Sara Pagola. Eusko Jaurlaritzako Argentinarako eta Mercosurrerako ordezkaria

«Macrirekin euskal enpresek alde itzela nabarituko dute»

Kanpo inbertsioak erakartzeko erreforma ekonomikoek interesa piztu dute euskal enpresetan, Pagolaren esanetan. «Herrialdea bera da erakargarria, Mercosurrerako sarrera bikaina delako».

ALFRE ELGEZABAL.
Buenos Aires
2016ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
ELIKA Fundazioan, AZTIn edota Balentziaga Museoan kudeatzaile lanetan ibili ostean Saga Pagola elgoibartarrak hiru urte daramatza Argentinan lanean. Eusko Jaurlaritzak Buenos Airesko Puerto Madero auzoan duen ordezkaritzan hartu du BERRIA.

Argentinan euskal enpresen zenbat egoitza daude?

30 eta 40 artean daude. Egoitza hauetako kudeatzaile gehienak argentinarrak dira, nahiz eta egoitza bera euskal enpresa batena izan. Horiez gain, egoitzarik izan ez arren, zenbait euskal enpresak lan egin izan dute hainbat kontratu edo proiekturekin. Azkena, adibidez, landa eremuko baliabideekin lan egiten duen INKOA bizkaitarra.

Argentinak zer aukera eskaintzen dizkie euskal enpresei?

Egia esanda, azken urteetan euskal enpresentzat Argentina ez da batere erakargarria izan, kanpoko inbertitzaileentzat herrialdean sartzea oso zaila izan delako. Urteetan egon diren enpresak mantendu izan dira : ULMA, Forjas Irizar, CAF. Kaikuk, adibidez, alde egin du. Aspalditik ez da berririk etorri. Aurreko gobernuarekin produktuak inportatzeko murrizketa zorrotzak egon dira, eta enpresek oro har hemen lortutako mozkinak kanpora ateratzeko oztopo handiak izan dituzte. Erakargarriena, berez, herrialdea bera da, Mercosurrerako sarrera bikaina delako. Nazioarteko merkatuen aliantza horretan, orain etengabe hazten dabilen herrialdea Uruguai da, eta Argentina Montevideon inbertsioak egiten hasteko zubia ere izan daiteke. Hori dela eta euskal enpresak erakartzen saiatu gara baina zaila izan da Macri boterera heldu den arte.

Hainbeste igarri al duzue gobernu aldaketa?

EAEn SPRIk euskal enpresei urtean pare bat bileretara joateko deia egiten die. Batzar horietan, herrialde bakoitzak enpresei eskaintzen dizkien aukerak jorratzen dira. 2015eko apirileko batzarrean [Fernandez zegoen agintean], hamazazpi euskal enpresa bildu ziren. Urte bereko azaroan, Argentinako Gobernuan aldaketak zetozela sumatuta, batzarrera 30 enpresa inguru azaldu ziren, aurrekoan ia halako bi. Macrik Kirchnerren gobernuak ezarritako muga ekonomiko guztiak dekretu bidez ezabatu ditu boterera heldu eta aste gutxira. Lehen, inportazioetan, baldintza zorrotz batzuen baitan zinpeko adierazpen bat egin behar zen,eta, gero, inportazio horiek onartzeko erabakiak oso pertsonalak ziren. Orain, dekretu berrien bitartez, dena dabil aldatzen, eta Argentinako merkatua laster oso ezberdina izango da. Martxoaren lehenengo astean, SPRIko zuzendari Alex Arriola Buenos Airesera etorriko da, eta Energia eta Industria Ministro berriekin elkartuko gara. Hemendik aurrera, nire lana izango da euskal enpresen indarguneak aurkeztea Argentinako probintzietako eta hiri handietako agintari berrien aurrean. Macriren gobernuak ekonomiari dagokionez sortuko dituen programen berri ere izango dugu. Aurreko astean, Federico Pinedorekin bildu nintzen; euskal jatorria du, eta, senatuko behin-behineko presidente izateaz gain, errepublikako presidenteordea da. Bada, Aranguren eta Cabrera ministroekin batzartzeko atea ireki digu. Pinedok, Macriren PRO alderdian indar handia du, eta gauzak erraztuko dizkigulakoan nago.

Azken urteetan Argentinara etorritako euskal enpresen tipologia aldatuko da orain?

Orain arte, hainbat sektoretako euskal enpresak egon dira, nahiz eta azken urteetan industria sektorekoak eta, bereziki, metalurgiari lotutakoak gailendu diren. Orain, etorle berrien profilak aztertuko ditugu hainbat ministeriorekin. Batetik, Macrik Argentinako iparralderako azpiegitura handiak eraikitzeko aurrekontu handiak barneratzen dituen Belgrano Plana sortu du. Euskal enpresentzat oso interesgarria izango da. Bestetik, energia plan berria egingo du, eta, batez ere,energia berriztagarrien munduan dabiltzan euskal enpresen interesekoa bihur daiteke.

Beraz, zure ustez, gobernu berriarekin kanpoko inbertitzaileek alde handia igarriko dute?

Macrik gobernuan daramatzan bi hilabete eskas hauetan alde itzela nabaritzen hasi da. Euskal enpresek ere alde itzela igarriko dute. Italiako lehen ministroa Argentinara etorri berri da, eta laster 600 enpresari italiarrekin itzuliko da. François Hollande egun gutxi barru bisitan dator, eta martxoan Barack Obama dator. Macrik zituen kontaktu guztiak mugitu ditu Argentinak ekonomikoki munduan beste irudi bat eman dezan, eta ematen du plan horrek berehalako erantzuna izan duela.

Argentinarekin batera, Mercosurren barruan Paraguai, Uruguai, Brasil eta Venezuela daude. Zeintzuk dira Mercosurren erronkak orain?

Nazioarteko itun horretan indarrik handiena Brasilek eta Argentinak daukate. Pinedo presidenteordeak orain dela gutxi esan zidan gobernu berriaren lehentasunetariko bat Mercosur indartzea dela, eta, behin hura indartuta, Europarekin harreman komertzialak izateko zubiak sortzen hastea. Bestalde, Mercosur TTIPtik zein Pazifikoa eta Atlantikoa komertzialki batu nahi duten itunetik kanpo geratzen denez, Mauricio Macrik Mercosur aliantza horietara bildu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.