Ordutegien arrazionalizazioa

Mahaian ordu berean, baina denbora gutxiagoz

Langileei bazkaltzen ematen dieten jatetxeetan diote ordutegiak ez direla aldatu azken urteetan, ez era nabarmenean behintzat, baina otordu nagusia azkarrago egiten dute orain, tarte txikiagoan.

xabier martin
2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eguneko otordu nagusia norberaren ordutegiaren erreferentzia nagusi bat dela onartuta, langileek noiz bazkaltzen duten jakitea erakusgarri da gizartearen zati handi baten ordutegiari traza hartzeko. Jatetxeen eguneko menuetara joaten direnen ordutegian sartu-irten bat egin du BERRIAk, lurralde guztietan inkesta txiki bat eginez, eta ariketa horrek emaitza argi bat utzi du: azken urteetan ez da ohitura aldaketarik egon bazkaltzeko orduaren inguruan; alegia, ez da aurreratu edo atzeratu modu aipagarrian, eta edonork aurreikus dezakeen ordutegiarekin bazkaltzen dute langileek gaur egun ere.

Horrek esan nahi du jatetxe gehien-gehienetan 12:30etik 13:00etara hasten direla bazkariak ematen; 13:30 aldera betetzen direla jatetxeak gehien; eta 15:30-16:00 arte hartzen dituztela bezeroak. Haatik, ñabardura batzuk egin daitezke eguneko menuen ohiturak direla eta, inkestaren emaitzei jarraiki. Egia da bazkaltzeko ordua ez dela aurreratu azken urteotan, eta, areago, zenbait eskualdeetan atzeratu ere egin dela. Atzerapen hori, ordea, lanorduen banaketan egondako aldaketak eragin du. «Bulegoetako langileak orain beranduago datozkigu, enpresa askotan lanaldi jarraitua egiten hasi direlako», azaldu du Gasteizko El Porron jatetxeko arduradunak. Ostiraletan lanaldi jarraituaren eragin handiagoa ere sumatzen dela diote beste hainbat jatetxetan, Durangoko La Txantonesan, Erriberriko Gambarten eta Zizurkilgo Iriarten, kasurako. Langile horiek 15:00 aldera joaten zaizkie bazkaltzera; lana bukatzean, alegia.

40 minutuz gehienez

Bazkaltzeko zenbat denbora erabiltzen den aztertuz gero, badago aldaketa bat. Jatetxeetako arduradunek diote 20, 30 eta gehienez 40 minutuan bukatzen dutela otordua beharginek. Batek edo bestek ordu laurden bat ere aipatu du. Edonola ere, langileak ez dira mahaian ordubete edo ordu eta erdi egoten, orain urte batzuk gertatzen zen antzera. Kafea, kopa eta purua aspaldiko kontua da. Lanaldi zatituan bazkaltzeko tartea txikiagoa delako zantzua da hori. Alegia, bi orduko etenaldiak iragana dira, edo izateko bidean dira, sektore askotan.

Lurraldeka ere nabarmen daitezke aldaketa txiki batzuk bazkaltzeko ordutegian. Galdetutako Gipuzkoako jatetxe gehienetan 12:30ean finkatu dute bazkariak ematen hasteko ordua. 13:00etarako jangela betetzeko bidean dute askok; adibidez, Arrasateko Hilarionen. Beste lurraldeetan, jatetxe gehienek 13:00 aipatzen dute hasiera ordu gisa, eta 14:00etan jartzen dute jangela dena emanda dagoen garaia.

Iparraldean, lehenago

Ipar Euskal Herrian, ezaguna denez, lehenago hasten da bazkaria. 12:00etarako zabalik daude jangela gehienak, eta 15:00etarako oso normala da itxita egotea. Lanegunei dagokienez, betiere, ez dago alde handirik Gipuzkoako zenbait eremurekin, baina bai beste lurraldeekin.

Eguneko menuak ematen dituzten jatetxeek asko sufritu zuten 2008tik aurrera. Tuperrak ordezkatu zuen jatetxea langile askoren kasuan, baina, azken hiru urteetan, jarduera gora doa, zauri hark utzitako arrasto askorekin bada ere. Plater bakarraren eskaintza oso hedaturik dago, adibidez. Orain lehen baino gutxiago jaten dela pentsatzeko arrazoiak ere badira, baina elikadurari dagokion atal horrek beste inkesta bat egitea eskatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.