Energia krisia

LPEE Moskurekin lerrokatu da, eta petrolio ekoizpena murriztuko du

Erabaki «tekniko» bat dela argudiatu du taldeak, motelaldi ekonomikoak prezioan izan dezakeen eragina txikitzeko. Bi milioi upel gutxiago ekoitziko dituzte, munduko produkzioaren %2 inguru.

Abdulaziz bin Salman al-Saud Saudi Arabiako Energia ministroa, asteazken honetan Vienan eginiko bileran. CHRISTIAN BRUNA (EFE)
Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2022ko urriaren 5a
19:45
Entzun

Gerrak Ukrainan jarraitzen duen bitartean, energiaren merkatu globalean beste bat garatzen ari da, eta, gasarekin gertatzen ari den bezala, petrolioa ere ez dago hortik salbu. Europako Batasunak AEBekin eta Erresuma Batuarekin batera Errusiako petrolioari prezio muga ezarriko diola berretsi eta egun berean, LPEE+Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundean biltzen diren arabiar herrialdeak eta haien aliatuak —tartean Errusia— Moskurekin lerrokatu dira, eta ekoizpena murriztea erabaki dute: bi milioi upel gutxiago ekoitziko dituzte egunean, munduko produkzioaren %2 inguru. Murrizketa handia da, eta horrek luze gabe petrolioaren prezioaren handitzea ekarriko du, eta aztoratuta dabilen energien merkatuari beste kolpe bat eman.

Esanahi politiko handia du erabakiak; dena den, karteleko kideek nabarmendu dute neurri «tekniko» bat dela: inflazio handiak eragin dezakeen atzeraldi ekonomikoari erantzuteko egin dutela, motelaldi horrek petrolioaren kontsumoa asko jaitsiko duelakoan, bai eta prezioa ere.

Izan ere, ekainean 120 dolarrak gainditu ondoren, azken hilabeteetan nabarmen merkatu da Brent upela, 90 dolarrera jaitsi baita. Gehiago ez merkatzea litzateke helburua, baina, analisten arabera, ezin da baztertu erabakiaren ondorioz ekaineko kopuruetara berriz itzultzea. Karteleko kideak abenduaren 4an bilduko dira berriro.

Ohi bezala Vienan elkartu dira asteazken honetan, lehenengo aldiz aurrez aurre COVID-19aren pandemia hasi zenetik, esku artean pisu handiko erabaki bat zuten seinale. Bileraren aurretik ziurtzat ematen zen produkzioa murrizteko erabakia hartuko zutela, 500.000 eta milioi bat upel artekoa, baina, azkenean, bi milioikoa adostu dute. Edonola ere, ikusteko dago hori nola gauzatuko duten, gauza bat delako hitzez adosten dutena, eta beste bat herrialde bakoitzaren benetako produkzio gaitasuna.

Bidenen presioak

Pandemiaren gogorrena igaro ostean, LPEE+eko kideak ekoizpena apurka handitzen aritu ziren —100.000 upel gehiago egunean—, baina hori gutxiegi izan zen orduko eskariari erantzuteko. Ukrainako gerra hastearekin batera, beharra handitu egin zen, eta, ordutik, AEBek beren erreserbetan duten petrolioa saltzen aritu dira —milioi bat upel gehiago egunean—, bereziki Europan. Hori gelditzeko asmoa zuen Washingtonek, baina LPEE+ taldearen erabakiak berea berrikustera eraman dezake.

Gainera, petrolioaren prezioa oso gai arantzatsua da AEBentzat. Batetik, mesede egiten die hango ekoizleei —munduko ekoizlerik handiena bilakatu da azken urteetan—, baina herritarren patrikari kalte handia egiten dio, eta hori arma politiko arriskutsu bat da Joe Bidenentzat; are gehiago orain, hilabete eskas barru agintaldi erdiko hauteskundeak dituelako.

Biden udatik aritu da LPEEko kideen erabakietan eragin nahian. Uztailean, irentsi egin zituen aurretik Saudi Arabiako agintarien aurka egindako adierazpen gogorrak, eta bidaia egin zuen herrialdera, petrolio ekoizpena handitzeko eskatzeko. Bilera horrek fruiturik apenas izan zuen: abuztuan pixka bat igo zuten ekoizpena, eta irailean pixka bat jaitsi. Azken erabakiak bi herrialdeen arteko harremanak gaiztotu ditzake.

Gaur egindako adierazpenetan ondorio ekonomikoei heldu die Bidenek. Azpimarratu zuen orain produkzioa mantendu behar dela eta gutxitzeak bereziki «diru sarrera txikiko eta ertaineko herrialdeei» eragingo diela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.