Lurdes Amundarain. Hondarribiko Artizarra landetxearen jabea

«Luzeegi jotzen ari da egoera hau»

MAIALEN ANDRES/FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Izatez baikorra dela ziurtatu du, guztiari aurkitzen diola alde ona, baina egoera luzatzen ari da Lurdes Amundarainentzat. Hondarribiko (Gipuzkoa) Artizarra landetxearen jabea da, eta azken sei hilabeteetan apenas izan du bisitaririk. Eta haren ekonomiak igarri du beherakada: %80 inguruko galerak izan ditu 2020an, aurreko urtearekin alderatuta.

Badira hamasei urte aurreko lana utzi eta landetxea irekitzea erabaki zuela, eta hautu horrek bizi kalitate izugarria eman diola dio. Baina aurtengo datuek burutik pasarazi diote, guztiz serio planteatu ez badu ere, beste lanen bat bilatu beharko duela , diru sarrerek beherakada handia jo ondoren. Momentuz, ordea, ez du horretarako asmorik.

Oraindik ez du diru laguntzarik jaso. Ekainekoak ez zituen eskatu, «zorionez» ez duelako alokairua eta bestelako gastu finkorik, etxean bertan baitute ostatua. Eskatu duen laguntza bakarra Gizarte Segurantza ez ordaintzea izan da, jarduera eten behar izateagatik Espainiako Gobernuak onartutako laguntza. Hilean 283 euro horiek ez ordaintzea «gauza ederra» dela dio: «Diru laguntzarik ematen ez badigute, behintzat ez diezagutela ordainarazi». Eusko Jaurlaritzarenak ditu orain jomugan; pertsona bakarra denez, 6.000 euro emango dizkiote, oraintxe «beharrezkoak diren 6.000 euro».

Baina gauza txar orori alde ona atera zale denez, murrizketen leuntzean jarri du begirada, bai baitaki «jendea etxetik irteteko irrikaz» dagoela. Beraz, Jaurlaritzak mugak kendu bezain laster lana izango dutela uste du. Ez daki kasualitatea izango den edo ez, baina udako erreserbak jasotzen hasia da. «Luzea da hau, baina egunen batean bukatu beharko du; nik badut esperantza». Nolabait ere, horri ere aurkitu dio alde ona Amundarainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.