Lortutakoa babesteko beharra defendatuko dute UGTk eta CCOOk Maiatzaren Lehenean, Iruñean

Manifestazioa 12:30ean aterako da, sindikatuon egoitzatik, eta CEN patronalaren egoitza aurrean amaitu. Adierazi dute ez dela atzerapauso bakar bat ere eman behar politika atzerakoiak gorabehera.

Maiatzaren Leheneko mobilizazioen aurkezpena. GUADALUPE UZKUDUN / UGT
Maiatzaren Leheneko mobilizazioen aurkezpena. GUADALUPE UZKUDUN / UGT
joxerra senar
2025eko apirilaren 23a
13:20
Entzun 00:00:0000:00:00

UGTk eta CCOOk eraikin bera partekatzen dute Iruñean: lehenak, beheko solairuetan hartua du lekua, eta bigarrenak, goikoetan. Nahiz eta diferentziak eta barne lehia izan, Maiatzaren Lehenean elkarrekin atera ohi dira kalera azkenaldian. Aurten ere bai. Lortutakoa babestu, etorkizuna irabazi leloa aukeratu dute Langileen Nazioarteko Egunerako.

Manifestazioa 12:30ean aterako da, haien egoitzaren aurrealdetik. Bertan dute Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren eraikina, errepidea zeharkatu eta berehala, eta, hain justu, han amaituko da protesta. Alta, ibilbidea ez da hain motza izango. Lehenbizi, Iruñeko erdiguneko kaleetan barna ibiliko dira euren eskariak zabaltzen.

Bada, gaur goizean, Maiatzaren Lehenari begirako agerraldia egin dute Lorenzo Rios UGTko idazkari nagusiak eta Pilar Arriaga CCOOko Komunikazio idazkariak. Riosek nabarmendu du nazioarteko testuingurua oso kontuan hartuko dutela. «Europan, eskuin muturraren mehatxua gorantz doa, eta Trumpek mugatu egiten ditu lortutako eskubideak. Ezin dugu atzerapauso bakar bat ere onartu». 

Gaur-gaurkoz, lan astea 37,5 ordura laburtzeko proposamena ez atzera ez aurrera dago. Espainiako Gobernuko bi indarren, hau da, PSOEren eta Sumarren arteko barne eztabaidak gerarazi du auzia, baina espero da lege proiektua aurki onartuko dela —aurreproiektua otsailean onartu zen, eta Gizarte eta Ekonomia Kontseiluak ebazpena kaleratu du ondoren—. Espainiako Gorteetako eztabaidari begira, proposamenak ez du gehiengorik ziurtatuta, eta ikusi beharko da Pedro Sanchezen inbestidura babestu zuten taldeek zer jarrera hartuko duten, batik bat Juntsek.

Eztabaida hori hizpide hartuta, Riosek esan du funtsezkoa dela lanaldia laburtu bai baina soldatak ez apaltzea: «Soldatak igo behar ditugu, aberastasuna banatzeko eta duin bizitzeko aukera bermatzeko». Nafarroari erreparatuta, adierazi du ezinbestekoa dela Funtzio Publikoko Estatutua berritzea, baita Trumpen muga zergei aurre egiteko neurriak hartzea ere.

Pilar Arriagak adierazi du funtsezkoa dela sindikatuak lankidetzan aritzea lan eskubideak defendatzeko orduan. «Eraldaketa sakonak gertatzen ari dira gaur egun, eta, beraz, sindikalismoa funtsezkoa da gizarte bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko». Arriagak elkarrizketa sozialaren beharra nabarmendu du «enplegu duina, soldaten igoera eta etxebizitza eskubidea bermatzeko». Maiatzaren Leheneko manifestazioetan parte hartzera deitu du gizartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.