Energia

Lehiaren Batzordea erregai konpainia handien deskontuak ikertzen ari da

Martxoaz geroztik indarrean dituzten beherapen kanpainak adostu egin zituztela salatu dute hornitzaile txikiek. Cepsak eta Repsolek onartu dute ikertuak izan direla.

Repsolek Bilbon duen gasolindegi etakobat. Ikertua izan dela onartu du konpainiak. L.T. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko abenduaren 14a
16:31
Entzun

Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak lupa jarri du Hego Euskal Herrian diharduten erregai konpainia handien gainean. Martxoaz geroztik indarrean dituzten beherapen eta deskontu kanpainak adostu zituzten ala ez ikertzen ari da. Gehienak bezeroak atxikitzeko programen barnean daude, eta erregai konpainia txikiek salatu zuten jardun hori lehiaren aurkakoa zela. Batzordeak ez du aipatu zeintzuk diren konpainia handi horiek, baina Cepsak eta Repsolek onartu dute ikertuak izan direla. Gogoratzekoa da Repsol dela Petronorren akziodun nagusia. Europa Press agentziaren arabera, BP ere ikertu dute.

Azaroaren 28ko astean egin zuen ikerketa Lehiaren Batzordeak. Salaketa ugarien ondorioz, energia sektoreko hainbat konpainiaren jarduna ikertu zuen. Alde horretatik, Europa Pressek argitu du argindar konpainia handiak ez direla ikertuak izan. Batzordeak ohar bidez azaldu du oraingoz informazio bilketa baino ez dela, eta oraindik ezin dela ondorioztatu enpresa horiek lehiaren aurkako ekintzak egin dituztenik. Dena den, halako jardunak frogatuz gero isunak jartzeko ahalmena du.

Ikerketaren oinarrian, erregai konpainia handiek udaberrian indarrean jarritako beherapen kanpainak daude. Espainiako Gobernuak martxoaren 1ean jarri zuen indarrean erregai litroko hogei zentimoko deskontua; ordurako, baina, konpainia batzuek beste deskontu batzuk aplikatu zituzten. Hortik aurrera, deskontu gehienak bezeroen fidelizazio programen menpe gelditu dira. Erregai konpainia txikiek jardun hori salatu zuten, handiek horrela jardutea adostu izanaren susmoa zutelako. Txikien arabera, jardun horrek lehiakide txikiak deuseztatzea du helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.