Basque Trade Invesment agentzia koordinatzen hasi da Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko alor guztia, baita SPRI barneratuta ere, eta Ainhoa Ondarzabalek (Tolosa, Gipuzkoa, 1968) hartu du agentziaren zuzendaritza. 2017an euskal esportazioek izan dituzten kopuru bikainek aurten ere segida izango dutela azaldu du.
Esportazioak errekor kopuruetan dira. Euskal enpresa nazioartekotzeko ahaleginak emaitzak eman dituela ematen du. Gustura?
Frogatua dago nazioartekotzeari heldu dioten enpresek hobeto jasan dutela krisi egoera. Lehiakor izaten laguntzen du atzerrira saltzera ateratzeak, eta, bai, oso gustura gaude emaitzak ikusita.
23.857 milioi euro esportazioetan, iaz baino %10 gehiago. Horrelako hazkundeari eutsi ahal izango zaio aurten?
Intergune+ nazioartekotze foroa egin berri dugu, eta mundu zabaleko eragile askorekin egon gara. Dinamismoa izugarria izan da. Ez dakit 2018ko zenbakiek gora egingo duten, baina kopuruei eutsiko zaiela bai.
Esportatzeko sukarra dagoela ematen du. Zergatik da positiboa sukar hori?
Esportazioa enpresen nazioartekotzearen emaitza da, eta nazioartekotzea ez da aukera bat, obligazio bat baizik. Zergatik? Lehiakor egiten garelako munduko lehiakideekin lehiatuz. Hobeak egiten gara berrikuntzan, teknologian, zerbitzuetan... Azkenean, indartzen gara, eta merkatuak irekitzen jarraitzen dugu, bezeroen poltsa handituz. Merkatuak dibertsifikatzeak egonkortasuna ematen dio enpresari. Onurak asko dira, eta askotarikoak.
Basque Country marka baliatzeko eskatu diezue enpresei. Zer abantaila dauka Made in Spain erabiltzearen aldean?
Guretzat, oso garrantzitsua da marka propioa edukitzea. Marka hori ezagutarazi egin behar dugu munduan. Gure enpresak dira gure enbaxadorerik onenak; oso ondo ari dira, hemen eta kanpoan, baina baita enpresa ez hain handiak ere, negozio zehatzak aurkitu baitituzte. Haien irudi ona Euskal Herriaren markarekin lotzea oso positiboa da guretzat: kalitatea, seriotasuna, fidagarritasuna... hainbat bertute lotzen dira herrialdera. Gainera, garrantzitsua da Made In Spain markatik bereiztea, gure kalitatea, gure bertuteak beste batzuk direlako, herrialde industrial batenak. Desberdintzea positiboa da.
Lehentasunen arabera sailkatu dituzue munduko merkatuak. Nora esportatzea komeni da?
Oraintxe, Europako merkatuetara ari gara esportatzen gehien, Alemania eta Frantziara; gero, AEBak daude, baina laugarren lekuan Italia dago, berriro Europa. Mexiko eta Brasil ere pisua hartzen ari dira. Jomugak dibertsifikatu egin behar dira. Garatzeko bidean dauden herrialdeekin euforia moduko bat egon da, aukera oso onak egon direlako, baina baikortasun handiegiz aztertu dira akaso negozio horiek, arazo handiak dituztelako gauzak egonkortasunez egiteko. Horregatik, estrategia konbinatua behar da, herrialde industrialetara ere joaz. Haietan saltzea zailagoa da agian, baina beste baldintza batzuk daude lanerako.
Lehentasunak finkatu dituzue, hala ere.
Bai, hiru multzo egin ditugu. Lehenean sartu ditugu Alemania, Italia eta Erresuma Batua, baita Txina, Mexiko eta AEBak ere. Dimentsio handiko merkatuak dira guretzat. Bigarren multzoan, garatzeko bidean dauden batzuk sartu ditugu, baita Frantzia ere. Brasilen, Indian, Errusian... egon behar dugu, enpresei laguntzen. Eta, azkenik, esplorazio merkatuak daude. Urrutikoak dira, hazten ari direnak, eta gehiago haztekoak direnak. Gure presentzia murritza da horietan, eta helburua da kontaktuak egitea, diplomazia lantzea. Japonia, Iran, Hego Korea, Singapur, Maroko eta Emirerri Batuak sartu ditugu multzo horretan, esaterako.
Milanen bulego bat zabalduko duzuela iragarri duzue. Sarea osatuz doa...
Urtero gutxienez bat zabaltzea da gure ideia; enpresen beharrak aldatuz joan dira azken urteotan, eta haiengandik gertu egon behar dugubabesa emateko merkatuetan, bertatik bertara. Asko baloratzen dute hori; ondo dakigu. Harremanak errazten dizkiegu, negozioak hurbiltzen, bertako erakundeekiko zubi lana ere egiten dugu maiz.
Denek ezingo dute leku guztietara jo. Ez al dira helburuak gehiago zehaztu behar?
Bai, noski; denek ezin dute nazioartekotu; azterketa baten ondoren hartu behar dira erabakiak. Merezi baldin badu, estrategia oso bat garatzen da; bestela, ez.
Ainhoa Ondarzabal. BTI agentziako zuzendari nagusia
«'Made in Spain' markatik bereiztea garrantzitsua da guretzat, eta positiboa»
Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzeko estrategia berritu du, euskal enpresak eraginkorragoak izan daitezen atzerriko merkatuetara ateratzean. BTIk jomugak sailkatu ditu, lehentasunak ezarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu