Baionako portura heldu dira gaur goizean Ipar Euskal Herriko laborarien protestak. ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak deituta, portuko hiru sarrerak blokeatu dituzte goizeko seietan. Oraintxe bertan, blokeatuta dago. Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako laborariak euren traktoreekin bertaratu dira.
Maisica zereal biltegiaren sarreran dago bloke nagusia; 70 laborari inguru daude bertan. «Portu osoa dugu blokeatzen: merkatu mundialaren eta liberalaren sinboloa delako», azaldu du Laura Irigarai ELBko kideak. Eta gehitu: «Atera gara laborarien kexuaren mugimendu horretan parte hartzeko, gure soldaten arazoak argitan emateko. Horretan gara: gure ekoizpen prezio apalen eta goratzen diren erosgaien prezioen artea». Traktoreetako bati zintzilik, pankarta jarri diote: «Lansari duinak laborarientzat».
Goizeko ekintza FDSEA autobideak blokeatzen hasi eta hiru egunetara gauzatu da. Beñat Etxetok azaldu du: «Laborantzako mobilizazio orokor batean gara, eta guk ere nahi genuen zerbait ekarri. Beste molde batean, erabaki dugu portua blokeatzea». Haren ustez, ez dute laborari sindikatu guztien artean egoeraz ber azterketa eginen, baina «laborantza krisi fase handian da», eta horrekiko denek bat egiten dute.
ELBk hilabeteak daramatza protestak egiten, eta hainbat alditan bildu da Frantziako autoritateekin. Besteak beste, prezioen emendatze orokorra salatu dute laborariek, hala nola gasolio profesionalarena eta elektrizitatearena. Klima aldaketaren ondorioak pairatzen dituztela ere azaldu dute, eta eritasun hemorragiko epizootikoari buru egiteko kalte ordainak eskuratzeko exijitu.
Azken egunotan FDSEA sindikatuko kideek beste protesta batzuk ere egin dituzte. Esaterako, A63 autobidea erabat blokeatu zuten astearte goizean, Baionan. FDSEAk aste hasieran iragarri zuenez, Frantziako Gobernuak «iragarpen indartsurik» egin ezean, protestak bere hartan irauteko asmoa du.
Laborariek eskaera zerrenda luzea dute, besteak beste, laborarien eta elikadura sektorearen arteko merkataritza harremanen oreka hobetzea helburu zuen Egalim Legea ez dela errespetatua, gasolio profesionalaren prezioa ez emendatzea, hainbat gairen prezioaren emendatzea, Europako normen harmonizazio falta...