Petrolio upelaren prezioa ehun dolarrera gerturatzeko saioan porrot egin ondoren, ekoizpena beste milioi bat upel murriztea erabaki dute LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek. LPEE+ taldeak helburu apalagoa dauka orain: Brent upela 70 dolarrera ez jaistea.
Urriaren hasieran egindako bileran, kartelak eta haren aliatuek eutsi egin zieten udaberrian iragarritako murrizketei: milioi bat upel gutxiago Saudi Arabiak, eta 300.000 gutxiago Errusiak. Horrekin espero zuten Brent upelak goraka jarraituko zuela eta ehun dolarren bueltan ibiliko zela. Baina, muga hori ukitu ondoren —97,5 dolarrean salerosi zen irailaren 28an—, beherantz egin zuen nabarmen, eta azaro osoan 80-82 dolarrean salerosi da.
Bi faktorek azaltzen dute LPEE+ taldearen porrota. Bata da kontsumoa ez dela handitu uste zutena bezainbeste, jarduera ekonomikoa oso hazkunde txikia izaten ari baita. Atzeralditik nahiko gertu dago eurogunea, eta Txinak atzean utzi ditu hazkunde tasa ikusgarriak. Gainera, kontuan hartu behar da garraiobideen elektrifikazioa aurrera doala, eta, hari esker, erregaien kontsumoa behera egiten ari dela Mendebaldean, eta uste baino gutxiago handitzen ari dela Txinan.
AEBak, ekoizlerik handiena
Bigarren faktorea da LPEE+ taldetik kanpo dauden ekoizleak petrolio gehiago ateratzen ari direla beren putzuetatik. AEBak dira, gero eta alde handiagoarekin, petrolio ekoizle nagusiak. Frackingari esker, neurri handi batean, egunean 13,52 milioi upel ateratzen dira egunero handik.
denak venezuelara
Saudi Arabia aliatuaren partetik laguntzarik jasoko ez zuela ikusita, AEBetako Gobernuak arerio batengana jo du petrolio ekoizpena handitzeko: Venezuelara. Kudeaketa kaskar baten eta AEBen beraren zigorren ondoren, azken urteetan behera egin du Venezuelaren ekoizpenak: 2015ean egunero 2,8 milioi upel ateratzen ziren handik, baina 0,7 milioi baizik ez 2022an. Merkatua hornitze aldera, Joe Bidenek iragarri du sei hilabetez Venezuelako petrolio industrian berriro inbertitzeko bidea emango duela. Trukean, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak agindu behar izan du 2024an hauteskunde «garbiak» egingo dituztela.
Ondorioz, Caracasen bisitan izan dira Shell, Repsol eta beste hainbat konpainia txikiago, azken urteetan galdutako harremana berreskuratu nahian. Lehen helburua da ekoizpena gutxienez milioi batera iristea. Venezuelak ditu munduko petrolio erreserbarik handienak.
LPEE+ taldeak joan den igandean egin behar zuen bilera, baina atzeratu egin behar izan zuten, ez zirelako ados jartzen kuoten murrizketa banatzeko moduari dagokionez. Orain arte Errusiak eta Saudi Arabiak egin dute ahalegina —haiek dira ekoizlerik handienak, alde handiz—, baina sakrifizioa bazkide gehiagoren artean banatzea nahi zuten, eta, azkenean, lortu dute. Bazkideei presio egiteko, Saudi Arabiak ohartarazi zien bere milioi upeleko murrizketa eteteko prest zegoela gainontzeko kideek ahalegin bat egiten ez bazuten.
Azkenean, Errusiak 500.000 upelera handitu du bere esportazioen murrizketa, eta 135.000 upel kenduko ditu Kuwaitek, 82.000 Kazakhstanek, 51.000 Aljeriak, 42.000 Omanek... Murrizketak gutxienez 2024ko martxoa amaitu arte izango dira indarrean.
Murrizketarako eragozpen gehien jarri dutenen artean daude Afrikako ekoizleak, ziurtatu baitzuten beren ekoizpen erreala ez zela iristen zegokien kuotara. Azkenean, eskatzen zituzten antzeko kuotak lortu dituzte Nigeriak (1,5 milioi), Angolak (1,1 milioi) eta Kongok (277.000).
Aparteko kasua da Iranena. AEBen zigorpean dago aspaldi, eta ez du kuotarik. Baina Joe Bidenen gobernuak ez ikusiarena egin du azkenaldian, eta baimentzen ari da Iranek petrolio gehiago esportatzea, horrela lortzen baitu LPEEko beste kideen eta beste aliatuen murrizketak konpentsatzea.
KOPURUA
1,63Gasolioaren prezioak behera egin du azken asteetan. Azaroan, batez beste, 1,63 euroan salerosi da Euskal Herrian, urrian baino zazpi zentimo gutxiagoan, baina hilabetea 1,60 euroko mugatik behera bukatu du. Gasolina, berriz, zortzi zentimo merkatu da, 1,62raino.
LPEE+ taldeak 23 kide izan ditu azken urteetan, karteleko hamahiruak —Saudi Arabia, Irak, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Iran, Angola, Nigeria, Aljeria, Libia, Venezuela, Kongo, Gabon eta Ekuatore Ginea— eta beste hamar —Errusia, Mexiko, Kazakhstan, Oman, Azerbaijan, Malaysia, Bahrain, Sudan, Hego Sudan eta Brunei—. Azken horiei beste kide bat batuko zaie urtarrilean: Brasil. Ekoizle handia da Brasil, iaz egunean 3,1 milioi upel ekoizteko gai izan baitzen, gutxi gorabehera kontsumoaren %3. Haren eskutik, kartelak eta aliatuek ekoizpen osoaren %40tik gora egingo dute datorren urtean.