Laborantza

Lehortea apur bat hobetu da, baina zerealean galerak handiak dira Nafarroan

Kaltetutako 40.000 hektareetatik 31.228k nekazaritza asegurua dute. Lur horien gaineko azterketaren arabera, Erriberan gari uztaren %90 galdu da, eta garagar uztaren %75. Orbaibarren, uztaren %70 galdu da, eta Lizarrerrian, %55etik gora.

Lehortearen mahaia gaur bildu da Nafarroako Gobernuko Landa Garapen Departamenduaren egoitzan, aurten laugarren aldiz.. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2023ko ekainaren 13a
12:08
Entzun

Maiatzaren 2an bildu zen azkenekoz Lehortearen Mahaia Nafarroan, eta, orduz geroztik, han-hemenka izan diren ekaitzek eta euriteek apur bat leundu dute lehortearen lorratza. Idorreko laboreetan, batik bat gari eta garagar uztan, kaltea eginda zegoen, eta galera handia da. Aldiz, egoera zertxobait arindu da ureztatzen diren laboreetako eremuetan, batez ere ondorengo asteetan ura beharko duten barazkiei begira. Aldi berean, apiril idorraren ostean, oso ezkor ziren abeltzainak, baina, euriteei esker, Nafarroa iparraldeko larretan eta mendialdean belarra dago. «Bazkaren erabilgarritasuna hobetu da, eta kanpaina ona izango dugu», azaldu du Itziar Gomez Landa Garapeneko kontseilariak.

Aurten, laugarren aldiz bildu dira Lehortearen Mahaiaren bueltan Landa Garapeneko Departamentuko ordezkariak sektoreko eragileekin —besteak beste, EHNE eta UAGN nekazaritza sindikatuak, UCAN kooperatiben elkartea edo Alinar kontserba industriaren elkartea—. Bileraren aurretik, Gomezek kazetariei oroitarazi die lehortea «egoera dinamikoa» dela. EHNEko Fermin Gorraizen arabera, kontraste handiko argazkia da oraingoa: «Uztarik izan ez duten edo uzta gutxi izan duten tokietan, tristea da, baina beste batzuk maiatz hasieran baino hobeto daude».

Argazki konplexua da, eremu askotan kaltea eginda baitago dagoeneko. Adibidez, gariaren eta garagarraren uztan, Nafarroako laborantzako kanpaina garrantzitsuenetako batzuetan. Maiatzean aurreratu zuten 40.000 hektareari eragin diola lehorteak, eta orain jakinarazi dute lur horietatik 9.000 inguruk ez daukatela asegururik izenpetuta, eta, ondorioz, uztan izandako galeraren %100 nozituko dutela.

Ikusi gehiago:Lehorteak 40.000 hektareari egin die kalte Nafarroan

Asegurua duten gainerako 31.228 hektareetako produkzioa aztertu du Agroseguros aseguru etxeen elkarteak. Duela bi hilabete nekazaritza elkarteek aurreratu bezala, kaltea oso handia da Erriberan: hektareako 230 kilo gari jaso dira, eta 750 kilo zereal; hots, gari uztaren %90 galdu da, eta garagar uztaren %75.

Bardeatik iparraldera, errendimendu handiagoko lurretan ere, galera ere ez da txikia, inondik ere. Orbaibarren, aztertutako lurren erdiak aintzat hartuz gero, hektareako 1.500 kilo jaso dira, eta ondorioztatu dute uztaren %70 galdu dela. Lizarrerrian, berriz, 1.442 kilo zereal jaso dira hektareako, eta 2.050 kilo gari —garagarraren %70ek eta gariaren %55ek ez du balio—. Oraindik orain behin-behineko datuak direnez, ekain amaierarako espero da argazki osoa izatea.

Ebro ibaiaren ardatza hornitzen duten urtegien mailak apur bat hobera egin du, eta, ondorioz, ureztatze lurren egoera arindu egin da. Alta, artoarentzat berandu iritsi da, hura ereiteko garaian ur horniduran murrizketak izan baitira, eta oraindik ez da neurtu zenbat laborarik jo duten aurrera eta zenbatek ez duten erein.

Gomezen arabera, udako kanpainen bilakaerak bereganatzen du euren arreta, hala udan bildu ohi diren barazkienak —tomatea, kalabazina edo leka— nola udan ereiten direnenak —brokolia, azalorea eta orburua— . Fermin Gorraiz EHNEko presidentearen arabera, adibidez, Esako urtegiko ura dakarren Bardeako ubidean ur kuota handitu zaie Zangozaldeko eta Erribera ekialdeko erabiltzaileei, hektareako 3.500 metro kubikotik 4.800era. «Artoarentzat berandu da, baina gainerako barazkientzat ongi etorriko da».

Mendialdean, egoerak nabarmen egin du hobera. «Udaberrian izututa geunden abeltzainak. Apirila hilabete berotsua izan zen, eta larreek asko sufritu dute, baina maiatzean euria egin du, eta ekainean ere bai. Belarra dago mendian eta larreetan», deskribatu du Gorraizek.

Alta, animaliei jaten emateko lastoari dagokionez, egoera zaila da. Eskari handia dago, eta prezioak nabarmen garestitu dira. «Merkatu askearekin du zerikusia, eta administrazioek esku hartzeko aukera gutxi dugu», azaldu du Itziar Gomezek. Besteak beste, biomasarekin lan egiten duten enpresa batekin jarri dira harremanetan, eta hitzartu dute lasto gutxiago erabiltzea, hura animaliei jaten emateko baliatu dadin.

Euriak arindua ekarri badu ere, zenbait tokitan izandako txingorradek ifrentzua utzi dute. Departamentuak aurreratutako datuen arabera, 2.540 hektareari egin die kalte kazkabarrak, baina oraindik orain behin betiko datuen zain daude.

Neurriak Iruñean eta Madrilen
Nekazaritza Politika Bateratuko landa garapeneko funtsen jarraipenerako eta kontrolerako neurriak malgutu ditu Nafarroako Gobernuak, lehorteak eragindako ezohiko egoerari erantzuteko: besteak beste, artzaintzan izan beharreko garaia murriztu, erein gabeko gehienezko lurrak %50era igo, eta ustiakuntzek bete beharreko koadernoa atzeratu.

Alta, neurri nagusia Madrildik iritsiko da. Espainiako Gobernuak abeltzainentzako 355 milioi euroko laguntza zuzenak iragarri ditu, eta laborarientzat beste 277 milioi helduko dira, Ukrainako gerraren ondorioz izandako kostuen igoerari eta lehortearen kalteari aurre egiteko. Udako kanpaina amaitu eta ondorio ekonomikoak osorik neurtuta banatuko da dirua. Abeltzainen laguntzei dagokienez, Nafarroara sei milioi ailega daitezke.

Gorraizek eskatu dio Nafarroako Gobernuari laguntza horiek ez daitezela motz geratu. UAGNko Fermin Bariainek, berriz, eskatu du Nafarroako Gobernuaren laguntzak azkartu daitezela. «Erriberako abeltzainak gaizki pasatzen ari dira. Hainbeste atzeratzen dira neurriak, ezen azkenean euria egiten baitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.