Lufthansa Nafarroara geratzeko etorri da. Hori nabarmendu du gaur goizean Carsten Hoffmann Lufthansa taldeko Espainiako eta Portugalgo zuzendari nagusiak. Pozik azaldu da Iruñearen alde egindako apustuarekin. "Ez dugu soilik Nafarroa munduarekin lotuko, mundua Nafarroarekin ere lotuko dugu", zehaztu du.
Hoffmannek azaldu du Frankfurteko aireportuak Europako (Hanburgo, Mosku, Varsovia edo Viena) zein munduko (Tokio, New York, Bangkok, Hong Kong zein Johannnesburgo) beste hainbat aireporturekin lotzeko aukera ematen duela.
Lehen hegaldia Airbus A 319 hegazkinak egin du. 138 bidaiari garraiatzeko ahalmena du, eta "erabat beteta" zihoan, Hoffmannen arabera. Egunero, 09:45ean aterako da Frankfurtetik eta bi orduko hegaldia egingo du. Era berean, 12:30ean aterako da Iruñetik Alemaniarako itzulerako hegaldia. Azaroko eta abenduko erreserbekin kontentu daudela nabarmendu du, era berean.
Lehen hegaldi horretan, hain zuzen, Manu Aierdi Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakaiordeak bidaiatu du. Hain zuzen ere, duela urtebete "estrategikotzat" jo zuen Noaingo aireportua Europako beste aireportu handiagoekin lotzeko aukera, eta Lufthansa Iruñera ekartzeko ahalegina egin dutenetakoa da.
Luthsansak honez gero 27 urte daramatza Loiuko aireportuan, eta Hoffmannek nabarmendu du Iruñearen aldeko apustua "osagarria" dela. "Airebide egokia dela iruditzen zaigu". Bi arrazoi nagusi aipatu ditu erabakia hartzeko. Alde batetik, enpresen artean bidaiatzeko eskaria badagoela uste du Lufthansak. Siemens Gamesa, Volkswagen eta Nafarroako hainbat enpresa handi zein txikik hala eskatu diete. Era berean, Nafarroa helmuga turistiko interesgarritzat jo dute bai sanferminengatik bai Done Jakue bideagatik.
Oraingoz, astean lau hegaldi egingo baditu ere, eskaria zabaltzeko aukera ez du baztertu Hoffmannek.