Lurraldeetako hitzarmenak galtzeko arriskua

ARTE patronalaren sorrerak ezbaian jarri du Hego Euskal Herriko ehungintza sektorea. Izan ere, estatuko hitzarmen bat sinatu nahi dute, eta horrek aldatu egin ditzake Hegoaldeko itunetan lortutako baldintzak.

Urrian egindako grebaren piketearen irudiak, Garberan, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Urrian egindako grebaren piketearen irudiak, Garberan, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko apirilaren 25a
05:10
Entzun

Ehungintza sektorea ezbaian jarri duen zerbait gertatu zen 2022aren amaieran: ARTE Asociacion Retail Textil España patronala sortu zuten. Multinazionalek (Inditex, Mango, H&M, Uniqlo...) bultzatutako patronala da, eta haren asmoa da Espainiako Estatu osorako lan hitzarmen bat sinatzea. Iazko uztailaren 17an bildu ziren lehen aldiz hainbat sindikaturekin. CCOO, UGT eta Fetico sinatzearen alde azaldu dira. Haiek dute gehiengoa, eta uste dute estatuko langileen baldintzak homogeneizatu behar direla. Hego Euskal Herrian, berriz, ELAk du gehiengoa, eta lau lurraldeak itun horretatik kanpo geratzea nahi du. Gauza bera nahi du Galiziako CIG  sindikatuak ere.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lurraldeka sinatutako hitzarmenak dituzte, baina Nafarroan ez dago halakorik. Gipuzkoan, adibidez, itunak 2025era arteko luzapena dauka, eta beldur dira, hori amaitutakoan, estatuko hitzarmena indarrean sartuko ote den eta Gipuzkoan borrokatutako lan baldintzak bertan behera geratuko ote diren. ELAko Gipuzkoako ehungintza eta merkataritza arduradun Amaia Pintadok gogoratu duenez, Hego Euskal Herriko lurraldeko itunak «askoz hobeak» dira estatukoak baino.

Izatez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektoreko hitzarmenak ziurtatuta daude. 2017an, lanbide arteko akordio bat egin zuten Confebaskek eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Bertan, lurraldeetako itunak lehenesten direla adostu zuten alde biek. Horren aurretik, sektoreko akordio bat ere egin zuten ehungintzan, eta itun horiek ziurtatu. Baina ez dakite ARTE bultzatzen ari den ituna nola arautuko duten, eta, horregatik, ELAk Hego Euskal Herriko lurraldeetako hitzarmenen «segurtasuna bermatu» nahi du, eta itun horiek ARTEren hitzarmenetik kanpo utzi.

«Gu kanpoan utziko gaituen formula horretan lan egin eta aurrera egin dezatela exijitu nahi dugu greba egun honekin».

AMAIA PINTADOGipuzkoako ELAko ehungintza eta merkataritza arduraduna

Pintadok gogoratu duenez, Pedro Sanchezen inbestidura akordioan EAJk eta PSOEk adostu zuten lurraldeko itunak estatukoen aurretik jartzea, baina, urtarrilean, Espainiako Kongresuak horixe bera bozkatu zuenean, neurriak ez zuen aurrera egin. Horrek zera dakar: lurraldeko hitzarmenak iraungitzen direnean estatukoen menpe geratuko direla, eta, «prekaritate handiagoa ekarriko du» horrek guztiak, ELAko kideak salatu duenez. «ARTE patronalak proposatutako hitzarmena lotsagarria da», gehitu du. 

Hitzarmen horrek aurrera egingo balu, arriskuan egongo lirateke Hego Euskal Herrian lortu diren hainbat baldintza: hala nola igande eta jaiegunetako atsedenak, soldatak eta soldata gehigarriak. Horrekin batera, gehigarriak eta langileen onurek ez lituzkete igoerarik izango, Pintadok gogoratu duenez, eta horrek soldatak izoztea ekarriko luke.

«Zoritxarrez, negoziazioak aurrera doaz», berretsi du ELAkoak. Haren ustez, negoziazio horiek ez dute lau probintzietako errealitatea islatzen, eta salatu du ez dela «ez justua ez legala» itun hori aplikatzea. Hala ere, jakinarazi du patronalarekin bildu ziren azkeneko aldian «prest» azaldu zela formula bat adosteko Hego Euskal Herriko probintziak hitzarmen horretatik kanpo gera zitezen. Bileraren aktan jaso zuten hori, «baina geroztik ez da beste mugimendurik egon».

Dena den, Pintadok gogoratu duenez, baldintza batzuk bete behar dira ARTE patronalaren hitzarmenak eragina izan dezan: besteak beste, lokalak gutxieneko azalera bat izan behar du, eta langile kopuru jakin bat. Beraz, ondorioztatu daiteke itun horrek multinazionalei eragingo diela. Horregatik, sektoreko langile guztiak deitu dituzten arren gaur greba egitera, batez ere enpresa handietakoak deitu dituzte. «Gu kanpoan utziko gaituen formula horretan lan egin eta aurrera egin dezatela exijitu nahi dugu greba egun honekin». ELAko kideak azpimarratu du dagoeneko seigarren greba eguna izango dutela, eta aurrekoek oihartzun handia izan zutela.

Sektore feminizatua

Jakina da ehungintzarena sektore feminizatuenetariko bat dela, eta, orokorrean, partzialtasun tasa handiagoa dagoela: Iseak ikerketa zentroak argitaratutako txosten baten arabera, sektorean lan egiten duten emakumezkoen %20,2k dute lanaldi partziala; aldiz, gizonezkoen %10,7 aritzen dira lanaldi partzialeko kontratupean.

Pintadoren arabera, lotuta doaz sektore feminizatua izatea eta partzialtasuna. Azaldu du emakumeei «beti» lanaldi partzialak eskaintzen dizkietela, eta «hamar, hamabi edo 24 orduko kontratuak barra-barra» daudela. Alderaketa bat egin du maskulinizatutako sektoreekin: «Industrian, gizonezkoei ez zaizkie lanaldi partzialak eskaintzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.