Lurraldeetako itunak lehenestea adostu dute berriro EAJk eta Espainiako Gobernuak

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du gaur, subsidioaren erreformarekin batera. Ia ziurra da Kongresuak ere babestu egingo duela. Alderdi eta sindikatu abertzaleen aspaldiko eskaera bat zen, eta 2022ko lan erreformatik kanpo geratu zen.

2017an, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak bertako itunei lehentasuna ematea hitzartu zuten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2017an, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak bertako itunei lehentasuna ematea hitzartu zuten. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko maiatzaren 21a
12:00
Entzun

Hitzarmen autonomikoek eta probintzialek lehentasuna izango dute estatukoen eta sektorekoen aldean, betiere autonomikoak eta probintziakoak onuragarriagoak badira langileentzat. EAJk eta Pedro Sanchezen gobernuak akordioa egin dute bart gauean, eta neurria gaur onartu du Ministroen Kontseiluak, subsidioaren dekretu berriaren barruan.

Bigarren aldia da gaiaren inguruan akordio bat egiten dutena. Hala egin zuten 2023ko abenduan, Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioan. Baina neurria urtarrilaren 10era arte baino ez zen indarrean egon, egun hartan Espainiako Kongresuak atzera bota baitzuen subsidioei buruzko dekretua eta, horrekin batera, lan hitzarmenena, dekretu horren barruan baitzioan. Podemosek kontra bozkatu zuen, subsidioaren erreforma ez zitzaiolako nahikoa iruditu. PPk, Voxek eta UPNk ere kontra bozkatu zuten, beste arrazoi batzuengatik.

Hori onartzeko lanean jarraituko zuela agindu zuen EAJk. Atzera bota zuten egunean bertan, Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak adierazi zuen ziur zeudela Madrilgo gobernuak subsidioari buruzko dekretu berria edo lan arloko beste edozein neurri onartu bezain laster lan hitzarmenena ere sartuko zuela. Eta hala ziurtatu zuen Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak ere.

Maiatzaren 8an, gobernuak sindikatuekin adostu zuen subsidioaren erreforma, Podemosen ezezkoa eragin zuen eskaera dekretuan sartuta, eta egun batzuk geroago iritsi da EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioa.

Oro har, Hego Euskal Herrian negoziatutako itunek soldata handiagoak eta lanaldi murritzagoak izan ohi dituzte Espainian negoziatutakoek baino, eta lurraldeetako itunak lehenestea sindikatuen —bereziki ELAren eta LABen— aldarrikapen nagusietako bat izan da urteetan. Lurraldeetako hitzarmenek lehentasuna izan zuten 1994. urtetik 2010eko eta 2012ko lan erreformak egin ziren arte. Orduan, estatukoek hartu zuten lehentasuna, eta horrek berdin jarraitu zuen 2022ko lan erreforman, PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak egindakoan. 

Dena den, 2017an, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek eta Confebask patronalak akordio bat egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmenei lehentasuna emateko, baina sindikatuek salatu izan dute itun horrek ez duela berme juridikorik. Bada, hori egin du orain Espainiako Gobernuak.

Probintzietakoak ere bai

Akordioaren bitartez, Langileen Estatutuaren 84. artikulua aldatuko dute. Laburbilduz, sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek autonomia erkidegoetako hitzarmen kolektiboak eta lanbide arteko akordioak negoziatu ahal izango dituzte, eta lehentasuna izango dute sektoreko beste edozein hitzarmenen eta estatu osoko beste akordioen aurrean, betiere osatutako negoziazio mahaiaren gehiengoaren babesa badute eta langileentzat mesedegarriagoak badira.

CCOOk eta UGTk zalantzak agertu izan dituzte, Hego Euskal Herrian ez bezala Espainiako toki askotan estatuko hitzarmenak hobeak direlako lurraldeetakoak edo sektorekoak baino. Horregatik, berariaz jaso dute langileentzat mesedegarriagoak badira soilik aplikatzea lurraldeetakoak.

Halaber, hitzarmen probintzialak ere babestuko dira, eta aurreko akordioan baino argiago azaltzen da puntu hori. Izan ere, Hego Euskal Herrian gehiago dira probintziako itunak autonomikoak baino, eta horrek kezka eragin zuen bertako sindikatuen artean.

Hala ere, indarrean jarraituko dute Langileen Estatutuak jasotzen dituen muga batzuek. Orain arte bezala, lurraldeetako hitzarmenetan ezin izango da gai hauei buruz negoziatu: langileen proba garaiak, kontratazio motak, sailkatze profesionala, urteko gehienezko lanaldia, diziplina erregimena, lan arriskuen gutxieneko baldintzak eta mugikortasun geografikoa.

«Aldarrikapen historikoa»

Yolanda Diaz Lan ministroak, Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, ukatu egin du Pedro Sanchezen gobernua babestearen truke alderdi abertzaleei eta zezhaki EAJri emandako sari bat izan dela neurria. «Eztabaida luzea izan dugu abertzaleekin. Ulertarazi behar izan diegu ez dela lurralde kontu bat, lan eskubideena baizik». Diazek azpimarratu du langileek modua izango dutela «mesedegarriena» zaien hitzarmena aukeratzeko, eta «benetan» horrek izango duela lehentasuna.

EAJk Madrilen duen bozeramaile Aitor Estebanek nabarmendu du «aldarrikapen historiko horrek» bide emango diola Hego Euskal Herriko beharginen lan baldintzak hobetzeari, «baita estatuko gainerako langileenak ere». Eta, horrekin batera, azpimarratu du neurriak sindikatuen eta Confebask patronalaren oniritzia duela Euskal Herrian.

ELA sindikatuak ere txalotu du akordioa, eta «urteetan euskal langileek egindako borrokaren ondorio» dela adierazi. «Azpimarratzekoa da EAJk gai honetan euskal langileen aldarrikapenak entzun izana eta Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioetan Euskal Herriko langileen lan baldintzei lehentasuna eman izana».

LABentzat ere urrats positiboa da, eta oraingo testuak «lurralde hitzarmenak blindatzeko idazketa egokiagoa» jasotzen duela azpimarratu du. Dena den, «lan harremanen esparru propioa eraikitzeko urrats gehiago» galdegin ditu.

CCOOrentzat ere, «neurri positiboa» da. Hala ere, sindikatuen eta patronalaren arteko 2017ko ituna gogoratu du. «Araudi berriarekin ez da ezer aldatuko, Euskadin akordio hori arazo handirik gabe aplikatzen ari baikinen. Hala ere, berme juridiko handiagoa izango dugu orain».

UGTk «demagogiarik» ez egiteko eskatu du, 2017ko itunari esker hitzarmen autonomikoek lehentasuna dutelako, eta «Euskadin hogei baino ez direlako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.