Duela astebete sortu zeneko 50 urteak ospatu zituen LABek Bilbon, eta urteurren horren eraginpean antolatu du Maiatzaren Lehen «berezia». Langileen Nazioarteko Egunari begira urtero eskualdekako deialdiak egiten baditu ere, oraingoan Iruñean bilduko ditu indarrak. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak azpimarratu du sorrerako printzipioak berresteko baliatuko duela: «Langileen antolakuntza eta borrokaren bidetik jarraituko dugu herri honen askapen nazionalerako eta eraldaketa sozialerako bidea urratzen».
Iruñean bertan eman du LABek deialdi nazionalaren berri, Redingo harresietan. Zuhaitz batean gerizpean egin dute aurkezpena, eta irudi hori baliatu dute deialdiaren kartel nagusian. Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak metafora hori erabili du sindikatuaren 50 urtetako ibilbidea laburbiltzeko: «Osasuntsu dago. Sustraiak sendo, enborra tinko eta adarrak zabaltzen».
Azken egunotan zabaldutako datua gogorarazi eta 50.000 afiliatuaren langa gainditu dutela berretsi du. Nafarroan, berriz, ordezkaritza sindikalari begira laugarren postuan diraute, baina azken hamarkadan «gehien handitu den sindikatua dira», Karreraren arabera.
«Abagune gozoan gaude, eta urteurrena pizgarria da guretzat. Apustu garrantzitsua egin dugu Maiatzaren Lehenari begira».
GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra
Maiatzaren Lehenean, 11:30ean abiatuko da manifestazioa Gazteluko plazatik. 12:30ean egingo da ekitaldi nagusia, Anaitasuna kiroldegian. Hura amaituta, bazkaria eta egun osoko egitarau eta kontzertuak prestatu dituzte. Aranburuk eta Karrerak dei egin diete langileei parte hartzera. «Abagune gozoan gaude, eta urteurrena pizgarri bat da guretzat. Apustu garrantzitsua egin dugu», azaldu du Aranburuk. Iruñean CCOOk eta UGTk batera egin ohi dute manifestazioa, baina Karrerak espero du LABek jende gehiago bilduko duela eta Nafarroan «mobilizazio handiena» izango dela.
Lehen aldiz, Munduko Federazio Sindikaleko idazkari nagusia izango da. Gainera, Palestinako ordezkaritza bat izango da Iruñean. Horrez gain, zenbait herrialdetako sindikatuetako kideak ere bertaratuko dira —Vietnam, Bretainia, Sardinia, Korsika, Aosta, Herrialde Katalanak, Galizia, Aragoi eta Asturias—.
Iruñean egingo du ekitaldi nazionala, baina salbuespen bat egingo dute Ipar Euskal Herrian. LABek Baionan egingo den manifestazioan ordezkaritza bidaliko du. «Urte luzez diskriminazio sindikala pairatu dugu, eta, azkenik, zentzugabekeria honi amaiera eman diogu», aipatu du Karrerak.
Aranbururen azterketa
Maiatzaren Lehenari begirako azterketa egin du Aranburuk. Haren esanetan, testuinguru ekonomiko eta sozialari begira «langileek ez dute baikortasunerako tarte handirik». Sistema kapitalistaren ondorio larriak Euskal Herrian ere pairatzen direla aipatu du. «Gure azterketak oso argi erakusten dute hori. Dualizazio prozesua gertatzen ari da, eta kontuan izan behar dugu biztanleen %50 egoera prekarioan bizi dela».
Egoera hori ikusirik, langileek alternatibak eta proposamenak behar dituzte, haren ustez. Kezka azaldu du eskuin muturra egoera baliatu nahian dabilelako Europako hainbat estatutan. «Mezu populistak erabiltzen dituzte. Krisi ekologikoa ukatzen dute, feminismoaren aurkako jarrera bultzatzen dute, eta segurtasunaren auzia aitzakia gisa erabiltzen dute langile migrateen aurkako mezuak zabaltzeko».
LABeko koordinatzailearen arabera, Euskal Herria ere ez dago jarrera indibidualista eta autoritario horietatik kanpo, baina horien aurkako «errezetarik onena» da «ezker independentismo sendoa» izatea. Haren ustez, gehiengo sozial sendo batek mezu horiei aurre egiten die, eta irmo aldarrikatzen ditu osasun sistema publikoa, zaintza komunitarioa edo soldata eta pentsio duinak. Horren guztiaren alde eremu guztietan borrokatu behar dela nabarmendu du: «Apustu argia egiten dugu, askapen nazionalean eta eraldaketa sozialean aurrera eginez».
Hala, 50 urtetan LABek egindako bideari erreparatzeko eta markatutako norabidea berresteko aukera izango da aurtengo Maiatzaren Lehena.