Lurzaindia sozietatea sortu dute, lur saltze espekulatiboak geldiarazteko

Ipar Euskal Herriko laborantza lurrak kolektiboki erosi, eta bertan laborariak ezarriko dira

ELB, EHLG, Arrapitz eta Inter-Amap egituretako kideak, atzo, Lurzaindiaren aurkezpenean. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Laborantzako lur saltze espekulatiboak geldiarazteko xedez, Lurzaindia deitu sozietatea sortu dute ELB sindikatuak, Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG), Arrapitz eta Inter-Amap elkarteek. Herri aurrezkian oinarriturik, Ipar Euskal Herriko laborantza lurrak kolektiboki erosi, eta bertan laborariak ezartzea izanen da helburua.

«Laborantzan instalatzeko galdea bada, baina lan tresna atzematea izugarri zaila da», erran zuen atzo Marie Christine Elizondo ELBko kideak Baionan, Lurzaindiaren aurkezpenean. Hamar urtez, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gaindi 13.000 hektarea desagertu dira nekazaritzatik. Maiz, espekulazioaren logikari segituz, salgai diren lurrak ezin ditu erosi laborariak. «Gehiegikeriak diren aldi oro, merkatuan eskua sartu ahal izateko dugu tresna berri hori sortu», Dominique Amestoi ELBko kideak azalduduenez. Zehazki, helburu berdina zuen GFA Lurra egituraren aldaketa juridikotik da Lurzaindia sortu. Hori dela eta, GFA Lurraren kapitala eskuratu dute, hots, 700.000 euro. Hemendik azaroa bitartean, beste 350.000 euro eskuratzeko diru bilketa eginen dute.

350.000 euro bildu behar

Iragan larunbatean hasi zuten diru bilketa, EHLGren urtebetetzearen kari, eta azaroa arte iraunen du. Akzio baten balioa euro batekoa da, eta gutxienez 20 euroko ekarpena egitea eskatua zaie herritarrei. Elkarteek eta egitura publikoek ere egin dezakete emaitza. Hori baikorki baloratzen duten puntu bat da, ordura arte GFA Lurrak pertsona fisikoen emaitzak onartzen ahal zituelako bakarrik. «Laborariei elkartasuna erakusteaz gain, herri inbertsioa ere bada... lurra zaintzeko parioa da, kalitatezko janaria segurtatzeko gure haurrentzat, etxean baita ere kantinan», Elizondoren hitzetan.

Merkatuan «kontrapisua» egin ahal izateko diru hori beharrezkotzat jotzen du Arño Tikoipek,GFA Lurraren azken presidentea izandakoak. «Politika defentsibo batetik politika ofentsibo batera pasatu nahi dugu». Iraunkorki esku artean izanen dute dirua, ordura arte GFA Lurrak ez zuen gisara. Berez lurren kudeaketaz arduratzen den Safer egiturak luke funtzio hori bete behar, baina ez du egiten. «Nahikeria handia eskas dute», Amestoik azaldu duenez. Azken urteetan, urtero 3.500 hektarea lur dira saltzen Ipar Euskal Herrian eta Biarnon. Horietarik %10 dira bakarrik Safer egituratik pasatzen, eta horietan soilik 37 hektareatan du lehentasunez erosteko eskubidea erabiltzen. Gogor salatu zuten, adibidez, berriki Baigorrin mendiko bi hektarea lur 10.000 eurotan eta Urruñan hiru hektarea eta etxaldea 360.000 eurotan saldu izanak. «Bere lana eginaraztera pusatu nahi dugu Safer», Maryse Cachenaut EHLGko kidearen hitzetan.

Lurzaindiaren antolaketa

ELB, EHLG, Arrapitz eta Inter-Amap egiturak Erne deitu sozietatearen barnean dira, eta horiek dute Lurzaindiaz erabakitzeko boterea. «Lurretik hasi eta platereraino, herri laborantza eta laborantza iraunkorraren alde dabiltzan egiturak dira».

Bertan ELBk hiru kide ditu, EHLG eta Arrapitzek bina eta Inter-Amapek bakarra. Hori dela eta, sortzaileek kudeatzeko eta erabakiak hartzeko «kontrol osoa»atxikitzen dute, baina diru emaitzak egindakoek ez dute botere hori. Informazio eta kontrol eskubidea ukanen dute, haatik, akziodunek. Kontuen onarpenerako, irabazien banatzeko eta kapitala emendatzeko erabakietan parte hartzeko eskubidea ere ukanen dute. Erneri begira duten kontrol boterea segurtatzeko gisan,zaintza eta etika kontseilua izendatuko dute akziodunek.

Oraingoz, bi partaide dituzte: Herrikoa eta Terre de Liens. «Herrikoak bezala, Euskal Herriaren gaitasun ekonomiko azkarrean sinesten du Lurzaindiak, eta laborantza ardatz bat da», esan du Elizondok. Terre de Liens Frantziako elkarte bat da, lurrak kolektiboki eskuratzen dabilena. Egitura horrekin jarri ziren harremanetan 2011n, egitasmoaz gogoetan hasi zirenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.