Grebara deitu ez duten garraiolarien patronalarekin akordioa egin du Espainiako Gobernuak gasolioa merkatzeko, eta ikusteko dago eskaini dituen neurriak nahikoa izango diren greban ari direnek lanuztea bazter dezaten Euskal Herrian. 500 milioi euroren laguntzak jarri ditu mahai gainean Madrilek, baina ez du azaldu nola gauzatuko duen laguntza hori, zer neurri zehatzen bidez. CNTC Espainiako garraiolarien elkarterik handienak onartu egin du gobernuaren eskaintza, eta gaur jakingo da Hiru sindikatuak eta Bilboko Portuko autonomoek zer egingo duten.
Pedro Sanchez presidenteak aurreratu zuen moduan, martxoaren 29an lege dekretu bat onartuko du Espainiako Gobernuak, eta Frantziak iragarritako laguntzen ereduari jarraituko dio, Raquel Sanchez Garraio ministroak atzo esplikatu zuenez, garraioko patronalekin egindako bilera luze baten ostean. Frantziako ereduan, aurrekontu publikoek eutsiko diote laguntzaren zati bati, eta beste zati bat erregaia banatzen duten enpresek ordainduko dute. Dena den, Madrilek ez du erabakirik hartuko hilaren 24an eta 25ean egingo duten Europar Kontseiluaren aurretik.
500 milioi euroko laguntza hori orokorra da oso, eta, hortik aurrera, gehiago dira galderak erantzunak baino; alegia, ez dute jakinarazi ibilgailu bakoitzak bere ezaugarrien araberako laguntzak jasoko dituen edo beste modu batera egingo den, ezta gasolio litroa zentimotan zenbat merkatuko den ere; halaber, ez dute zehaztu laguntzak zenbat iraungo duen.
CAFek jarduera geratu du
Garraiolarien greba gero eta arazo gehiago sortzen ari da industrian eta banaketa zerbitzuetan, baina ez ditu erabat geldiarazi. Lehengaien eta osagaien gabeziak hainbat fabrikaren geldialdiak eragin ditu azken egunetan, ordea, eta CAFek jakinarazi du jardueraren zatirik handiena bertan behera utzi beharko duela bihar. Gipuzkoako industria enpresarik handienak iragarri du bere langile gehienak lanik gabe egongo direla bihar, baina ez du zehaztu zenbat iraungo duen egoera horrek. Beasaingo eta Irungo lantokietan, trenen fabrikazioan eta ibilgailuen azken faseko esparruetan izango da geldialdia. Lanik egin ezin duten beharginek aurrerago egin beharko dituzte ordu horiek, zuzendaritzak esan duenez.
Euskal Herriko gune logistiko nagusian, berriz, Bilboko portuan, «%100ean» ari dira lanean, Ricardo Barkala hango presidenteak ziurtatu duenez. Itsasontziak sartzen eta ateratzen ari dira, eta zamaketa lanak egin egiten dira. Arazoa da grebak asko murriztu duela portura sartzen edo handik irteten diren produktuen joan-etorria. Autonomoak dira nasetan ibili ohi diren kamioilari gehienak, eta haien artean du lanuzteak arrakastarik handiena.
Bizkaiko beste gune logistiko handi bat Mercabilbao da, janaria banatzeko zentroa. Gorka Moreno fruta eta barazkien handizkako elkarteko presidenteak azaldu du zenbait produkturen eskasia antzematen ari direla. Atzo goizean, Almeriako barazkiak —tomateak, lekak, berenjenak...— eta Valentzia aldeko laranjak eta mandarinak falta ziren. Igandean Errioxatik iritsi ziren barazki gehiago, baina ez dute espero asko iritsiko denik aste osoan. Horren ondorioz, handizkako saltzaileak biltegietan daukatena ari dira merkaturatzen.
Hiruren protesta
Hiru sindikatuak protestekin jarraitu zuen atzo. Ertzaintzak galarazi egin zuen haien kamioi karabana Bilboko erdigunera sartzea, eta baita Santurtziko portu ingurura hurbiltzea ere. Hiruk esan du Jaurlaritzak sektoreko bileratik kanpo utzi duela. Nafarroako Gobernua bihar goizean elkartuko da garraiolarien sindikatuarekin.
«Hemengo agintari politikoek hainbat erabaki hartu dituzte, eta ez garraioa babesteko». Zer neurri diren horiek? Zerga sistema aldatu dutela dio Hiruk, eta garraioko autonomoentzat «estatu osoko PFEZ garestiena» ezarri dela. Gainera, «Euskal Herria zeharkatzen duen bide nagusian» garraiolariei bidesaria jarri diotela gogoratu du; «zuzenean ogasunetara bidaltzen diren fakturetan beren QR kode bat sartzera ere behartu gaituzte».
Madrilek 500 milioi eskaini dizkie garraiolariei gasolioa merkatzeko
Neurri zehatzak hilaren 29an emango ditu dekretu batek. Grebarekin jarraitu ala ez erabakiko dute lanuztean daudenek gaur, eta egoera ez dago argi, gobernuak ez baitu haiekin negoziatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu