Maiatzaren 15ean eta 16an da egitekoa EAEko CCOOren XIII. Kongresua, eta hurrengo idazkari nagusiaren hautaketa izango da berrikuntzarik nabarmenena. Izan ere, Loli Garcia egungo idazkari nagusia ez da karguan jarraitzeko hautagai izango.
Idazkari nagusi gisa bi agintaldi egin ditu Garciak, eta gaur Bilbon jakinarazi du zergatik erabaki duen berriz ez aurkeztea, nahiz eta sindikatuko estatutuetan onartzen den hiru agintaldi egitea jarraian. Garciak azaldu du erakundea «kohesionatua eta erreleborako prest» ikusi duela, garai ona dela «trantsizio lasai bat egiteko, beste agintaldi bat amaitzearen presiorik gabe». Garciaren arabera, «erabaki pertsonala» izan da, «lasai» eta gogoeta egin ondoren hartua.
Garciak berak ezagutarazi du zuzendaritzak nor proposatu duen beraren tokia hartzeko «kontsentsuko hautagai» gisa: Santi Martinez, ekintza soziopolitikorako eta komunikaziorako idazkaria.
Egungo idazkariaren aburuz, nahiz eta kongresuan erabakiko den hurrengo lau urteetarako idazkari nagusia nor izango den, Martinezen hautagaitza «barne adostasun eta kontsentsu zabalekoa» da egungo zuzendaritzan. Gaineratu du Martinezek beharrezko ezaugarri guztiak dituela EAEko CCOO ordezkatzen duen «jende talde zabalaren liderra izateko».
Martinezek (Barakaldo, Bizkaia, 1977) eskertu egin du sindikatuko zuzendaritzak emandako babesa, eta adierazi prozesuari «ilusioz eta ardura handiz» heldu diola.
Santiago Martinez Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta master bat dauka Garapenerako Lankidetzako Estrategian, Eragiletzan eta Politiketan. 2007an sartu zen EAEko CCOOn, eta 2010ean iritsi zen sindikatuko batzorde eragilera, Unai Sordoren ekimenez, gazteen arloaz arduratzeko. 2014an mugimendu sozialen idazkaritza hartu zuen, eta 2017az geroztik, Loli Garciarekin, ekintza soziopolitikorako idazkari aritzen da.