Makina-erreminta %5eko hazkundeari eusteko bidean dago

AFMk uste du eskari zorroa nahikoa izango dela 2024an ere «jarduera on» bat izateko. Sektoreak kongresua egingo du datorren astean

AFMren kide diren enpresen erakuslekuak, 2022ko Makina-erremintaren Biurtekoan, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Iker Aranburu.
Donostia
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Zailtasunak zailtasun, 2023. urterako aurreikuspena betetzeko moduan dago makina-erremintaren sektorea. Joan den maiatzean, Xabier Ortueta AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendariak esan zuen %5eko hazkundea espero zutela 2023rako, eta, azken hiruhilekoaren datuak falta diren honetan, kopuru horri berari eusteko moduan daudela azaldu zuen atzo Donostian.

Interes tasa handiek finantzaketa garestitzearen ondorioz jarduera ekonomikoan «moteltzeko joera» antzeman bada ere, sektoreko enpresek «okupazio maila onari» eutsi diote aurten, eta 2021eko bigarren erdian hasitako goranzko bidean jarraitzen dute. Iaz ere urte ona izan zuen sektoreak, nahiz eta inflazioak eta hornidura kateetan izandako arazoek «ekaitz perfektu bat» eragin zuten. Baina Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Italiako eskaera mardulen bidez, salmentak ia %9 haztea lortu zuten makina-erremintako enpresek.

Ortueta nahiko baikor azaldu zen 2024. urteari begira ere, uste baitu enpresen eskaera zorroak nahikoak izango direla «jarduera on bati eusteko», urte horretan ekonomia asko motelduko balitz ere. Gainera, datorren urteko bigarren erdirako ekonomiaren suspertzea espero duenez, makina-erremintak urtea salbatuko duelakoan dago.

AFMko buruak onartu zuen azken hiru urteetan «kezkatuta» bizi izan direla, COVID19a, Ukrainako gerra, hornidura katearen zuloak eta inflazio handia dela medio, eta Ekialde Hurbileko gerra giroak ez diola mesederik egiten giro ekonomikoari. Baina, horren guztiaren gainetik, enpresak makinetan inbertitzeko asmoarekin ikusten ditu. Makinen erosle diren bi sektore aipatu ditu, autogintza eta aeronautika, erregai fosilak atzean utzi beharraren ondorioz moldaketa betean ikusten dituelako.

Makina-erremintak aurrera begira dituen erronken artean, Ortuetak «talentua erakartzea» aipatu zuen. «Gazte gutxi daude, eta ez da erraza haiek industriara erakartzea. Gurea sektore polita da lan egiteko, baina hori ez da kanpotik ikusten den zerbait». Arazoen artean ikusten du emakume gutxi aritzen direla makina-erremintan, eta bereziki tailerretan.

Kongresua, urriaren 25etik

Sektorea ikusgarriago eta erakargargarriago egitea da, hain zuzen ere, AFMk hilaren 25etik 27ra Donostiako Parke Teknologikoan antolatu duen kongresuaren helburuetako bat.1976az geroztik bi urtean behin antolatzen du elkarteak Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-erremintaren Kongresua, baina duela bi urte ezin izan zuen egin, pandemiarengatik. Hori dela eta, aurtengoa, hamahirugarrena, «inoizko onena» izango dela nabarmendu zuen Ortuetak.

Hiru arlo izango ditu kongresuak. Dibulgazioaren arloan, etorkizuneko fabrikei buruz hitz egingo dute, digitalizazioaz eta automatizazioaz, besteak beste.

Beste atal bat zientziari lotutakoa izango da, eta, horretan, teknologia zentroek, unibertsitateek eta enpresek I+G proiektuen emaitzak eta balizko aplikazioak aurkeztuko dituzte.

Aurten, berrikuntza gisa, makinen segurtasunari buruzko hirugarren atal bat ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.