Behingoz, epelkeriak alde batera utzi, eta sukar iraultzaile batek jo al zaitu titulu hori aukeratuta?
Ez nuke halakorik esango, baina oso erraza jarri didate istorioko protagonistek: Dior eta Armani luxuzko produktuen egileek.
Zer egin dute? Txinan merke-zurrean egindako poltsa bati haien logoa jarri, eta dirutza baten truke saldu, ala?
Hamar ez, baina bost puxtarri zuretzat. Gutxi gorabehera hori egitea leporatu die Italiako Monopolioaren Aurkako Agintaritzak, AGCMk, baina zehaztasun batekin: Italian egindakoak dira produktuak, baina Txinako konpainiek egindakoak, Txinatik eramandako langileekin. Aste honetan, AGCMko ordezkariek eta Italiako finantzetako poliziako kideek arakatu egin zituzten Armaniren egoitza nagusia eta beste bulego batzuk, eta Diorren Italiako adarreko egoitza.
Zeren bila ari ziren?
Bi konpainia horiek beren bezeroei iruzur egiten dietela erakusten duten frogen bila. AGCMk azaldu duenez, luxuzko marka horiek nabarmendu ohi dute beren produktuak artisau moduan egiten dituztela «bikaintasunean trebatutako langileek». Adierazpen horien kontrara, AGCMk uste du beste enpresa batzuk azpikontratatzen dituztela zenbait lan egiteko, eta kasu batzuetan, azpikontrata horietan «soldata desegokiak» ordaintzen dituztela, eta baldintza txarretan: langile batzuk tailerren gainean bizi ziren, pilatuta, eta material sukoiz inguratuta. Batzuek ez zuten Italian bizitzeko baimenik.
Soldata eskasak, irabazi apartak?
Diorren jabe LVMHk inoizko urterik onena izan zuen iaz, eta 6.300 milioi euroren irabaziak pilatu zituen. Mozkin horien zatirik handiena jantziek eta jantzien osagarriek osatu zuten, garesti saltzen baititu. Adibide bat eman du Italiako monopolioaren aurkako taldeak: Txinako hornitzaile bati 53 euroan erositako poltsa 2.600 euroan saldu zuen.
2.600 euroko poltsa! Poltsa sakona izango da gero!
Egia esateko, ez dakit zer neurritakoa den, baina esango nuke mukizapiak, giltzak eta telefonoa sartuz gero leku handirik ez zenukeela izango. Hori bai, kaletik joatean, ongi erakutsi marka, hori baita luxuzko produktuen helburua: besteek zu haietako batekin ikustea.
Salaketek ez diote mesede handirik egingo Armaniri eta Diorren ospeari...
Batere ez, ospea eta kalitatea saltzen baitute. Horregatik, bizkor erreakzionatu dute. Diorrek esan du hautsi egin duela harremana Italiako bi hornitzailerekin, eta haiei egotzi die irregulartasunen errua: «Nahiz eta gainbegiratze asko egin, bi hornitzailek praktika horiek ezkutatu ahal izan dizkigute», azaldu du, eta gaineratu bere hornidura kateak sakon aztertuko dituela horrelako kasuak berriro gerta ez daitezen. Armanik, bere aldetik, ziurtatu du akusazioek ez dutela «funtsik», eta, hortaz, errugabetu egingo dutela.