Nekazariek aurretik ohartarazi zuten Nafarroa hegoaldean gari eta garagar uzta galduta zegoela lehortearen ondorioz. Kalte horren tamaina neurtu du Nafarroako Gobernuak. Erriberan eta Nafarroa erdialdeko eremu batzuetan, lehorteak 40.000 hektareari kalte egin die guztira. Galera «larria» dela nabarmendu zuen Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko kontseilariak atzo. Gainerako eskualdeei dagokienez, larreen eta laboreen egoera «onargarria» dela uste du. Ureztatzen diren lurretan, goiz da eragina neurtzeko: «Oraindik ere artoa erein eta planifikatzen den garaian gaude. Maiatza hilabete funtsezkoa izango da».
Aurten hirugarren aldiz, lehortearen mahaia bildu zen atzo Landa Garapeneko Departamentuaren Iruñeko egoitzan. Gobernuko ordezkariekin batera, bertan izan ziren sektoreko eragileak, hala nola EHNE eta UAGN laborantza sindikatuak, UCAN kooperatiben elkartea, Alinar kontserba enpresen elkartea eta Aemet meteorologia zentroa. Bilkura horretan, gobernuak oraingo egoeraren eta aztertzen ari diren neurrien berri eman zien eragileei.
Laborariek aurreratu bezala, udazkenean erein eta udan biltzen diren zerealen uztari bete-betean eragin dio lehorteak. Batik bat goi eta behe Erriberan. Nafarroa erdialdeko eremu batzuetan ere handia da galera. «Horiek dira zonarik zigortuenak», azaldu du Gomezek. Gaur-gaurkoz, 40.000 hektarea inguru, baina kanpaina amaitzeko bi hilabete falta direnez, baliteke galera handiagoa izatea, eguraldia aldatu ezean.
Nafarroan, ureztatze sistema darabilten lurrek 119.000 hektareako azalera hartzen dute, eta handik ura hartzen duten laborariak murrizketen beldur dira. Nafarroako ubideko lehen zatiko lurretan (30.000 hektarea) Itoizko urtegiko ura hartzen dute, eta bertako hornidura «erabat bermatua» dago, Gomezen arabera.
Bardeako ubidean, %50
Esako urtegitik ura hartzen duten Bardeako ubideko erabiltzaileen egoera kezkagarriagoa da. Gaur egun, urtegia %55 dago beteta. Iaz garai honetako egoeraren aldean, uraren erabilera erdira murriztu du Ebroko Ur Konfederazioak: egun, hektareako 2.500 metro kubiko ur har daitezke. Are, hustuago dago Ebroren urtegia, Kantabrian (Espainia): %40,5 dago beteta. Hango urak ureztatzen du Erriberaren zati handi bat, Lodosako ubidearen bidez.
Neurriei dagokienez, laguntzen tramitazioa azkartzeko eskatu diote Europako Batzordeari, laborariek lehenago jaso dezaten dirua. Egoerari aurre egiteko laguntza zuzenak ematea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua Madrilekin batera. Espainiako Nekazaritza Ministerioak Europako Batzordeari eskatu dio aktiba ditzala ezohiko krisietarako laguntza bereziak. Adibidez, iaz hori egin zuen Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko, eta Nafarroan sei milioi euro banatu ziren abeltzainen artean, udazkenean. Horrez gain, Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzak jasotzeko baldintza tekniko batzuk malgutzen saiatuko da gobernua.
Azkenik, Gomezek azaldu du ezohiko laguntza guztiek legedi berezi bat beharko dutela: Espainiako Gobernua errege dekretu bat prestatzen ari da natur hondamendi baten pare jartzeko lehorteak hondatutako eremuak. Zona horiek mugatzeko irizpideak ezartzen ari da Aemet. Maiatzaren 16rako dekretuaren zirriborroa prest egotea espero da.
«Gehiago espero genuen. Oraintxe, Nafarroako Gobernuak ez du marjina handirik krisi neurriak hartzeko», aipatu zuen EHNEko Patxiku Irisarrik, bilera amaitutakoan. Neurriei dagokienez, errenta zerga jaisteko eskatu du: «Espainiako Estatuan moduluan daudenei %25eko jaitsiera ezarri diete. Nafarroan ez dugu modulurik, baina eskatu dugu bide hori jorratzeko». Gainera, zerealeko lastoa biomasa gisa erre eta energia iturri gisa erabili ordez animalien bazkarako lehenestea proposatu zuen.
Antzeko eskaera egin zuen UAGNko presidente Felix Bariainek. «Bilera etsigarria izan da. Egoera oso-oso zaila da, eta uste genuen neurri zehatzak egongo zirela. Neurri sendoak hartu behar dira, eta arin». EHNEren modura, zergak jaisteko eta lastoa bazkarako erabiltzeko eskatu zuen. Bariainen ustez, funtsezkoa da laguntzen tramitazioa azkartzea eta malgutzea.
Lehorteak 40.000 hektareari kalte egin die Nafarroan, batik bat Erriberan
Erdialdetik hegoaldera doan eremua da «zigortuena», eta gainerako lurretan egoera «onargarria» da oraingoz. Espainiako Gobernua dekretu bat lantzen ari da kaltetutako eremuen irizpideak ezartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu