Tiradera batean zegoen eta tiraderan jarraituko du. Espainiako Gobernuak atzeratu egin du Nafarroa eta Landak (Akitania Berria, Frantzia) lotu asmo zituen goi tentsioko linearen eraikuntza. Cinco Días egunkariak jakinarazi duenez, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Europako Batzordeari bidali dion Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuan jada ez da agertzen 2030. urterako egin beharreko proiektuen artean.
Ez linea hori, ezta Aragoitik Frantziara joan behar zuen beste bat ere. Gauza bera egin du Frantziako Gobernuak. Aurten argitaratutako txosten batean, CRE Frantziako erregulatzaile energetikoak adierazi zuen bi egitasmoak ez zirela ekonomikoki bideragarriak eta lehentasuna eman behar zitzaiola gaur egun itsasotik Bizkaiko golkoan eraikitzen ari diren kableari.
Lurreko bi konexio berriak 2021eko Europako IKP interes komuneko proiektuen zerrendan agertzen ziren. Horren helburua da Europako Batasun osoko argindar sareak konektatzea, merkatu bakar bat osatzeko. IKP izendatutako egitasmoek bi abantaila nagusi dituzte: prozedurak bizkortu egiten dira, eta EBren laguntzak eta finantzaketa jasotzen dute. Orain, bi egitasmoak zerrenda horretatik kanpo gera daitezke. Alegia, ezerezean gera daitezke. Hala ere, Bruselara bidali duen txostenean, Espainiak dio ez duela baztertzen linea horiek eraikitzea, baina «2030aren osteko horizontean».
Frantziak ez du handitu nahi Espainiarekin duen interkonexio elektrikoa, eta Bizkaiko golkoa zeharkatuko duen itsaspeko kable elektrikoaren egitasmoa lehenetsi du
Printzipioz, Euskal Herria zeharkatu behar zuen linea berriak Nafarroan zuen jatorria, Itsaso-Muru Artederreta-Castejon goi tentsio sareko gune batean, eta Cantegriteko zentralean (Landak) amaiera. Pirinioak nondik igaro behar zituen zehazteke zegoen. Egitasmoaren aurkako alegazioak aurkeztu zituzten talde ekologistek.
Frantziaren mesfidantzak
Frantziak egitasmoari buruz agertu dituen zalantzek bultzatu dute Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa. Azken urteetan, Parisek mesfidantza handiz begiratu ditu Frantziako eta Espainiako argindar sareak lotzeko egitasmoak.
Izan ere, Espainiatik Frantzian barrena Europako merkatuetara sartuko litzatekeen argindar merkea —iturri berriztagarrietakoa— konpetentzia handia litzateke Frantziak ekoiztutakoarentzat. Garai batean, Parisek interesa erakutsi zuen halako proiektuen inguruan, bere energia Espainian saltzeko —zentral nuklearretakoa, nagusiki—, baina egoera aldatu egin da.
Horren adibide gisa aipatu izan da Bizkaiko golkoa zeharkatuko duen itsaspeko kable elektrikoarekin gertatutakoa. Egitasmo hori lurreko loturena baino zaharragoa da. Aurreikusita zegoen lanak 2025erako amaitzea, baina bi urtez geldirik egon dira. Azkenean, iazko udazkenean hasi ziren, eta 2027rako amaitu nahi dituzte. %63ko gainkostua izango du, 1.100 milioi euro gehiago. Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Gironda, Akitania Berria, Frantzia) lotuko ditu. 370 kilometrotik 280 joango dira ur azpitik.
Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko gaur egungo interkonexio elektrikoan, energia trukea %2,8koa da. Bizkaiko golkoko proiektuak gaitasun hori bikoiztuko du, eta %8ra iritsiko litzateke Nafarroako proiektua eta Aragoi eta Biarno arteko lotura egingo balira.
Azken horiek ez egitearen galera barne eskariaren igoera posible batekin konpentsatu nahi du Espainiako Gobernuak. Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratu berrituan dioenez, 2019ko planean aurreikusi baino %34 handiagoa izango da argindarraren barne eskaria 2030ean, eta gaur egungoa baino %50 handiagoa. Azken bost urteetan, baina, ia %11 apaldu da. Balizko igoera horren oinarria nagusiki industria sektorearen elektrifikazioa izango litzateke.