Lertxunak nola

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Ibaizabalen dabiltzan lertxunak nola, Ibex-35 indizeak (+%0,47) 12.000 puntuen ur mailatik pittin bat gora egin zuen hegan, ozta-ozta aireratzea lortuz eta tarteka baita ura joz ere. Oso salerosketa gutxiko eguna joan zen: 1.102 milioirena Ibex-35eko akzioetan. Bi erraldoiek 219na milioi mugitu zituzten, hegan egin ezinda Edurnezurik (+%0,1) eta, goraxeagotik, Santanderrek (+%0,82). Haietaz gain, bi euskal enpresa izan ziren 100na milioi baino gehiago mugitu zuten bakarrak: Iberdrola (+%1,04) eta zerga igoerari ihesi dibidendua ordaindu zuen BBVA (+%0,31), hain justu ere. Arabako Gamesa (+%0,48), aldiz, ez zen 8 milioiren salerosketara ere iritsi. Hegaldi sendoena Arcelorrek (+%3,28) egin zuen, Banestorekin (+%2,03) batera. Baina berri gutxiko egun lasaia izan zen, oro har. Ura jo zutenetan izan ziren OHL (-%1,51) eta, hein txikiagoan, Criteria (-%0,15). Akzioen inguruan baino gehiago, dolarraren bilakaeraren inguruan dago egun ikusmina.



Telefonica. Akzioak berrerosi eta deuseztatzean, burtsan salerosten jarraitzen dutenen balioa handitu egiten da. 144 milioi akzio deuseztatzea onartu berri du Telefonicako (+%0,1) Administrazio Kontseiluak. Atzoko prezioan 2.800 milioiren eragiketa da hori.



Alba finantza taldeak (+%1,63) ACSren (+%0,89) %0,63 gehigarri bat erosi du eta, horrenbestez, Florentino Perez buru duen eraikuntza eta zerbitzu enpresaren %23,4ren jabe da. Ia 74 milioi balioa du inbertsio gehigarriak, eta konfiantzaren erakusgarri da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.