Has gaitezen banan-banan. Non entzun dut nik Liz Truss izena?
Ez da harritzekoa gogoan ongi ez iltzatu izana, 44 egun baizik ez zituelako egin Erresuma Batuko lehen ministro gisa. 2022ko irailaren 6an sartu zen Downing Streeten, eta urriaren 20an atera.
Eta letxuga zer?
Trussen agintaldia laburra izango zen susmoa zegoen, eta Daily Star egunkari sentsazionalistak erronka bota zuen, zerk iraungo zuen gehiago, Trussen agintaldiak ala letxuga batek? Mahai batean jarritako iceberg motako letxuga baten zuzeneko irudia erakusten hasi zen... eta letxugak irabazi zuen: Trussek dimisioa eman zuenean, jateko moduan zegoen oraindik. Margaret Thatcherren Iron Lady gogoan, Iceberg Lady goitizena jarri zioten Trussi.
To eta no, umore britainiarra. Zer egin zuen hain gutxi irauteko?
Thatcher guruaren eskuliburua hartu, eta zerga jaitsiera orokor bat aurkeztu zuen, ekonomia suspertuko zuelakoan. Baina finantza merkatuek ez zuten txalotu neoliberalismo dosi hori; kontrara, zigortu egin zuten, aurrekontuetan sekulako zuloa eragin behar zuelako. Libera esterlina eta burtsa amildu egin ziren, Erresuma Batuaren zorra izugarri garestitu zen... eta Trussek dimisioa eman zuen. Rishi Sunak haren ordezkoak politika ekonomiko neurritsuagoa abiarazi zuen.
Eta zer zerikusi du horrek laboristekin?
Bi kontu daude. Batetik, asteazkenean Trussen abokatuek eskutitz bat bidali zioten Keir Starmer lehen ministroari, eta eskatu ez dezala berriro esan Trussek ekonomia hondoratu zuela. Adierazpen hori «faltsua» dela aldarrikatu du Trussek, «difamazio bat» dela, eta haren ondorioz galdu zuela Komunen Ganberako aulkia.
Starmerrek atzera egin du?
Bai zera! Haren bozeramaile batek nabarmendu du Trussen porrotaren ustea erabat zabalduta dagoela, eta kazetari askok gogorarazi dute Trussek adierazpen askatasunaren aldeko aldarrikapen sutsuak egin dituela azkenaldian.
Azal finekoa, askatasuna hari kritika egiteko bada.
Horretan bat egiten du orain asko miresten dituen bi gizonekin: Elon Muskekin eta Donald Trumpekin. Haiek ere argi erakusten ari dira burutik pasatzen zaien lehen gauza esateko ohitura dutela, baina kritikaren bat egiten dietenei, egurra.
Aste ederra pasarazi didate bi horiek. Eta zein zen Trussen eta laboristen arteko beste lotura?
Kontua da AEBetatik datorren haizearen ondorioz Erresuma Batuak oso aste txarra izan duela merkatuetan, eta zorraren interesak 2008ko krisiko mailara itzuli direla. Horrek arriskuan jarri du Londresen asmoa, hau da, kontuak onbideratzea eta aldi berean hazkundea sustatzea, eta, beraz, baliteke Rachel Reeves Finantza ministroak neurri gogorrak hartu behar izatea.
Letxugarik jarri diote Reevesi?
Oraingoz, ez.