Maiatzaren Lehena

Maiatzaren Leheneko manifestazioek kaleak hartu dituzte

Sindikatuek hiriburuetan egin dituzte mobilizazio nagusiak Langileen Nazioarteko Egunean. Sindikatu abertzale bakoitzak nork bere aldetik egin ditu martxak; CCOOk eta UGTk, elkarrekin.

LABen mobilizazioa, Gasteizen. LAB
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 1a
13:02
Entzun

Euskal Herri osoan zehar zabaldu dira Maiatzaren Leheneko manifestazioak igandean. Hiriburuetan izan dira nagusiak, eta eguerdi partean gehienak, nahiz eta arratsaldean ere izan diren mobilizazioak.

Sindikatu abertzale bakoitzak nork bere aldetik egin ditu martxak. ELAk Borrokan ari gara lemapean deitu du manifestazioetara Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Bilbon izan da Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, eta han hitz egin du: «Arazoa modelo ekonomikoa da, enpresa handiek gobernuek baino gehiago agintzea ahalbidetzen duen modeloa. Enpresa horiek, irabazi historikoak lortzen dituzten bitartean, lotsarik gabe egiten digute iruzur», gaitzetsi du.

Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak adostutako funtsak «partxe bat» besterik ez direla iritzi dio Lakuntzak, eta gaitzetsi egin du Europako herrialdeek Ukrainako Gerraren inguruan duten jarrera ere: «Modelo gerrazale bat ari da nagusitzen. Horregatik, bakea aldarrikatzeko ere egun ona da gaurkoa, Ukrainan bai, baina baita ahaztutako gerra guztietan ere: Yemengoa, Siriakoa, Palestinakoa...», gehitu du. Manifestazioan, hainbat sektoretan borrokan dabiltzan ELAko kideak elkartu dira.

Bilbon izan da Garbiñe Aranburu ere, LABeko idazkari nagusia. ELAk bezala, LABek ere Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu du protestetara, baita beste hainbat herritan ere. Egin dezagun posible izan da sindikatuaren aurtengo lema.

Bere hitzaldian, Aranburuk «errotiko aldaketak» eskatu ditu: «Bukatu dira aitzakiak eta justifikazioak. Gobernuentzat, pertsonak erdigunean jartzearena lelo huts bat bilakatu da. Ez dira sustatzen beharrezko aldaketak egiteko eztabaidak eta neurriak», salatu du.

Ipar Euskal Herrian, beste sindikatu batzuekin batera atera da LAB. CGT, Bizi, FSU, Alda, EBA, CFDT eta Etorkinekin Solidarite-Migrantsekin batera, bi martxa egin ditu, Baionan eta Maulen.

CCOO eta UGT, berriz, batera atera dira Bilbon, Donostian Gasteizen eta Iruñean. Loli Garcia eta Raul Arza Bilbokoan egon dira. Euren pankartetan erakutsi dutenez, argi dute zein den konponbidea: «Soldatak igo, prezioei eutsi, eta berdintasun handiagoa». Horixe izan da lema.

Garciak nabarmendu du langileak izan direla «une zailenetan gizarteari eutsi diotenak». Horregatik, enpresarien jokabidea gaitzetsi du: «Euren poltsikoak bete nahi dituzte langileon kontura, prezioak igoz eta soldatak izoztuz. Baina argi izan dezatela: ez diegu utziko». Horretaz gain, Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan Mendebaldeko Sahararen inguruan hartu duen jarrera ere gaitzetsi du EAEko CCOOko idazkari nagusiak.

Beste deialdi bateratua CNT, ESK eta Steilasena izan da. Batera atera dira Errenteriatik Donostiarako martxan batean, Gasteizen, Iruñean eta Bilbon. Donostian Kapitala suntsitzeko, langileria batu! izan da lema, Bilbon Eskubideak, borrokatuz lortzen dira!, eta Iruñean Prekaritatea eta pobreziaren aurka, lan duinak.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek ere antolatu dituzte martxak. Eguerdian egin dituzte mobilizazio batzuk, Donostian, Gasteizen eta Baionan adibidez. Baionan mobilizazio orokorrarekin egin dute bat, baina aurretik euren ekitaldi propioa antolatu dute. Salatu dutenez, «prezioen goititzeak, askatasunik ezak, langabeziak eta soldata miserableek jasangaitza egin dute langileriaren egunerokoa. Egiturazko krisi bat da bizi duguna».

Manifestazio gehienak, ordea, arratsaldean egin dituzte, besteak beste Iruñean eta Bilbon. Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen izan da lema.

Ikusi gehiago:GREBA HOTSAREKIN DATOR

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.