Maiatzerako espero du Jaurlaritzak Madrilekin itundutako tasen dirua

Energia konpainiei eta bankuei ezarritako zerga bereziari esker, bi urtean 400 milioi jasotzea espero du. Adostu dute ohiko formularen arabera banatzea, nahiz eta zertarako erabiliko duten zehaztu ez

Maiatzerako espero du Jaurlaritzak Madrilekin itundutako tasen dirua.
aitor biain
Gasteiz
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga bilketak aurreikuspen guztiak gainditu zituen iaz ere, eta foru ogasunen kutxak inoiz ez bezala bete ziren: 17.130,7 milioi euro bildu zituzten guztira. Kopuru errekor hori beste koska bat handituko da maiatzetik aurrera, ordea, orduan espero baitu jasotzea Eusko Jaurlaritzak energia enpresei eta bankuei ezarritako tasen dirua. Ez da zenbateko handia izango, bi urtean 400 milioi euro inguru jasotzea espero baita, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak iragarri duenez.

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin zuen atzo, Gasteizen, joan den urteko zerga bilketaren likidazioa adosteko. Agur kutsua hartu zuen bilerak, legealdiko azkena izango delako udalei eta foru aldundiei dagokienez, eta, beraz, printzipioz, Markel Olanoren eta Unai Rementeriaren azkena. Printzipioz, gerta daitekeelako ezohiko beste bilera bat egin behar izatea Madrilekin itundutako zergen banaketa adostu eta diru horrekin zer egin erabakitzeko. Ez da halakorik espero, dena den.

Atzoko bileran adostu zuten zerga berezien banaketa ohiko koefizienteen arabera banatzea; hots, Jaurlaritzarentzat izango dira jasotako diruaren hamar eurotik ia zazpi, eta gainerakoa aldundien artean banatuko da, bilketan duten pisuaren arabera. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak azaroan adostu zuten zerga horiek euskal erakundeen esku uztea, eta Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren azken bileran hitzartu zuten kopuru osoaren %6,4 izatea, zehazki.

Ordea, ez dago zehaztuta zertarako erabiliko duten diru hori zehazki. Azpiazuren arabera, erakunde bakoitzak egoki irizten dionerako proiektuak finantzatzeko erabiliko du, baldin eta Madrilek kontrakorik esaten ez badu —orduan egingo lukete ezohiko bilera, hain justu ere—.

Edonola ere, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak gogorarazi zuen etorkizuneko beharrak ez ezik, iraganeko zuloak estaltzeko ere balioko duela diru horrek. Izan ere, energiaren prezioaren garestitzeari eta inflazioari aurre egiteko neurri aringarriak hartu dituzte diputazioek azken urteetan, eta horiek estaltzeko baliagarri izango direla esan zuen.

Iazko kontuak itxita, mozkinak zergapetzeko unea iritsiko zaie orain energia konpainiei eta bankuei, nahiz eta zerga berezi horien aurkako helegitea jarria duten. Azpiazuk garrantzia kendu zion, halere, itzulketarik egin beharko balitz ere: «Ez dut uste gertatuko denik».

BEZa akuilu

Zerga berezien bitartez jasoko dena, dena den, amiñi bat baino ez da bilketa osoarekin alderatuta. Izan ere, emaitza ikusgarriak erdietsi dituzte ogasunek beste urte batez, eta txiki utzi ditu urtebete lehenago ez ezik urrian egindako aurreikuspenak ere. Iazko bilketarekin alderatuta, 1.167 milioi euro gehiago eskuratu dituzte aurten (+%7,3), eta urrian espero baino 21,4 milioi euro gehiago.

Ekonomiaren bolada onak eta prezioen garestitzeak bultzatuta egin du gora zerga bilketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hori bereziki nabaritu da BEZ zergaren zenbatekoan: %10,6 handitu da. Gauzak horrela, Jaurlaritzak aurrekontuetan kalkulatu baino ia 600 milioi euro gehiago izango ditu eskura, Espainiari 932,3 milioi euroko kupoa ordaindu eta gero.

«Etxeko lanak eginda»

Urte zaila izan arren, «espero baino nabarmen hobeto» amaitu dela nabarmendu zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta erakundeen kudeaketa txalotu zuen: «Etxeko lanak egin ditugu, eta datuek erakusten dute hori». Araban handitu da bilketa gehien (+%9,7), hala ere, 12,3 milioi jasoko ditu egokitzapeneko funtsetik, kutxa orokorrean jarri beharrekoa baino gutxiago bildu duelako. Eta beste 85,9 miloi jasoko ditu Gipuzkoak ere.

Hain zuzen, «ondo egindako lanaren sentsazioarekin» utziko du Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua Markel Olanok ere, eta «kontuak onbideratuta» direla. Karguan izandako urteetan ekonomiak eta zerga bilketak izan dituzten bilakaerak azpimarratu zituen, eta adierazi horrek «etorkizunera begiratzeko aukera» eman diola herrialdeari.

Ildo beretik egin zituen adierazpenak Bizkaiko ahaldun nagusiak ere, eta esan zuen «zenbaki ikusgarriek» erakusten dutela zerga sistemak funtzionatzen duela. Rementeriaren hitzetan, halere, horrek ez du esan nahi sistema «ukiezina» denik; are, nabarmendu zuen «errealitate berrietara» egokitu behar dela. «Eta hala egin dugu beti», esan zuen. Konpromiso hori berretsi zuen Azpiazu sailburuak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.