Madrilek prezio apaleko hegazkin konpainiak zigortu ditu, abusuzko praktikengatik

179 milioi euroren isunak jarri dizkie, besteak beste, kabinako maletak kobratzeagatik eta informazioa emateko orduan garden ez jokatzeagatik.

Bidaiari bat maletak herrestan eramaten, Loiuko aireportuan, Bizkaian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bidaiari bat maletak herrestan eramaten, Loiuko aireportuan, Bizkaian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko azaroaren 22a
12:00
Entzun

Espainiako Kontsumo Ministerioak 179 milioi euroren isunak jarri dizkie bost hegazkin konpainiari (Ryanair, Vueling, Easyjet, Norwegian eta Volotea), abusuzko praktikengatik.

Zigortu dituen bost praktikak hauek dira: bidaiarien eskuko ekipajeagatik gehigarri bat kobratzea, eta gauza bera egitea adingabeei eta mendekotasunen bat dutenak laguntzeko asmoz eserlekuak elkarren ondoan erreserbatzen dituztenei. Horrekin batera, zerbitzuaren azken prezioari buruzko informazioa garden ez ematea egotzi die, aireportuan bidaia txartela inprimatzeagatik kobratzea, eta horregatik eta beste zerbitzu batzuengatik eskudirutan ordaintzen ez uztea.

Espainiako Gobernuaren ebazpenak debekatu egiten die konpainia horiei aurrerantzean halakoak egitea. Dena den, auzitara jotzea erabakitzen badute —eta hala egingo dutela iragarri dute—, ez dituzte zertan eten, epaile batek kontrakoa esaten ez badie.

Europako Batzordeak bolada bat darama konpainiei eskatzen adostu dezatela eskuko ekipajeari buruzko estandar bat, neurria berbera izan dadin denetan

Zigorrik handiena Ryanairri jarri diote (108 milioi euro). Hura izan zen lehen konpainia eskuko ekipajeagatik kobratzen hasi zena: 2018ko azaroan ekin zion horri. Vuelingi 39 milioi ordaintzeko agindu diote, Easyjeti 29 milioi, Norwegiani 1,6 milioi eta Voloteari 1,2 milioi. Kontsumo Ministerioak azaldu duenez, zigortutako praktiken bidez lortutako etekinaren arabera kalkulatu dute zenbateko isuna ezarri bakoitzari.

Kontsumitzaileen «kalterako»

Konpainiek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta Ryanairrek iragarri du hala egingo duela. Michael O'Leary kontseilari ordezkariaren arabera, Espainiako Gobernuak jarritako isuna «legez kanpokoa» eta «oinarririk gabekoa» da. «1960ko hamarkadako Espainiako lege zahar bat du oinarri, Espainia Europako Batasunean sartu aurrekoa». Ebazpena irmo eginez gero, zigorra kontsumitzaileen kalterako izango dela ohartarazi du. «Prezio apaleko aire konpainiek tarifak merkatzeko duten gaitasuna suntsituko luke».

Berdin pentsatzen du ALA Espainiako hegazkin konpainien patronalak —enpresen %85 biltzen ditu— . Uste du mugatu egingo duela kontsumitzaile bakoitzak zehazki behar duen hori kontratatzeko aukera, eta bidaia txartelen prezioak igo egingo direla. Elkartearen arabera, hiru bidaiaritik bik oinarrizko tarifak aukeratzen dituzte, ez daramatelako ekipajerik.

Gaur egun aire konpainia guztiek onartzen dute eskuko ekipaje bat eramatea, doan. Baina Europako Batzordeak bolada bat darama konpainiei eskatzen adostu dezatela eskuko ekipajeari buruzko estandar bat, neurria berbera izan dadin denetan.

OCU kontsumitzaileen elkarteak, bestalde, epaileei eskatu die kontuan har ditzatela gobernuak zigortutako praktikak eta kautelazko neurri gisa eten ditzala, epai irmo bat kaleratu arte. Horrez gain, kontsumitzaileak deitu ditu erreklamazioak jartzera. Dena den, nabarmendu du Europako Batasunak halako auziak arautu ezean zaila izango dela epaileek arrazoia ematea, bereziki nazioarteko bidaiei dagokienez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.