Madrilek zor dion dirutik 138 milioi euro aurki jasoko ditu Arabako Ogasunak

2009ko zerga bilketan krisiak eragin dien zuloaren %4 estaltzea lortuko dute aldundiek ordainketari esker

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2009ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
EAEko ogasunei apur bat gozatuko zaizkie Gabonak. BEZa dela eta, Espainiako Gobernuak Arabari itzuli beharreko diruaren parte bat, 138 milioi euro, urtea amaitu baino lehen jasoko dute. Diru hori, ondoren, hiru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean banatu beharko da, Ekarpen Legeak agindutakoaren arabera.

Joan den ekainean, auzi fiskalak aztertzen dituen arbitratze batzordeak ebatzi zuen 1990. eta 2005. urteen artean Mg-Rover autogileak Araiako gune logistiko batetik inportatzen zituen ibilgailuen BEZa likidatzeko eskumena Arabako Ogasunak zuela. Asteon, ordainketari buruzko akordioa lortu dute Arabako Foru Aldundiak eta Espainiako Ogasun Ministerioak. Azkenean, 434 milioi euro baino gehiago itzuli beharko dizkio Madrilek aldundiari.

Hasiera batean, 456 milioi izango zirela zabaldu zen. Haatik, ordainketaren eztabaidan auto guztiak ez zirela Arabatik atera ondorioztatu dute teknikoek, eta kopuru horretatik hogei milioi murriztu dira.

Ordainketaren lehen partea «asteon» jasotzea espero du Arabako Ogasunak. Falta dena, beste 296 milioi euro, heldu den urtean ematea onartu du Ministerioak. EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak ez trabatzeko lortu zuen akordioan zehaztutakoaren bidetik, uztaila baino lehen jasoko du Arabak diru hori.

Arbitratze batzordearen erabakia jakin zenetik tentsio uneak izan dira Arabako Ogasunaren eta Espainiako Gobernuaren artean. Izan ere, epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Madrilek Auzitegi Gorenean. Horrekin batera ordainketa eteteko eskaera egin edo ez aztertu zuen, baina, hala eginez gero, interesak exijituko zizkiola ohartarazi zion Xabier Agirre diputatu nagusiaren foru gobernuak.

Lortutako akordioaren balioa goratu zuen Agirrek berak, atzo egindako agerraldian. «Roverren BEZa itzultzea Arabako foru gobernuak aldarrikapen horri eutsi izanaren ondorio da», ziurtatu zuen.

Kontuentzat, lasaitu arina

Eskumenei buruzko auzia izateaz gain, BEZari buruzko eztabaidak garrantzi ekonomikoa ere izan du, atzeraldiaren eraginez kontu publikoak asko ahuldu direlako. EAEko ogasunek eskertuko dute espero ez zuten ordainketa, baina krisiak eragindako zuloa apur bat arintzeko baino ez du balio.

Aurtengo aurrekontuak egiteko erabili ziren aurreikuspenetan zerga bidez 13.590 milioi euro jasoko zituztela kalkulatu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoak, baina krisiak bilketa zeharo hondoratu du. Urrian eginiko azken zenbaketaren arabera, urte amaieran 10.388 milioi bilduko dituzte, espero baino ia 3.200 milioi gutxiago. Madrilek itzulitako diruak zulo horren %4 estaliko du, baina ez gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.