Macronen ekonomia politika zalantzan ezarri du Andre Garretak

Baionako Merkataritza Ganberako presidenteak uste du huts egiten ari dela aberastasunaren banaketan. Ekonomia «sano» ikusten du

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
«Alde guzietatik erreformak egiteko borondatea dago, baina aztertu ote dute horrek zer eragin duen? Oxfamen arabera, 68 pertsonaren eskuetan dago munduko aberastasunen erdia. Aberastasunak ez daude ongi banatuak». Harrigarria iduritu balezake ere, Andre Garreta Baionako MIG Merkataritza eta Industria Ganberako presidentearen hitzak dira. Ipar Euskal Herriko ekonomia datuak aurkeztu zituen atzo; zalantzak erakutsi zituen Emmanuel Macron Frantziako presidentea aitzina eramaten ari den ekonomia politikari begira, eta argi iradoki zuen arazoetako bat aberastasunaren banaketan dagoela. «Itxaron behar da epaitzeko, baina galdera anitz ditugu, eta erantzunen zain gaude». Enpresa txiki eta ertainen «militantea» dela adierazi zuen, eta gaur egun ez direla behar bezala kontuan hartuak.

Hain zuzen ere, enpresa txiki eta ertainak dira Ipar Euskal Herrian diren gehienak, eta Garretak salatu du karga handiagoa izanen dutela Macronek abiatu dituen erreformekin. Zerga biltzea iturburutik eginez enpresen esku uztea da erreforma horietako bat; enpresen esku geldituko litzateke. «Karga administratibo bat gehiago», MIGeko buruaren iritziz, «funtzio publikoaren ordezkari bilakatzen ari gara». Langileek ere haien paga fitxan lansaria apaltzen ikustea ez du egoki jo.

Hala ere, Garretak uste du Ipar Euskal Herriko enpresak osasuntsu daudela. 415 enpresak erantzun diote MIGen galdeketari, eta, horietako %75en iritziz, negozioak egiteko giro egokia dago. Kontratu kopurua hobetzen ari da, eta 2017an baino inbertsio gehiago izan da. Ipar Euskal Herriko enpresaburuen %82k etorkizunean konfiantza du, galdeketaren arabera.

Miarritzeko aireportuan izan da apaltzea; besteak beste, «grebaren ondorioz»; eta turismoan ere apaltze bat izan da. Hiru arrazoi aurkeztu ditu hor MIGeko buruak: grebak, eguraldi txarra, eta erosahalmenaren apaltzea.

Garraio zergaz elkarrizketa

Ipar Euskal Herriko enpresen osasuna aipatuta, berehala atera da garraio saileko proiektuak garatzeko Euskal Elkargoak ezarri nahi duen zergaren gaia. «Onartezina», Garretaren hitzetan. Elkargoko paktu fiskala hautsi izana leporatu die hautetsiei, eta klase politikoarenganako konfiantza erabat galdu duela. Donazaharreko (Nafarroa Beherea) enpresa baten adibidea hartu du: 25.000 euroren irabaziak dituzte urtero; zergarekin, 15.000 euro pagatu behar lituzkete, Garretaren hitzetan. Lurralde guzirako garraio egitasmorik gabe, «ez du zentzurik». Hala ere, elkarrizketarako prest agertu da: «Bost urtez zero tasa aplikatzeko legeak eskaintzen duen aukera bazter dezagun, eta atxiki dezagun hamabi urteko leuntze politika». Euskal Elkargoari dagokio orain erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.