Lekualdatze eta kaleratze baldintzak hobetuta, akordioa egin dute CCCn

Enpresaren eskaintza onartu dute formakuntza zentroko langileek. Donostiako zentroa itxiko dute udan.

Donostiako CCCko langileak duela bi aste egindako elkarretaratze batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Donostiako CCCko langileak, duela bi aste egindako elkarretaratze batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko ekainaren 11
11:30
Entzun

Donostiako CCC formakuntza zentroko langileak eta enpresa akordio batera iritsi dira langileen lekualdatze eta kaleratze baldintzak hobetzeko. Madrilera joatea erabakitzen dutenak uztailaren 10etik aurrera joan ahalko dira, eta lan kontratua amaitzea nahiago dutenek «gaur egun legediak halako kasuetarako jasotzen dituenak baino baldintza hobeagoetan» egin ahal izango dute hori. Enpresak berak eman du akordioaren berri, gaur.

Maiatzaren 24an jakinarazi zien langileei Donostiako egoitza itxi eta Espainiako hiriburura lekualdatzeko erabakia. Zuatzuko enpresa parkeko bulegoetan 49 pertsonak egiten dute lan. Madrilera joateko aukera eman zien, baina, kontuan hartuta nagusiki 40 urtetik gorako emakumeek osatzen dutela lantaldea, eta ikusita zer baldintza proposatu dituzten, erabakia «postu lekualdatze gisa mozorrotutako kaleratze kolektibotzat» jo zuten beharginek. Gainera, lekualdaketari uko eginez gero legezko gutxienekoa ordaintzea eskaini zieten. Horiek hala, mobilizazio dinamika bat abiatu zuten, LAB eta CCOO sindikatuekin batera.

CCC urruneko irakaskuntza eskaintzen duen enpresa bat da, Donostian sortua, 1939. urtean. Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen ditu. Duela bi aste jakinarazi zuen CCC enpresak Zuatzuko zentroa ixteko asmoa, komunikatu baten bidez. Hartan jaso zuenez, erabakiaren helburua da «eraginkortasun operatiboa eta antolaketa hobetzea».

Aldaketak sektorean

Ideia hori garatu du gaurko oharrean. Azaldu du azkenengo urteak zailak izan direla sektorearentzat, bereziki Hego Euskal Herrian. Nabarmendu du bertako Lanbide Heziketako ikasketen eskaintza publikoa oso sendoa dela eta eskaintza pribatua %5 baino ez dela; aldiz, Madrilen %45ekoa dela dio, eta neurri batean horregatik hartu duela har joateko erabakia.

Horrekin batera, CCCren hezkuntza eskaintza aldatu egin dela azaldu du, bereziki pandemia garaitik hona. Urrutiko ikasketa gutxiago eta aurrez aurreko gehiago eskaintzen ditu gaur egun eta, horretarako, formakuntza zentroak behar ditu. Horiek Madrilen zabaltzeko erabakiak aipatutako merkatu egoerari erantzuten diola adierazi du enpresak.

Langileek antzeko azalpenak jaso zituzten, baina arazoak aurretik zetozela gogoratu dute. Duela hamabi urte, soldata %30 apaldu zieten, eta proposamena onartu egin behar izan zuten, kaleratzeak eragozteko. Orain ez bezala, orduko hartan ez ziren sindikatu. Gerentea aldatu zuten ondoren, eta kaleratze indibidualak egiten hasi.

Duela hiru urte, Grupo Crescendo deituriko inbertsio funtsak erosi zuen enpresa, eta, Madrilen lan zentro bat irekitzearekin batera, hara eraman zituen oinarrizko sailak (ikasleen arreta, informatika, kontabilitatea, marketina eta arlo komertziala). Lan baldintzetan, baina, ez zen aldaketarik egon; jabe berriak eutsi egin zion soldatak ez igotzeko politikari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.