Industria

Makina-erreminta %5eko hazkundeari eusteko bidean dago

AFM elkarteak uste du eskari zorroa nahikoa izango dela datorren urtean ere «jarduera on» bat izateko. Sektoreak kongresua egingo du datorren astean, Donostian.

Xabier Ortueta AFMko zuzendaria eta Ane Insausti Gipuzkoako Sustapen Ekonomikoko diputatua, gaur, Donostian. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urriaren 18a
12:04
Entzun

Zailtasunak zailtasun, 2023. urterako aurreikuspena betetzeko moduan dago makina-erremintaren sektorea. Joan den maiatzean, Xabier Ortueta AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendariak esan zuen %5eko hazkundea espero zutela 2023rako, eta, azken hiruhilekoaren datuak falta diren honetan, kopuru horri berari eusteko moduan daudela azaldu du gaur Donostian.

Interes tasa handiek finantzaketa garestitzearen ondorioz jarduera ekonomikoan «moteltzeko joera» antzeman bada ere, sektoreko enpresek «okupazio maila onari» eutsi diote aurten, eta 2021eko bigarren erdian hasitako goranzko bidean jarraitzen dute. Iaz ere urte ona izan zuen sektoreak, nahiz eta inflazioak eta hornidura kateetan izandako arazoek «ekaitz perfektu bat» eragin zuten. Baina Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako eskaera mardulen bidez, salmentak ia %9 haztea lortu zuten makina-erremintako enpresek.

Ortueta nahiko baikor azaldu da 2024. urteari begira ere, uste baitu enpresen eskaera zorroak nahikoak izango direla «jarduera on bati eusteko», urte horretan ekonomia asko motelduko balitz ere. Gainera, datorren urteko bigarren erdirako ekonomiaren suspertzea espero duenez, makina-erremintak urtea salbatuko duelakoan dago.

AFMko buruak onartu du azken hiru urteetan «kezkatuta» bizi izan direla, COVID19a, Ukrainako gerra, hornidura katearen zuloak eta inflazio handia dela medio, eta Ekialde Hurbileko gerra giroak ez diola mesederik egiten giro ekonomikoari. Baina, horren guztiaren gainetik, enpresak makinetan inbertitzeko asmoarekin ikusten ditu. Makinen erosle diren bi sektore aipatu ditu, autogintza eta aeronautika, erregai fosilak atzean utzi beharraren ondorioz moldaketa betean ikusten dituelako.

Makina-erremintak aurrera begira dituen erronken artean, Ortuetak «talentua erakartzea» aipatu du. «Gazte gutxi daude, eta ez da erraza haiek industriara erakartzea. Gurea sektore polita da lan egiteko, baina hori ez da kanpotik ikusten den zerbait». Arazoen artean ikusten du emakume gutxi aritzen direla makina-erremintan, eta bereziki tailerretan.

Kongresua, urriaren 25etik 27ra

Sektorea ikusgarriago egitea da, hain zuzen ere, AFMk datorren asterako antolatu duen kongresuaren helburuetako bat. Hilaren 25etik 27ra egingo da, Donostiako Parke Teknologikoan, Miramonen. 1976az geroztik bi urtean behin antolatzen du AFMk Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-erremintaren Kongresua, baina duela bi urte ezin izan zuen egin, pandemiarengatik. Hori dela eta, aurtengoa, hamahirugarrena, «inoizko onena» izango dela nabarmendu du Ortuetak.

Hiru arlo izango ditu kongresuak. Dibulgazioaren arloan, etorkizuneko fabrikei buruz hitz egingo dute, digitalizazioaz eta automatizazioaz, besteak beste. Beste atal bat zientziari lotutakoa izango da, eta, horretan, teknologia zentroek, unibertsitateek eta enpresek I+G proiektuen emaitzak eta balizko aplikazioak aurkeztuko dituzte. Aurten, berrikuntza gisa, makinen segurtasunari buruzko hirugarren atal bat ere izango da.

AFM makina-erremintan aritzen diren enpresen elkarte gisa sortu zen duela 77 urte, baina azken urteetan fabrikazio prozesuen beste arlo batzuetara ere hedatu da. Guztira zazpi industria elkarte batzen ditu, eta 750 enpresa baino gehiago. Berez, Espainiako erakunde bat da, baina kide gehientsuenak Euskal Herrian ditu, Gipuzkoan bereziki, eta Donostian du egoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.