Bergarako Candyrentzat inbertitzailerik erakartzea lortu duen ala ez jakingo du bi aste barru Gipuzkoako Diputazioak. Agurne Barriuso kudeatzen ari da 75 langilerentzat Bergarako fabrikari lotua jarraitzeko azken aukera. Martxoa amaitzen den arteko epea dago industria proiektu berria abiarazteko bultzatzailea topatzeko, berez. Merkatua arakatzen ari da aldundia Barriusoren koordinazioarekin.
Inbertitzaile baten bila aritzeko arduraduna zara Gipuzkoako Diputazioaren izenean. Erlojuaren kontra ari zarete. Nola dago kontua?
Ari gara lanean. Langileek eta enpresak abenduaren 29an lortu zuten adostasuna, eta horrek markatu du epea, epe oso laburra inondik ere. Martxoaren 31rako egon beharko luke akordiorako oinarri bat ahalezko inbertitzaile horrekin. Horrek esan nahi du soilik dagoeneko hona etortzeko asmoarekin dauden enpresak erakartzeko aukera dugula; ez dago denborarik beste inoren begiak zabaltzen hasteko.
Gaur egun industria produktiboan esku hartu nahi duten inbertitzaileak topatzeak ez du erraza ematen. Merkatua arakatu duzue, eta bertatik bertara ezagutu zailtasunak eta balizko hautagaiak. Helburu horri eusteko moduan zaudete martxoak lau dituen honetan?
Egon daitezke inbertitzaileak, hori uste dugu. Otsailaren 20an hasi ginen jendearen bila, modu formalean, akordioa sinatu eta gero, baina aurretik izan genituen hartu-eman batzuk. Proiektuak harrera ona dauka oro har, baina egia da hain baldintza eta epe estuek asko mugatzen dutela bilaketa, merkatua txikitu egiten dela alegia. Hala ere, garbi utzi diegu Candyko 75 langileei ez dugula esperantza faltsurik sortu nahi. Ederki asko dakigu familia askoren sostenguaren bila gabiltzala, eta itxaropentsu garela ere bai. Hau ongi irtengo dela uste dugu.
Diputazioak benetako erronka hartu du Candyko langile ohientzat proiektu industrial berria bilatzeko saioan. Ongi ateraz gero, langile jakin batzuen etekinaz harago, aldundiak gizartearen aurrean arrakasta sozial garrantzitsua erakutsi ahal izango luke. Eta lortzen ez badu?
Hau ez da hauteskundeei begira egindako zerbait; bakarrik irabazteko aukera izango lukeen zerbait litzateke izaera horretako saio bat. Enpresak atzera bueltarik ez zuen erabakia hartu zuela ikusita, lokatzetan sartzea erabaki genuen; hori horrela da. Espero dugu hau dena ongi irtetea. Egia da ez dagoela dena lotua, baina 150 langile lanik gabe ikusten badituzu [artean erretiroak adostu gabe zeuden zuzendaritzarekin], eta jakin badakizu beharbada aukera bat egon daitekeela, nola egingo genion ba muzin gure erantzukizunari?
Hautagaiak badirela aditzera eman duzu. Izenik ez duzu emango, baina bada zerbait zehatza?
Egon badago, eta gure konpromisoa da martxoaren 16an langileei jakinaraztea bilaketaren emaitza zein den. Ezin gara izenik ematen hasi, interesa izan lezaketen enpresak uxatuko lituzkeelako horrek. Argi esan genien langileei ez galdetzeko, eta izenen bat ateraz gero ukatu egingo genuela, haien interesen kontrakoa litzatekeelako. Bi aste barru bestelako erantzuna jasoko zenuke beharbada.
Non ari zarete harremanak lantzen? Alegia, nora jo duzue, atzerrira, hemengo inbertitzaileengana ala bietara?
Ahalezko inbertsioa mugitzen den leku guztietan ari gara, berdin etxean eta atzerrian. Ez ditugu aukera txikienak ere galdu nahi, nahiz eta argi dagoen guk saltzen dugun proiektuak bere baldintzak dituela.
Langile kaleratuen kalte-ordainak enpresa berria abiarazteko kapital gisa baliatzea sartzen da ekuazio honetan, lau milioi inguru hain zuzen. Zer-nolako enpresa sortuko litzateke?
Gaur egun dauden baldintza guztiak kontuan hartzen dituen txostena egin da: zein pabiloi dagoen, nola dagoen, non dagoen, zein hornitzaile sare daukan inguruan, zenbat langile dauden eta zein kualifikazioarekin, zer diru poltsa dagoen proiektua martxan jartzeko... Baldintza horiek ezagutu eta interesa erakusten dutenekin aurrera egiten dugu. Proiektua bera aztertu egiten dugu gero Mondragon Unibertsitateko prestigiozko aholkularien bidez, ahuleziak eta sendotasunak antzemateko. Langileentzat bideragarri direnak aurkeztuko ditugu bakarrik. Gero, horrek zer forma juridiko hartzen duen ez da gure zeregina. Foru Aldundiaren erantzukizuna da 75 enplegu mantenduko dituen proiektua erakartzea. Hortik aurrera, langileek eta inbertitzaileak negoziatu beharko dute.
Eta gerta daiteke langileek proposamenik ez onartzea eta nahiago izatea euren kalte-ordainekin geratzea ere...
Bai, noski; proposamenak ez balitu konbentzituko, hori gertatuko litzateke seguruenera. Baina hori gertatuko balitz, gure zeregina beteta legoke modu berean, betiere langileen gutxieneko duintasuna errespetatuko lukeen proiektua bada. Edozer gauza ez dugu ekarriko.
Zer ekoitzi daiteke Candyn? Etxetresnaren sektorea ezin da ukitu, Italiako multinazionalak hala exijituta. Beraz, hutsetik hasi behar da; autogintzan adibidez? Zertan?
Pabiloi handia eta gardena dugu, produktuak muntatzeko egokia. Muntatzea behar duen zerbait izan daiteke seguruenera, are gehiago langileen soslaia ikusita; agian logistikarekin lotutako zerbait. Garbi dago lehenago hasi behar zela alternatiba batekin, Bergaran denek baitzekiten Candy itxiko zela. Baina inork ez zuen ezer egin; denbora galdu da berrindustrializatzeko. Europan uste baino sarriago egiten dira horrelako alternatibak, produkzioa epeka aldatuz, faseka.
Saio hau ongi aterako balitz, Candyz haratago lekualdatzeen kasuetan alternatiba bat badela erakutsiko zenukete, eta protokolo bat ezartzeko urrats garrantzitsua egingo litzateke, ezta?
Guk sinesten dugu dagoeneko hau alternatiba bat badela, Europan egiten delako. Alegia, aukera erreala da hau, eta Candyren kasua muturrekoa da epeengatik, hori ere argi utzi behar da. Beraz, argi dago protokolo hori ezar daitekeela.
Askok ez dituzte ahaztu oraindik Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Basauriko Edesan ateratako cava botilen irudiak. Arrisku horiek oso presente izango dituzue, ezta?
Kontua da guk ez dugula xanpain botilarik atera, eta ez dugula aterako ere. Itxaropena eta zuhurtzia dira gure mezuak, orain eta lehen; lorpenak baino gehiago zailtasunak nabarmentzen ditugu, eta, hala ere, triunfalismoak alde batera utzita, urratsak egiten ari gara. Horrela jarraitzea da helburua.
Agurne Barriuso. Ahaldun nagusiaren kabineteko burua
«Lokatzetan sartu gara; nola egingo diogu muzin gure erantzukizunari?»
Bergarako Candy Hooverren itxiera behin betikoa zela jakin ondoren, berrindustrializatzeko aukera lantzen hasi da Gipuzkoako Aldundia; 75 lanpostu salbatuko lituzkeen alternatiba eskaintzea da xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu