Lozy's Pharmaceuticalseko langileek hilabete daramate greban

Lekarozko enpresako beharginek greba mugagabean daude, eta Iruñera eraman dute protesta. Hitzarmen propioa lortu nahi dute.

Lozy's-eko langileak Nafarroako Parlamentuaren aurrean, gaur goizean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Lozy's-eko langileak Nafarroako Parlamentuaren aurrean, gaur goizean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko martxoaren 19a
12:50
Entzun

Hilabete egingo du bihar Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileen grebak. Lekarozen (Baztan, Nafarroa) dago lantegia, baina gaur Iruñera eraman dute protesta. 09:00etan bildu dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean, handik udaletxe plazara jo dute, eta eguerdian Mutiloan (Nafarroa) dagoen Geyser enpresara joango dira, Lozy's-en bezero nagusiarengana. Lan hitzarmen propio baten alde ari dira borrokan, Espainiako kimikagintzakoa aplikatzen baitie enpresak.

Otsailaren 20an erabaki zuten greba hastea, eta erantzun zabala izan zuen deialdiak: langileen %90 ingururena. Azken egunotan parte hartze txikiagoa izaten ari den arren —%80 ingurukoa—, ELAren Oarso-Bidasoko industria arduradun Nerea Sainz Rodriguezek adierazi du «eskatutakoa lortu arte» borrokan jarraituko dutela, eta langileak «indartsu» daudela greba luzatzeko. Langile batzordeko Oihane Etxartek iragarri du greba mugagabean daudela, eta «hitzarmena sinatu arte» jarraituko dutela. «Indartsu gaude, eta jendea oso konbentzitua dago egiten ari garenarekin; bukaerara arte jarraituko dugu», azaldu du.

Dena den, ELAko ordezkariak esan du Lozy's-eko langileek kimikako hitzarmenak ezarritakoak baino soldata hobeak dituztela; ez da nahikoa, ordea. Soldaten igoeraz eta lanaldi murrizketez gain, beste hainbat aldarrikapen dituzte: nahi dute ordu estrak erregulatzea, baimenak denentzat berdinak izatea eta lan kategoria desberdinak ez izatea. Izan ere, ezberdintasunak nabaritzen dituzte langileen artean. Batzuek ordu estrak kobratzen dituzte, eta beste batzuek ez; batzuei baimena ematen diete haurra medikuarengana eramateko edo etxetik lan egiteko, eta beste batzuei ez; eta lan berbera egiten duten bi langilek kategoria desberdina baldin badute, batak besteak baino gehiago kobratzen du. Etxartek dio, dirudienez, «faboritismoa» dagoela, eta horregatik eskatzen dutela langile guztiek baldintza berberak izatea.

Akordiorik ez

Enpresari aldaketa horiek negoziatzeko deitzen ziotenean ez zuela erantzuten salatu du Etxartek, eta aurreko astetik daudela harremanetan. Hala ere, esan du enpresak ez duela akordioa sinatu nahi, eta «oraingo moduan jarraitu» nahi duela. Gainera, greban dauden beharginen ordez aldi baterako langileak kontratatu izana gaitzetsi du. Jokabide hori lan ikuskaritzan salatu zuen batzordeak, eta ebazpenaren zain daude. Nolanahi ere, enpresaren abokatuarekin hitz egin zuten, eta hark langileei onartu zien «segur aski» irabaziko zutela, eta isuna «onartuko» zuela enpresak; alegia, Etxarteren arabera, «nahiago dute isuna onartu gurekin hitz egin baino».

Langileak Espainiako hitzarmenaren menpe daude, Nafarroan ez baitago sektoreko itun propiorik. ELA eta LAB Madrilen negoziatzen ari direla esplikatu du langile batzordeak, baina horrek ez diela inolako bermerik ematen. Horregatik, lehenengo enpresako ituna nahi dutela azaldu du Etxartek, eta, gero, sektorekoa lortzeko borrokatuko direla.

Nafarroako Kimiken Hitzarmena aldarrikatzeko, ELAk eta LABek elkarretaratzea egin zuten hilaren hasieran CEN patronalaren aurrean. Bi sindikatu horiek salatu zuten UGT eta CCOO ez daudela Nafarroako hitzarmena sinatzeko prest; izan ere, ELA Oarso-Bidasoako industria arduradunaren iritziz, UGT, CCOO eta patronala «oso gustura» daude Espainiako hitzarmenarekin.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez

Nafarroan bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez dago kimikako hitzarmenik. Hiru herrialde horietan, behintzat, UGT eta CCOO sektoreko itunaren alde azaldu dira, eta ELArekin eta LABekin batera negoziatzeko eskatu zieten patronalei. Horiek, ordea, negoziatzeari uko egin zioten, eta Espainiakoarekin jarraituko zutela helarazi zieten sindikatuei. Amaitzeko, Sainzek azpimarratu du borrokan jarraituko dutela Hego Euskal Herrian herrialde bakoitzeko hitzarmenak lortu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.