Neguko haizea fin dabil Jackerath-eko begiratokian, Alemania mendebaldean. Halako begiratokiak mendi ikusgarriak, hondar fineko badia ederrak eta begiari atsegin ematen dioten beste paisaiak ikusteko jarri ohi dira. Ez da halakorik Jackerathen; pasabide metalikoaren amaieran zabaltzen den paisaia ikusgarria da, bai, baina haren edertasuna, gutxienez, zalantzazkoa da. Garzweilerreko lignito meategia ikusten da handik, lurrazalean egindako 48 kilometro koadroko zauri bat.
Oso kutsatzailea eta ez bereziki eraginkorra, halakoa da lignitoa, ikatz arrea ere deitutakoa. Hura da atmosferara CO2 gehien isurtzen duen erregaia, baina ikatz arruntak baino energia gutxiago sortzen du, ura baita haren osagai nagusietako bat. Eta badu beste alde bat ikatz beltzarekin konparatuz: ez da lurpean bilatu behar, baizik eta lurrazaletik erauzi, eta han geratzen da zauria, denek ikusteko moduan.
Historikoki, Alemania izan da munduko lignito ekoizle nagusia, nahiz eta Txinak aurrea hartu dion azken urteetan. 1870eko hamarkadan hasi ziren ustiatzen, eta, Ruhr-en arroko ikatz beltzarekin batera, Alemaniaren industrializazioa abiatu eta elikatu zuen erregai horrek.
Atmosferara isuritako kea izan da lignitoak eragindako kalte nagusia, baina lurrean ere aztarna nabarmena utzi du, datuek erakusten dutenez: lignito meategiek erabat hondatu dituzte 180.000 hektarea lur Alemanian, Gipuzkoaren eremua baino pixka bat gutxiago. Basoak, soroak, baserriak eta herriak zeuden lur horietan: 1924. urteaz geroztik, 313 herri eta herrixka desagerrarazi edo mugitu dituzte lignito meategiei lekua egiteko.
Horietako 50en bat daude Ipar Renania-Westfalian, tartean Garzweiler, harik eta bere izena daraman meategiak irentsi zuen arte 2003an. Kilometro batzuk hegoalderago Manheim dago, eta herri horietako bat izateko bidean da. Hutsik daude etxeak, eta eliza dotorearen leihoak estalita daude. «Hiru etxetan bakarrik geratzen da jendea», kontatu du Dirk Jansenek, Bund talde ekologistako Ipar Renania-Westfaliako arduradunak. Haien eta ingurumenaren aldeko beste aktibistei esker, azkena izatekotan da Manheim. Izan ere, 2030ean itxiko dira azken lignito meategiak Ipar Renania-Westfalian.
%21,9Lignitoak zenbateko pisua duen argindar sorkuntzan. 2000. urtean, Alemaniako argindarraren %52,15 lortu zuten lignitoa erreta. Kopuru hori txikituz joan da ia-ia urtez urte, baina 2023ra arte ez zuen gainditu beste iturri batek: eolikoen bidez argindarraren %27,7 ekoitzi zen urte horretan, eta lignitoa erabiliz %25,2. Ehuneko hori %21,9ra jaitsi zen iaz.
Ez da bide erraza izan. 1970eko hamarkadaren amaieran hasi ziren Bund eta beste talde batzuk lurrazaleko meategien aurka protestan. «Orduan hasi ziren Hambacheko meategia ustiatzen, eta, geure borrokaren bitartez, nabarmendu nahi genuen nolako kaltea eragiten zion ingurumenari, lurpeko urari, basoei, klimari... Borroka luzea izan da». Baina fruitua eman du. «Gure lorpenetako bat hauxe da: lege federal batek dio 2030erako itxi egingo direla meategiak. Bestela, 2045ean ziren ixtekoak. 1.100 milioi tona lignitok lurrean jarraituko dute, eta ez dute milioika CO2 partikula isuriko atmosferara».
Handik gertu erretzen dute lignitoa -—ur asko duenez, garraiatzeko zaila da—, meategien eta Koloniaren artean dauden zentral termiko erraldoietan. Bien artean, haize errota erraldoiak nonahi, iraganaren eta geroaren arteko dialektika erakusten. Niederaussen, Frimmersdorf eta, haien gainetik, Neuratheko zentral termikoa, Europako kutsatzaile nagusien artean bigarrena.

Haren zazpi erreaktoreetatik bost itzali dituzte jada, azkena iaz, baina bi martxan daude, eta ke dorre ikusgarri batek are gehiago iluntzen du otsail arratsalde bateko zeru grisa Ipar Renania-Wesfalian.
Basoa salbatzeko borroka
Hambach borroka baketsu eta ez hain baketsuen agertoki garrantzitsua izan da 2012az geroztik Alemaniako mugimendu ekologistarentzat, eta ekintzaile batzuk hango basoan daude oraindik. 4.100 kilometro koadroko basoa zen Hambachekoa, eta horietatik 650 hektarea salbatu ahal izan dituzte, eta oasi da hori hain inguru humanizatuan bizi diren animalientzat. Meategien jabeak, RWEk, basoa desagerrarazi nahi zuen, eta Hambacheko meategia hegoaldera zabaldu.
