Talgok Hungariara egin nahi zuen bidaia gelditu du Espainiako Gobernuak. Atzera bota du Magyar Vagon konpainiak Espainiako tren ekoizlea erosteko egin zuen eskaintza publikoa. Hungariako enpresak 617 milioi euro eskaini zituen martxo amaieran Talgoren akzioen %100en truke (5 euro akzioko). Akziodunen oniritzia zuen operazioak, baina Madrilek zuen azken hitza, eta ezetz esan dio.
Oporren osteko lehen Ministroen Kontseiluan hartu du erabakia, Kanpo Inbertsioen Batzordearen txosten batean oinarrituta. «Segurtasun nazionaleko arrazoiak» argudiatu ditu betoa arrazoitzeko. Izan ere, Madrilek estrategikotzat dauka konpainia, Renferen hornitzaile nagusietako bat delako eta harekin batera egiten duelako trenen mantentzea —erdi bana dute Tarvia enpresa—. Gainera, Talgo abiadura handiko trenen fabrikatzaile nagusia da Espainian.
Gobernua 2023ko dekretu batean oinarritu da, eta dekretu horrek, hain justu, sektore, azpiegitura eta teknologia estrategikoetan atzerriko inbertsioak mugatzen ditu. Ekonomia Ministerioak argudiatu duenez, Talgok izaera estrategiko hori du «Espainiako segurtasun ekonomikorako, lurralde kohesiorako eta industria garapenerako funtsezko sektore batean».
Magyar Vagonek gobernuaren oniritzia behar zuen erosketa egiteko. Atzerriko inbertsioei buruzko legediaren arabera, Espainian egoitza duen enpresa bat erosteko haren baimena behar da, operazioa 500 milioi euro baino handiago bada.
Viktor orbanen itzala
Inor gutxik ukatzen du Espainiako Gobernuaren erabakiaren atzean arrazoi politikoak ere badaudela. Magyar Vagon Andras Tombor enpresaburuaren proiektu bat da. Viktor Orban Hungariako presidentearen gertukoa da Tombor, eta haren laguntzarekin garraio enpresa handi bat sortzen ari da. Azken urteetan Txekiako Aero Vodochody aeronautika enpresa eta Hungariako DJJ tren egilea erosi ditu. Talgo erosiz gero, abiadura handiko trenak ere batuko lituzke bere eskaintzara, eta aukera handiagoak izango lituzke Europako beste ekoizle handiekin lehiatzeko (Alstom, Siemens, CAF, Stadler...).
Talgo enpresa Euskal Herrian sortu zen, 1942an. Alejandro Goikoetxea ingeniariak sortutako patente bat merkaturatzeko eratu zen konpainia, Jose Luis Oriol Uriguen enpresaburuaren kapitalarekin. Lantegi bat du Ribabellosan (Araba), baina aspalditik ditu Madrilen egoitza fiskala eta produkzio gune nagusia.
Pegaso Transportation International da Talgoren akziodun nagusia, tituluen %40rekin. Haren barruan daude Trilantic funtsa (%63), Oriol familia (%20) eta Juan Abello enpresaburua. Haien arteko paktu batek dio batek akzioak saldu nahi baditu besteek gauza bera egin beharko luketela, eta Trilanticek argi utzi du bere inbertsioaren zikloa amaitu egin dela. Pegasotik kanpo, Torrente Blasco familiak %5,04 dauka, eta parte hartze txikiagoak dituzte Seguros Santa Luciak, Amundik eta beste batzuek. Akzioen %51 burtsan salerosten dira.
Iragarritako erabakia
Espainiako Gobernuak Talgoren zuzendaritzaren eta bere akziodun nagusiaren iritziaren aurka hartu du erosketa blokeatzeko erabakia, haiek salmentaren alde agertu baitziren. Haien ustez, operazio hori ezinbestekoa da Talgoren ekoizpen ahalmena indartzeko eta lehiaketa eta esleipenetan hautagai izaten jarraitzeko. Talgok 4.000 milioitik gorako eskaera zorroa dauka gaur egun, baina itota dago. Daukan lan guztiari aurre egiteko arazoak ditu, eta, besteak beste, eskulan eta produkzio planta gehiago behar ditu. Erosle batzuek —tartean bere bezero nagusia, Renfe— salatu egin dute konpainia, entregak atzeratzeagatik eta tren batzuetan izandako huts teknikoengatik.
Talgok 4.000 milioi euroko eskaera zorroa pilatu du azken urteetan, baina gaitasun arazoak ditu horiei erantzuteko
Espainiako Renfe izan da historikoki Talgoren bezerorik handiena, baina azken urteetan beste herrialde batzuetan lortu ditu kontratuak, hala nola Alemanian, Danimarkan, AEBetan eta Kazakhstanen. Hala ere, bere proiekturik handiena Saudi Arabiako Meka eta Medina hiriak abiadura handiko trenaren bitartez batzen dituena da.
Espainiako Gobernua hasieratik agertu da mesfidati Hungariako konpainiarekin. Oscar Puente Garraio ministroak berak adierazi zuen gobernuak bere esku dagoen guztia egingo zuela operazioa oztopatzeko.
Magyar Vagon gobernua konbentzitzen saiatu zen, eta ziurtatu bere industria planean konpainiaren egoitzak Madrilen jarraituko zuela eta Espainiako Burtsan kotizatzen zuela. Gainera, gobernua edo hark proposatutako enpresak akziodunen taldean sartzeko prest agertu zen. Hilabete hauetan, gobernua Magyar Vagonen alternatiba baten bila ibili da, baina bakarra aurkitu du: Txekiako Skoda Transportation tren ekoizlea. Haren parte hartzea planteatu zuen, baina orduan Talgok berak eman zion ezezkoa.
Espainiako Gobernuaren betoaren berri jakin eta gutxira, Magyar Vagonek adierazi du «bere esku dauden legezko ekintza guztiak» hasiko dituela, bai Espainian, bai Europako Batasunean. «Eskaintzak indarrean dauden legezko baldintza guztiak betetzen ditu», adierazi dute enpresako iturriek Efe agentzian.
Orain, Talgo Hungariako taldeak bere hurrengo urratsak noiz jakinaraziko dituen zain dago. Berretsi du bitartean bere industria jarduerarekin jarraituko duela, eta bere langileekin, bezeroekin eta hornitzaileekin dituen konpromiso guztiei eutsiko diela, «80 urte baino gehiagoko historian egin duen bezala».