Mecaner Urdulizko (Bizkaia) trokelgintza historikoaren ibilbidea apirilaren 26an bukatu zela zirudien. 1961ean sortu zuten, eta kalitate handiko lanak egiteagatik zen ezaguna, baina Stellantis autogintza multinazionalak (Peugeot, Fiat, Citroen, Opel..) iaz erabaki zuen Mecaner ixtea. Apirileko egun hartan amaitu zen lantegiaren itxierako erregulazio txostena negoziatzeko epea, eta 144 langileek egun hartan bertan sinatu zuten kaleratzeen baldintzak hobetzen zituen akordioa. Lantegia ixtea eragozteko prozesua zortzi hilabeteko partida luze bat izan da, eta epaileak azken txistua jo zuela zirudien. Baina ez, ezustean luzapenera iritsi da: ELA sindikatua auzitara jotzea aztertzen ari da, uste baitu akordioa iruzurra eta «xantaia» izan zela.
Gai korapilatsua da, hari mutur askokoa, eta, horregatik, lehenbizi azaldu behar da Mecanerren negoziazio epea nola amaitu zen. Sindikatuek ez zuten onartu erregulazio txostena, baina bilera amaitu eta ordubetera langile batzordearen gehiengoak (LABek, ESK-k eta CCOOk) enpresak eskainitako transakzio hitzarmena onartu zuten. Bederatzi ordezkarietatik zazpik sinatu zuten; ELAko biek, aldiz, ez. «Ez genion aterik itxi inori. Bidea eman genion langile bakoitzak aukera ezberdinak izateari», gogoratu du Aritz Azkona LABeko ordezkariak: «Legeek horrelako deslokalizazioak babesten dituzte. Epaiketa batera iritsi, eta, halakoetan, ia inoiz ez dugu ikusi kasua irabazi dela, edo bertan behera utzi dela itxiera. Eta, hala balitz ere, langileak ez ziren lanera itzuliko Mecaner itxita egongo zelako jada. Epaileak kalte ordainak ezar ditzake, baina Mecaner itxita egongo zen».
«Ez genion aterik itxi inori. Bidea eman genion langile bakoitzak aukera ezberdinak izateari. Legeek horrelako deslokalizazioak babesten dituzte».
ARITZ AZKONALAB sindikatuko ordezkaria
Transakzio hitzarmenak kaleratzeen baldintzak berrikusteko egiten dira, eta, normalean, legezko baldintzak hobetzeko egiten dira. Enpresak, baina, langile batzorde osoak sinatzea exijitu zuen, eta ELAren ezezkoa jasota, galdeketa lantaldera eraman zuten. Langile guztiek sinatu zuten.
Zeintzuk ziren, bada, baldintzak? Lan eginiko urte bakoitzeko 55 eguneko soldatako kalte ordaina 36 hilabeteko mugarekin —hiru urte osoko soldata, alegia— eta legeak ezartzen dituenak baino kotizazio osagarri hobeak: 53 urtetik gorakoentzat 61 urtera artekoak, eta 55 urtetik gorakoentzat, berriz, 63 urtera artekoak. Hori bai, akordioa sinatzen zuten langileek uko egiten zioten epaitegietan helegitea jartzeari.
Zaragoza eta Vigo
Ez sinatzeak, aldiz, kaleratze arrunta zekarren, asko jota urte bateko soldatako kalte ordaina eta sei urteko kotizazio osagarria 53 urtetik gorakoentzat. Edo Zaragozara (Aragoi, Espainia) edo Vigora (Galizia) lekualdatzea. Hori bai, helegitea jartzeko eskubidea mantenduz.
«Akordioan, lan erregulazioan sar ezin daitezkeen murrizketak sartu dituzte formula juridiko bat baliatuz. Langileei esan diete: 'ez baduzu sinatzen, ez zaitut kaleratuko, eta Vigora edo Zaragozara joango zara'. Hori iruzurra eta xantaia da». Azalpena Pello Igeregirena da, ELA sindikatuko negoziazio kolektiboen arduradunarena.
Igeregik argitu du Mecanerreko ELAren afiliatuek erabakiko dutela salaketa jarri ala ez. Gaur egun, 70 inguru dira, ia langileen erdiak, azken hilabeteetan askok eman baitute izena.
Hiru aukera posible daude: baga, kaleratze guztiak bertan behera uzteko eskatzea; biga, haien afiliatuen oinarrizko eskubideak urratu direla salatzea, edo higa, gauzak dauden bezala uztea. Lehen aukera gauzatzeko, epemuga bat du ELAk: hogei lanegun lehen kaleratze oharra iritsi zenetik. Oraindik aste pare bat gelditzen zaizkio.