Bundek irabazi egin zuen basoa babesteko guda, baina Jansenek onartu du zenbait bataila galdu dituztela. Urtarrilaren amaieran, epaitegiek baimena eman zuten Hambacheko basoa eta Stenheidekoa lotzen zituen natur korridorea deuseztatzeko.
«Gaur egun, energia berriztagarriei esker, ez da lignitorik behar, baina materiala lortzeko eta harekin beste leku bateko lurrak nekazaritzarako prestatzeko ustiatzen dituzte meategiak. Erokeria hutsa da»
DIRK JANSENIpar Renania-Westfaliako Bund talde ekologistako burua
Alferrikako txikizioa, Jansenen hitzetan. «Hondeamakinak lanean ari dira, baina orain helburu nagusia ez da lignitoa ustiatzea, ez baitago haren beharrik; berriztagarrien erabilera %60koa da orain, eta, CO2-a isurtzeko eskubideengatik ordaindu behar denez, ekonomikoki ere ez dauka zentzurik lignitoa erabiltzeak. RWE jabeak ere berriztagarriekin egiten du dirua. Gaur egun, materiala lortzeko eta harekin beste leku bateko lurrak nekazaritzarako prestatzeko ustiatzen dituzte meategiak. Erokeria hutsa da: balio ekologiko handiko baso bat txikitzen ari dira, zuloaren beste aldean zer-eta egitura berdeak eraikitzeko!».
Ikusi gehiago
Meategiak ixtea arazo sozial handien iturri izan da, bai Euskal Herrian, baita beste leku batzuetan ere —Asturiasen (Espainia) eta Frantzia iparraldean, esaterako—. Ipar Renania-Westfalian, ordea, bare dago giroa. «Arazo iturri izan zen bere garaian, eta eztabaida gogorrak izan genituen meatzarien sindikatuekin. Baina arazoak gainditu egin dira, eta, gaur egun, elkarrizketa interesgarriak ditugu haiekin», gogorarazi du Jansenek, eta kopuru aldetik gutxi direla nabarmendu nahi izan du: «Ipar Renanian hemezortzi milioi biztanle gara, baina 7.000-8.000 ari dira meatzaritzan eta zentraletan».
«Ikusten? Hemen bide bat zegoen, eta, duela hilabete, hemendik igaro nintzen. Orain desagertu egin da, hondeamakinak janda»
OCAN H.Hambacheko meategiko langilea
Horietako bat da Ocan H., 29 urtekoa. Elsdorfekoa da, Hambacheko meategiaren ertz batean geratzen den herri koskor batekoa. Bi seme txikiekin etorri da, ikustera ondoan dagoen hondeamakina erraldoi batek nola egiten duen lan. Alboan, errepide moztu baten aztarnak daude. «Ikusten? Hemen bide bat zegoen, eta, duela hilabete, hemendik igaro nintzen. Orain desagertu egin da, hondeamakinak janda». Makinaren alboan, materiala garraiatzeko zinta luze batzuk. «Bi horiek egiten aritu naiz ni», esan du, harro.
Hark dioenez, gaur egun bostehun langile inguru aritzen dira meatzari Hambachen, baina gogoratu du bere aitaren garaian 3.000 zirela. Katea Ocanekin etengo da, ordea. «Bai, bost urte barru, akabo hau dena», esan du, irribarre batekin.
Meategi zena, laku
Nola bete lignito ustiaketak utzitako zulo erraldoiak? Alemaniaren ekialdeko muturrean, Ipar Lusazian, urez bete dituzte meategi hustuak, eta Europako laku artifizialen sarerik handiena egin. Ipar Renania-Westfalian ere hori da asmoa. Meategien jabeak, RWE argindar konpainiak, Rhin ibaitik desbideratuko du ura, eta hodien bitartez hiru meategiak bete: Garzweiler, Hambach eta mendebalderago dagoen txikiago bat, Inden. «Etorkizunean aintzira zoragarriak izango dira, eta inork ez du Mallorcara joan beharko», egin du txantxa Dirk Jansenek. Mugimendu ekologistan dabiltzan asko kontra dira, baina Jansenek «eszeptikoen artekotzat» jo du bere burua. «Inork ez daki funtzionatuko duen ala ez. Gainera, ibaia oso kutsatuta dago. Baina ezin da besterik egin. Lurpeko urak hustu egin ziren, 700 metroko sakoneraino, eta 3.000 kilometro koadro erabat lehortuta daude, lur azpiko sistemak txikituta. Ezer egin ezean, ehunka urte beharko dira lehengoratzeko, eta ezin dugu hainbeste itxaron». Edonola ere, ez da prozesu laburra izango zuloak Rhin ibaiko urarekin betetzea, batez ere ikusita azken urteetan lehorte arazoak izan dituela. «Guk ez ditugu beteta ikusiko. 40-60 urte beharko dira, dena ongi badoa», esan du Jansenek, eta berehala aipatu du zerk sortzen dion zalantza: «Kontua da nork ordainduko duen. Argindar konpainiek dirua jarri dute, baina horrek ez du kostu guztia estaliko. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den hondakin nuklearrekin...».