Armagintza

Madril ITPren kapitalean sartu da, Indraren bitartez

Euskal enpresaren %9,5 erosi du Espainiako Gobernuak kontrolatzen duen taldeak. Armagintzarekin loturiko egitasmoetan batera aritzea adostu dute.

Carlos Alzola, ITP Aeroko zuzendaria, Zamudioko (Bizkaia) egoitzan. MIGUEL TOñA (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 4a
12:12
Entzun

Pisuzko mugimendua defentsaren sektorean. Espainiako Gobernua ITP Aero euskal enpresaren kapitalean sartu da, akzioen %9,5 erosita, Indraren bitartez. Armagintzaren sektoreko Espainiako konpainia nagusietako bat da Indra, eta Espainiako Estatuak kontrolatzen du, %28rekin.

Mugimendu estrategikotzat jo dute erosketa. Ukrainako gerrak Europa berrarmatzea eragin du, bereziki NATOko kide diren herrialdeak, eta handitu egin dituzte defentsara bideratutako aurrekontuak. Espainiak 5.000 milioi euro gehiago jarri ditu aurtengo aurrekontuetan. Europako Batasuna armak modu bateratuan erosten ari da lehen aldiz, eta abian jarri ditu sektorea indartzeko programa berezi batzuk. Diru laguntza horien guztien parte bat erakartzeko mugimendua litzateke Madril bultzatzen ari den enpresa kontzentrazioa eta enpresa horien kapitalean sartzea.

«ITP Aero kapitalean sartzea funtsezko urratsa da Indraren hazkunde estrategia berrian, Espainiako defentsa sektorearen enpresa bultzatzaile handi bihurtzeko, gure herrialdearen autonomia estrategikoa eta subiranotasun teknologikoa bermatzeko», adierazi du Marc Mutra Indrako presidenteak ohar batean.

ITP Aerok 1.047 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta horietatik %20 armagintza atalari dagozkio. «Euskal enpresa hazi eta hazi ari da, abiazio zibila suspertu delako eta defentsa negozioan eskari handia dagoelako», azaldu du Carlos Alzolak, konpainiako zuzendari nagusiak.

Armagintzaren negozioa

Erabakiak ez du inor ezustean harrapatu. Indra aspalditik ari baitzen ITP Aeroren zati bat erosi nahian. Azkenean, hasieran nahi zuen baino pisu gutxiagorekin parte hartuko du. %25 eskatu zuen, eta %9,5 izango du, 175 milioi euroren truke. Administrazio kontseiluan eserleku bat izango du.

Bi enpresek ekainaren 30era arteko muga jarri zuten ados jartzeko, baina negoziazioak aste batzuk luzatu dira. Epea bete baino egun batzuk lehenago, hurbiltze seinaleak erakutsi zituzten. Aldi baterako enpresa elkarte bat sortu zuten, Espainiako Defentsa Ministerioaren 80 milioi euroko kontratu bat eskuratzeko.

Armagintzaren sektorean bi enpresen arteko kolaborazioa ez da egitasmo horretara mugatuko. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) ostiral honetan bidali dioten informazioaren arabera, akzioen erosketarekin batera lankidetza hitzarmen bat sinatu dute FCAS Europako programako deialdietara batera aurkezteko. Egitasmo horrek Europako aire gerra-sistema berria diseinatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritza, adi

ITP Aero, hain zuzrn, Bain Capital inbertsio funtsaren esku geratu zen 2022ko irailean, Rolls Royceren akzioak erosi zituenean. Orain, konpainiaren %75,5 izango du. Bigarren akziodun nagusia JB Capital funtsa izango da (%10), eta Indra hirugarrena (%9,5). Eusko Jaurlaritzak %6 izango du, eta Aperribai familiaren Sapa Placencia armagintza enpresak %5 —Indraren parte ere bada—.

Bain Capital ITP Aeroren akziodun nagusi bihurtu eta gutxira, Eusko Jaurlaritzak ITP Aeroren kapitalean berriz sartzea erabaki zuen, Finkatuz funtsaren bidez, enpresa Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko, inbertsio funtsen kasuan ohikoa izaten baita enpresak erostea eta urte gutxira saltzea.

1989. urtean sortu zuten ITP Aero, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin. Eurofighter Typhoon gerra hegazkinaren motorra garatzeko nazioarteko programa baten harira sortu zuten. 2016az geroztik, Rolls Royce zuen akziodun bakar. Indrak 2019an egin zituen lehen urratsak kapitalean sartzeko.

Indraren itzal luzea

Garraioetan, telekomunikazioetan eta energia sektorean aritzen da Indra, baina adar militar oso inportantea du, eta horri lehentasuna emateko mugimenduetan ari da haren akziodun nagusia, Espainiako Gobernua —akzioen %28 ditu—.

Haren ekimenez, iazko udan aldaketa esanguratsuak egon ziren konpainiaren administrazio kontseiluan. Kargutik kendu zituzten bost kontseilari independente, ez ziotelako babesik eman konpainiako buruak gidatu nahi duen aldaketari. Eta beste hiruk kargua utzi zuten, protesta gisa. Kargugabetze horretan, Madrilek bi aliatu izan zituen: Joseph Oughourlianen Amber funtsa eta Andoaingo Sapa. Ondorioz, Indrako kontseiluan sartu zen Jokin Aperribai Sapako buru eta Realeko presidentea. Indran zuen parte hartzea %5etik %8,5era handitu zuen 2021ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.