«Trantsizio planaren kudeaketak kaleratzeak erraztu zituen. Planak espresuki dio Mecaner ez dela bideragarria».
PELLO IGEREGIELAren negoziazio kolektiboen arduraduna
ELAren ustez, epaileak salaketa orokorra onartuko balu, «hutsetik» errepikatu beharko litzateke prozesuaren azken txanpa; aldiz, salaketa indibidualak onartuko balitu, langileak berriz kontratatzea eska lezake, «kautelazko neurri gisa». LABek, aldiz, uste du ez lukeela eraginik izango transakzio hitzarmenaren kalte ordainean, baina bai hobeturiko kotizazio osagarrietan eta erretiro aurreratuetan. Kasua hain da berezia, zerbait aurreratzea zaila da.
Bideragarria da
Mecanerren borrokaren azken txanpa garratza izan zen, eta lantaldeak zatituta amaitu zuen. Besteak beste, sindikatuek bide ezberdinak hartu zituztelako. Hura izan zen egungo egoeraren hazia. ELAk greba mugagabera deitu zuen otsailaren 7tk aurrera, eta beste sindikatuek ez zuten bat egin. «Sindikatu talka baino gehiago, estrategia ezberdinak izan ziren», azaldu du Azkonak, diplomatikoki. «Sei hilabeteko kalkulu bat egin behar duzu, eta erregulatu. Gu harremanak josten saiatu ginen tarte horretan, erakundeekin, gizarte eragileekin... Esaten dute guk trantsizio plana greba ez egiteko aitzakiatzat erabili genuela, eta ez da egia; guk uste dugu erabat egingarria dela».
Planaz mintzatzean, langile batzordeak eskaturiko Mecanerren trantsizio ekosozial planaz ari da. Haren arabera, enpresaren jarduna birmolda zitekeen, besteak beste, auto baterien kutxak eta elektrolizadoreen plakak ekoizteko.
Igeregik argi utzi nahi izan du ELAk hasieratik begi onez ikusi zuela plana, eta langile batzordeak sustatu zuela, baina ez datorrela bat egin zen erabilerarekin: «Kaleratzeak erraztu zituen. Planak espresuki dio ekoizpena ez dela bideragarria. Kaleratzeak negoziatzen ari zarenean enpresari ixteko argudioak ematen badizkiozu, gero ezin duzu helegiterik jarri aurkakoa esanez».
LABek, ESK-k, Urdulizko Udalak eta hainbat eragilek bilera egitekoa zuten aste honetan planarekin aurrera jarraitzeko bideak aztertzeko. «Lantegiaren barruan makineria baliotsua dago, eta azpiegiturak zutik dirau. Autogintza, baina, krisi betean dago, eta harri eusteko beste ekoizpen bide batzuk behar dira».
Etorkizunera begira, baina, ELAk beste asmo bat du, edo bai behintzat epe motzean. Igeregi: «Trantsizioari ekiteko, lantegiak irekita egon behar du, eta, horretarako, lan karga behar da». ELAko ordezkariak uste du greba ez orokortu izanak Stellantis estutzea eragotzi duela: «Epe baterako lan karga greba bertan behera uztearen truke izan behar zen negoziazioa».
Hirurogeirentzako lana
Izan ere, ELAk uste du autogintzak baduela tokia Stellantisen, bai behintzat epe motzean. Kanpotik eginiko trokelen konponketa eta zuzenketa da Mecanerren jardunetako bat, eta, ELAren ustez, horrek etorkizuna izan dezake. 50-60 langilerentzako lana litzateke, eta ELAko afiliatuak «gogotsu» leudeke enpresa haien gain hartzeko. Sindikatuak dio Stellantisekin «lehen harremana» egina duela, eta haren erantzunaren zain dagoela orain. Dena den, badakite zaila izango dela.
LABek ez du ezkutatu harriduraz hartu dutela ELAren egitasmoa, ez baitute halakorik eztabaidatu lantalde osoarekin eta instituzioekin, eta larria iruditzen zaie langileen multzo bat bakarrik hartuko lukeen aukera bat aztertzea.
Mecaner salbatzeko partida luzapenean da, baina epaileek eta enpresak zeresan handia dute oraindik, eta laster jakingo da itzuliko partidarik egongo den, edota aurrerago begira jarrita, enpresak beste kanporaketa bat jokatuko duen.