Gutxieneko soldatak finkatzeak, ordutegiak arautzeak, aparteko orduak mugatzeak, aldi baterako lan enpresen erabilera oztopatzeak, azpikontraten hautaketa baldintzatzeak eta kontratazio publikoetan gizarte klausulak ezartzeak kalte egiten diote enpresen lehiakortasunari, eta langileentzat kaltegarria izan daiteke. Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) iragan maiatzean argitaraturiko gida baten ondorioetako batzuk dira horiek. LEAk auzitan jarri ditu Euskal Herriko lan hitzarmenetan oso ohikoak diren klausuletako asko, eta haiek ez onartzea gomendatu die enpresariei. Aholku horiek sindikatuen eta hainbat alderdi politikoren haserrea piztu dute, eta erretiratzeko eskatu dute.
Gidaren aurkezpena nahiko oharkabean pasatu zen. Hauteskunde garaia zen Hego Euskal Herrian, eta arreta mediatikoa beste nonbait zegoen. Apurka, baina, zabalduz joan zen, eta hautsak harrotu zituen. Haren berri jakitean, Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak erretiratzeko eskatu zion LEAri, baina hark ez zuen halakorik egin, berezko «independentziaren» izenean. Oraindik aurki daiteke haren webgunean. Elur bola handituz joan zen, eta Alba Urresola LEAko presidenteak karguan ez jarraitzea erabaki zuen. Abuztuaren 15ean amaitu zen haren agintaldia, eta, «arrazoi pertsonalak» zirela medio, ez zuen luzatu. Oraingoz ez du ordezkorik.
Lurrikararen erreplikak Eusko Legebiltzarreraino iritsi ziren atzo, EH Bilduk gida ondoriorik gabe uzteko aurkezturiko legez besteko proposamenaren bidez. Koalizio abertzaleak ez ezik, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek alde bozkatu zuten, eta gida erretiratzeko eskatu zioten LEAri. Lan negoziazioetan kontuan ez hartzea nahi dute, eta legebiltzarrak askatasun sindikalarekin duen konpromisoa berretsi zuten.
Pazis Garcia EH Bilduko legebiltzarkidea izan zen hitza hartzen lehena. Kritika zorrotza egin zion agiriari, haren ustez «ultraliberala» delako, 2012ko lan erreforma oinarri duena, eta «enpresak bakarrik hartutako erabakietan» oinarrituriko lan harremanak bultzatzen dituena. «Negoziazio kolektiboa ere oztopotzat jotzen du», salatu zuen.
Maitane Ipiñazarrek hitz egin zuen EAJren izenean, eta gidak «langileen eskubideen aurka» egiten duela nabarmendu zuen, eta kalitatezko enplegua definitzen duten ezaugarri asko «era negatiboan» deskribatzen dituela. Ekain Rico izan zen PSEren ahotsa, eta eskaerak legebiltzarrean izandako onarpen zabala txalotu zuen —%90—. Azaldu zuen gida hori «esku hartze larria» dela eta parlamentuak haren aurka egiteko «obligazioa» duela.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak auzitan jarri zuen LEAren independentzia, eta txostena diru publikoz ordaindu izana salatu zuen: «Langileak hobeto esplotatzeko aholkuak ematen dituen gida bat». Luis Ignacio Gordillo PPko legebiltzarkideak, aldiz, gida ez erretiratzeko eskatu zuen.
Lurrikara baterako gida
Lehiaren Euskal Agintaritzak lan merkatuari buruz argitaraturiko gidak auzitan jarri ditu sektore mailako lan hitzarmen ugaritan jasotako oinarrietako asko. Sindikatuak sutu ditu, eta Eusko Legebiltzarrak erretiratu dezala eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu