Madrilek ziurtatu du zorra kitatzeak ez diela eragingo Hego Euskal Herriko erakundeei

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak esan du asteak daramatzala Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen, eta hasieratik utzi diela argi zorra kitatzeak ez diela kalterik ekarriko. Pradalesek positibotzat hartu ditu hitzok.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa azalpenak ematen, gaur, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa azalpenak ematen, gaur, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko martxoaren 12a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute kezkatzeko arrazoirik. Espainiako Gobernuak erkidegoei zorra barkatzea erabaki du, eta Hego Euskal Herriko erakundeak beldur ziren etorkizunean zeharka zama horren zati bat euren gain hartu beharko ote zuten. Gaur, ordea, Maria Jesus Montero Ogasun ministroak zalantzak uxatu ditu: esan du Madrilek zenbait aste daramatzala bi gobernuekin hizketan, eta hasieratik utzi diela argi zorra kitatzeak ez diela kalterik ekarriko. «Neurri horrek ez du ekarpenak handitzea eragingo. Egin beharreko doikuntzak egingo ditugu», esan du EH Bilduk egindako galderari erantzunez.

Monterok azpimarratu du zorra kitatzeak ez diela mesederik egingo Hego Euskal Herriko erakundeei, baina kalterik ere ez. Hau da, kupoa negoziatzeko berriz elkartzen direnean, egin beharreko aldaketak egingo dituztela Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua beste autonomia erkidegoen zorraren kargu egin ez daitezen. Gainera, goraipatu egin du bi erakunde horiek finantzak kudeatzeko duten autonomia.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hizpide izan ditu Monteroren hitzak AEB Ameriketako Estatu Batuetan egiten ari den bisitan. «Positiboa da eta poztu egin nau presidenteordearen hitz horiek entzuteak», adierazi du, baina argi utzi du akordioa ez dagoela itxita oraindik, eta hori kontzertu ekonomikoari buruzko hurrengo bilkuran adostu beharko dutela. Monterok esan bezala, berretsi du asteak daramatzatela Ogasun ministerioarekin harremanetan kontua argitzeko, «izan ere, ez litzateke justua izango Euskadik zor horren zati bat bere gain hartzea. Guk etxeko lanak eginda ditugu».

Desoreken menpe

Guztira, 83.252 milioi euroko zorra hartuko du bere gain Espainiako Gobernuak. Baina zorra kitatzeak zuzenean eragingo ez bazien, zergatik zeuden urduri Hego Euskal Herriko erakundeak? EAEk eta Nafarroak finantza autonomia izanagatik ere, bi administrazioen kontu publikoen egonkortasuna Espainiaren finantza publikoen desoreken menpe dagoelako.

Estatuaren zorra handitzen bada, litekeena da EAEren kupoaren eta Nafarroaren ekarpenaren kalkuluan eragina izatea. Horregatik, Jaurlaritzak esana du ongi aztertuko duela akordioaren «letra txikia». Izan ere, bereganatu gabeko eskumenengatik Espainiako aurrekontuetan dutenaren %6,24 ordaintzea dagokio EAEri, eta %1,6 Nafarroari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.