LABek jakinarazi duenez, atzo 56 urteko garraiolari bat hil zen Irunen (Gipuzkoa), kamioia kargatzen ari zela bihotzekoak jota. J.R.M.M. Lesakakoa (Nafarroa) zen, eta Transportes Etxetrans 2000 enpresarentzat lan egiten zuen.
Sindikatuaren zenbaketaren arabera, aurten 54 pertsona hil dira lan istripuan Euskal Herrian, eta horietatik 11 garraioaren sektorean.
2023ko lan ezbeharren txostenean, LABek nabarmendu zuen hildako beharginen %33k istripu ez-traumatikoetan galdu zutela bizia, eta portzentaje hori are handiagoa izan zela garraioaren sektorean: lautik hiru. «Honek adierazten du garraiolarien lan baldintzek istripu kardiobaskularretan duten eragin zuzena, lanpostuen prekarizazio etengabea tarteko: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak, adinaren eragina...».