Lekualdatutako langileei eskubideak handitzea proposatu du Bruselak

Europako Batzordeak bermatu nahi du herrialdera iritsi diren langileek eta tokikoek ordain eskubide berberak izatea lanpostu berdinerako.Multinazionalen zergapetzea zorrozteko akordioa lortu dute

Ia bi milioi langile daude herrialde batetik bestera lekualdatuta. Irudian, Salzgitter AG enpresa (Alemania). PETER STEFFEN / EFE.
Ivan Santamaria.
2016ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Lekualdatutako langileen egoera hobetzeko hainbat aldaketa egin nahi ditu Europako Batzordeak. Hain zuzen ere, kanpotik iritsitako langileen eta tokikoen artean soldata diskriminaziorik ez dagoela ziurtatu nahi du. Halaber, lekualdatutako langile izaera 24 hilabetera mugatuko du. Hortik gorako lekualdatzea bada, joan den herrialdeko eskubide eta babes guztiak eskura izango ditu.

Europako Batasunean ia bi milioi langile daude egoera horretan. Lanpostuen %1 baino gutxiago da, baina gero eta handiagoa da mugaz gaindiko enkarguen bolumena, eta 2010. eta 2014. urteen artean %44 igo da aldi baterako beste herrialde batera joandakoen kopurua. Sektore jakin batzuetan asko gertatzen den egoera dela antzeman du Bruselak: %44 eraikuntzako beharginak dira, eta beste %22 eskulangintza industrian ari dira. Batez beste, lau hilabete ematen dituzte mandatuak atzerrian betetzen.

1996. urteko arau batean finkatuta daude langile horien eskubideak. Arau horren arabera, tokikoek adinako babes maila dute lekualdatutako langileak osasun edo segurtasun kontuetan. Aldiz, soldatari dagokionez, kanpotik iritsi diren langileei soilik oinarrizko ordaina bermatu behar zaiela dio legeak. Formula horrek lehia bidegabea ahalbidetu duela ondorioztatu du orain Bruselak. Hau da, kanpotik ekarritako langileak baliatu dituzte enpresa batzuk ordainetan aurrezteko.

«Gertatzen ari da bi langilek lanpostu bera izatea, baina batek askoz diru gutxiago irabaztea», ohartarazi du Marianne Thyssen Enplegu komisarioak. Azken hogei urteetan desorekak handitu dira. Sektore eta herrialde batzuetan lekualdatutako langileak %50 gutxiago kobratzen ari dira. Arazoa bereziki adierazgarria da soldata maila handiak dituzten herrialdeetan.

Bruselaren proposamenak ezberdintasun horiek ezabatu nahi ditu. Hala, aurrerantzean ez litzaieke soilik oinarrizko soldata bermatu behar kanpotik iritsitakoei, eta eskubidea lukete lanpostu edo enpresa horretan dauden osagarri guztiak jasotzeko. Esaterako, bonusak edo aparteko ordainak, edota antzinatasunari lotutakoak. Herrialde bakoitzak argitu beharko du ordaina osatzen duten elementuak zeintzuk diren, baina EBren mezua argia da: lanpostu berdina, soldata arau berdinak.

Agindutakoa ez zaie enpresaburuei gustatu. Europako patronal handienak, Business Europek, gutuna igorri zion duela hilabete batzuk Jean Claude Juncker EBko komisarioari. Patronalaren ustez, gaur egun dagoen araudia nahikoa da lekualdatutako langileen eskubideak bermatzeko, eta egin nahi den aldaketa «baztertzailea» da atzerriko zerbitzu hornitzaileentzat, gehiago ordaintzera behartuko zaielako. Era berean, herrialdez herrialde soldatak finkatzeko dauden negoziazio kolektiboen sistemak hondatzeko arriskua dagoela iruditzen zaio. Kritikei aurre egin die komisarioak, ordea: «Langile guztiek bidezko tratua daukatela ziurtatu behar dugu».

Joan den astean gutun bateratua igorri zioten patronalak eta Europako sindikatuen konfederazioak Junckerri, proposamena onartzeko eguna atzeratzea eskatuz. Kexu dira, uste baitute gizarte eragileek ez dutela araudi aldaketari buruz iritzia emateko aukerarik izan.

Ordainetik aparte, lekualdatutako langile izaerari muga argia ezarri nahi dio Bruselak. Proposamena gauzatzen bada, gehienez ere bi urte iraungo ditu egoera horrek. Hortik gora joan den herrialdeko lan legeen babes osorako eskubidea lortuko du lekualdatutako langileak, betiere haren mesederako direnean. Esaterako, herrialdeak kaleratze kalte-ordain bat araututa badu, hori kobratuko du. Enkargua bi urtetik gorakoa izango dela aurreikusiz gero, hasiera-hasieratik eskuratuko du langileak babes hori.

Zerga politikan, akordioa

Ecofin Europako Batasuneko Finantza ministroek batzarra zuten atzo. Bilera emankorra izan zen, ados jarri baitziren gobernuak urrats bat gehiago egiteko multinazionalen zergapetzea zorrozteko bidean. Konpainia handiek herrialdez herrialde dituzten jarduera eta emaitzen berri eman beharko dute aurrerantzean. Europako ogasunen artean datu horien trukea automatikoa izatea onartu dute 28 herrialdeek, Erresuma Batuaren kasuan azken hitza parlamentuak izango badu ere.

Multinazionalek milaka milioi euro aurrezten dituzte urtero zerga estrategia konplexuen bidez eta nazioarteko legedian dauden zirrikituak baliatuta. Fakturazioa eta benetako salmentak dituzten tokietatik dirua hartu, eta mugitzen dute ia zergarik ordaindu beharko ez dituzten jurisdikzioetara.

Zerga ihesarena arazo globala bihurtu da. G20 taldeak neurri sorta bat prestatzeko eskatu zion OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeari. Joan den abenduan aurkeztu zituen, eta horiexek aurrera eramateko proposamenak garatzen ari da Europako Batzordea. Horien artean daude herrialdez herrialdeko txostena egin beharra eta informazioaren truke automatikoa.

Diru sarrerak, irabazi edo galerak, ordaindutako zergak, langileak, aktiboak eta bestelako informazioa eman beharko dute 750 milioi eurotik gorako fakturazioa duten enpresek, derrigorrean 2017. urte fiskaletik aurrera. Borondatezkoa izango da aurtengo ekitaldirako.

Oraingoz, informazio hori soilik ogasunentzat izango da. Parte bat publiko egiteko aukera aztertzen ari da Brusela, eta proposamen bat aurkeztu nahi du apirilean. Herrialde batzuk —horien artean Alemania— ez dute begi onez ikusten datuak zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.