Negoziazio kolektiboaren estatalizazioari muga bat jarri dio Espainiako Gobernuak berak. EAJk Pedro Sanchezen inbestiduraren truke jarritako baldintza bat izan zen Hego Euskal Herrian negoziatutako hitzarmenek lehentasuna izango zutela Espainiako itunen gainetik, eta hori posible egiten duen dekretua onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak. Bihar jarriko da indarrean, eta aste batzuk barru berretsi beharko du Kongresuak.
«Egun ona da», ziurtatu du Aitor Esteban EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak, eta azpimarratu du euskal sindikatuen aspaldiko eskaera bat bete ahal izan dutela horrela.
EAJren aldarrikapen bat ere bazen, eta azken lan erreforman saiatu zen euskal hitzarmenei lehentasuna ematen. Lortu ez zuenez, jeltzaleek erreformaren aurkako botoa eman zuten 2022ko otsailean, erreformaren dekretua Kongresuan bozkatu zutenean. Alberto Casero PPko diputatuak botoa ematean huts egin zuelako egin zuen aurrera dekretuak.
ELA ere, pozik
Erreforma horren aurka ozen mintzatu zen ELA ere, eta zorian izan zen haren aurkako greba orokor bat antolatzeko, baina LABekin izandako desadostasunek oztopatu zuten saioa. Bi arrazoi nagusirengatik azaldu zen aurka: ez zituelako ukitu kaleratzeekin lotutako «elementu kaltegarrienak», eta ez zuelako bermatzen euskal itunek lehentasuna izatea.
Ondorioz, gaurko erabakia oso gustura hartu du ELAk: «Garaipen garrantzitsua da, eta urteetan euskal langileek egindako borroken ondorioa». Sindikatuak CCOOri eta UGTri egotzi izan die lan baldintzen estatalizazioa bultzatu izana, eta gogorarazi du zer gertatzen ari den jantoki kolektiboen alorrean. «CCOO, UGT eta Espainiako patronala saiatu dira estatuko hitzarmenaren bitartez soldatak %50 murrizten eta lanaldia 70 ordu handitzen Hego Euskal Herriko milaka langileri, gehienak emakumeak».
2017an, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak akordio bat lortu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmenei lehentasuna emateko, baina ELAk salatu izan du itun horrek ez duela berme juridikorik.
«Poztekoa da EAJk euskal langileen aldarrikapenak entzun izana eta Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioetan Euskal Herriko langileen lan baldintzak lehenetsi izana».ELA
Ohikoa ez den arren, ELAk hitz onak izan ditu jeltzaleentzat. «Poztekoa da EAJk gai honetan euskal langileen aldarrikapenak entzun izana eta Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioetan Euskal Herriko langileen lan baldintzak lehenetsi izana».
EAJri ez ezik, EH Bilduri ere beste eskaera bat egin dio Mitxel Lakuntzaren sindikatuak: Espainiako Gobernuarekin negoziatu dezatela Hego Euskal Herriko langile publikoen baldintzak bertan erabakitzea. Hori izan da, hain zuzen ere, gaur sektore publikoak egin duen grebaren arrazoi nagusia.
Gai batzuk ez
Aldaketaren ondorioz, Langileen Estatutuaren 84. artikuluak lehentasuna emango die lurraldeko hitzarmenei sektorekako eta Espainiako itunen gainetik, betiere itun horiek beharrezko gehiengoak baldin badituzte, eta hitzarmenetan erabakitakoak «langileen aldekoagoak» baldin badira. Oro har, Hego Euskal Herrian negoziatutako itunek soldata handiagoak eta lanaldi murritzagoak izan ohi dituzte Espainian negoziatutakoek baino.
Edonola ere, Langileen Estatutuak muga batzuk jarri dizkie lurraldeetan negoziatu daitezken gaiei. Haien eskumenetik kanpo geratu dira kontu hauek: langileen proba garaiak, kontratazio motak, sailkatze profesionala, urteko gehienezko lanaldia, diziplina erregimena, lan arriskuen gutxieneko baldintzak eta mugikortasun geografikoa.