azpisektorean eragin baitezake. Halaber, euren merkatu nagusiei erreparatuz gero, «urtea oso zaila» izatea espero du. «Europaren ahuldadeari (batik bat Alemanian, Frantzian eta Italian), Txinaren protekzionismoari eta Estatu Batuetako ziurgabetasunari aurre egin beharko die tinko sektoreak. Eskarmentua badu krisiei aurre egiteko orduan». 

Alde ona ere azpimarratu du. Trengintzak, sektore aeroespazialak, arlo militarrak eta energiari lotutako sektoreek «joera ona» dutela deritzo. «Agertokia oso konplexua eta lehiakorra da, baina ziur aukerak sortuko direla. Beti bezala, jakingo dugu hari etekina ateratzen», aipatu du Ortuetak.

AFMren gogoetak industriaz

Halaber, Europako industriari buruzko kezka azaldu du AFMk. Jose Perez presidentearen arabera, Europa «bidegurutze batean» da, eta lema kolpea jo beharko luke egungo gainbeherari aurre egiteko. «Gure erabakien ondorioz sortu da gehienbat Europaren ahuldadea, eta kezkagarria da». Perezen arabera, funtsezkoak diren sektoreak kanpora atera izanak eta azpikontratatu izanak beste herrialdeak sendotu ditu, batik bat alor elektronikoan, erdieroaleetan, energiaren biltegiratzean... Halaber, energia trantsizioaren inguruko erabaki batzuk «azkarregi» hartu direla deritzo. «Ez dira ondorioak behar bezala kalkulatu». 

Hori ikusita, AEBak, Txina eta India indartu egin direla deritzo, eta Europak lidergoa berreskuratu beharko lukeela: «Europak bere buruari galdetu beharko lioke munduko lidergoa izan nahi duen. Edo beharbada beharrezko neurriak hartu beharko ditugu etorkizunaren lema hartzeko. Gure industria bideragarria babestu egin behar dugu», azpimarratu du. 

AFM Espainiako elkartea da, baina Donostian du egoitza, eta haren kideen %80 baino gehiago Euskal Herrikoak dira, gipuzkoarrak nagusiki. Danobat, Fagor Arrasate, Ibarmia, Korta, Lazpiur, Latz, Sarralle eta Zayer daude 126 bazkideen artean; enpresa horiek 8.000 langile inguru dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.